Noraeza induzitua

Noraeza induzitua –

Zelan adierazi. Kaos apropos eragina? Noraeza induzitua?

Noraeza induzitua
Caos. Aimee Joaristi

Begien bistan dago gaixo garela. Munduari, batez ere gure “mundu zibilizatuari”,  kukuak makur jo zion duela urtebete, eta zingira honetatik burua altxatu ezinik gabiltza. Begi-bistakoa da, diot berriro, gaixotasun baten aurrean gaudela.

Orain ez naiz ni hasiko zergatia bilatzen: bakteria, birusa, kontubirusa edo biosferaren toxikazio orokorra ote den. Beste gauza bat dago are kezkagarriagoa: egoera hau, egungo nahaste eta anabasa hau, zenbait instantzia boteretsutik induzitua ote den, populazioa manipulatu eta helburu ezin konfesagarri batzuk lortzeko helburuarekin.

Ez da katuari bost hanka bilatu nahia, baizik eta itxura guztien arabera hala ematen duelako. Kontuz. Ez nago esaten egoera hau eurek sortu dutela apropos, ez dakit-eta hala izan den edo ez. Erran nahi dudana da, egoera honetan, “inteligentsia” deritzan Kapitalismoaren elite boteretsua ari dela eskua sartzen: ur arrean arrantzalea jaun eta jabe.

Lehenik, beldurra (panikoa) izan da. Hau bai apropos eta berariaz eragina hedabide salduenen bidez. Kapitalismoaren fase basatia gidatzen duen inteligentsia horixe da panikoa ereiten diharduena. Zein helbururekin? Hortxe gakoa.

Kaleko jendea, nahastuta bai, baina ez da hain tontoa eta laster hasiko da konturatzen. Lehenik, zerbait saldu nahi digutela. Osasuna baino, plutokraziari aberastasun gehiago dakarkion zerbait. Txertoak?

Adi. Osasunaren gainetik ez eze, beste edozeren gainetik irabazi-asmoa helburutzat duten enpresa pribatuen esku gaude. Ez esku onetan, benetan. Beste gauza bat da Kuba, esate baterako: eredugarria, txertoaren kasuan ere.

Baina hori bakarrik al da, Farmakotegia  gizentzea, inteligentsiaren helburua? Agerian dago ezetz. Beldur-kraziak  beste xede bat ere badu, are sakonago eta beldurgarriagoa. Hara. Kapitalismoaren etapa berria aipatu da gorago, jada martxan dagoena. Izan ere, haren eredu neoliberala pot eginda eta ahituta dago. Planetako lehengaiak murriztuz doaz, populazio-tasa oro har gorantz planeta mailan. Beraz, jendea geroz eta soberago. Gainera, robotizazioak are soberago bihurtzen du populua. Hortik langabezia, prekarietatea… Panorama honen aurrean, Kapitalismoak beste eredu bat behar du, eta haren bila dabil. Zelan deitu? Kapitalismo basatia?

Kontua da ezen aipatu “eredu berri” horrek, neurri drastikoak hartu aurretik (populazoa mehaztea, kasu) bi gauza zaindu behar dituela: batetik, jendartearen egonezinak eztanda ez egitea esku artean; eta, horri eutsi ahal izateko, jendartea bezatu beharra. Domestikatu beharra, bai.

Hortik, lehenik, panikoa eragitearen arrazoia eta “pandemia” puztearena, jendea maskaratzea, perimetralki isolatzea, elkarrengandik bereiztea sarnatsuak baikinan…, neurri guztiok ere gu denongan aztarna pozoitsua utziko dutenak, batez ere belaunaldi gazteagoan.

Horren ostean, eta dena ongi badoakio (itxura denez), jendea esklabotzea etorriko da, eta soberan dagoen jendea enpresetatik kaleratzea, egunero ikustera ohituko garenez. Baina hori baino gehiago dago Kapitalismo Basatiaren agendan: enpresa txiki eta ertainak berregituratzea (reset miragarria), oligarka nagusiak egin daitezen guztiaren kargu. Hemen, adibidez, Petronor-BBV-Euskaltel eta konpainia, “trantsizio ekologikoa” dela-eta: hidrogenoa, haizegailu erraldoiak mendi gailurretan…, berba batez “Kapitalismo Berdea” deritzana azal lodienaz.

Horren guztiaren aurrean, baina, zer egin?

Lehenik, gure gidari politikoek, itsuak ez balira, lehenbailehen egin beharko luketena. Zezenari adarretatik heldu eta pandemia edo plandemia delakoari aurre egitea. Ez predikuekin ezta LABI-en porasuz, baizik eta toxikazio orokorra galgatzeari ekinez: ganadu-granja pozoitsuak, laborantza intentsibo kaltegarria… badago zeri aurre egin, gero!

Oro har, ekonomiaren hiper-hazkundeari galga jarri barik, ez dago ezer onik. Planetaren biodibertsitatea, klima-aldaketa eta hori guztia pentsaezina baita nolabaiteko des-azelerazio barik. Bestela, orain arteko guztia zaku zulatuan jausiko da eta ez dugu ikasiko pandemia delakoaren lehen lezioa. Hurrengo egiazko olatua etorri arte? Ahotik bitsa dariola hasi arte?

Azkenez, datorkigun etapa barrirako has gaitezen gauzak behar den moduan izendatzen: hazkunde oligarkikoaren nekropolitikari ez! Hau da, herri indigenak (euren artean geuretik gelditzen dena) hazkunde oligarkikoaren aldarean sakrifikatzeari ez! Katastrofetik ihesi larrian datozen migratzaileak, teilatupe gabekoak, teilatupe eskaseko adinduak… sakrifikatzeari ez! Beraz, Kapitalismo plutokratiko eta oligarkikoak diseinaturiko eszenatoki berri honi, ez! Geure bizia, biosferaren bizia oro daukagu jokoan. Haiek ala gu, ez dago besterik.

Apustu honetan kritikoa ez den orok (berdin dit ezker edo eskuin deitu) ez dauka alternatibarik. Hain ezinbestekoa den desazkunde ekonomikoa aldezten ez duen ezkerra, ez da egiazko ezkerra. Deitu nahi bezala: des-hazkunde, hazkunde ekologikoa… baina ez utzi engainatzen “kapitalismo berdeaz” eta horrelakoekin. Gaur egun kontsumismoa aldezten duen “ezkerra”, lehenera itzultzea amesten duena, ez da egiazko ezkerra; ez dauka zio edo aburu propiorik aurrera begira, ez Europan ez hemen.

Mark Twain jaunak dioen bezala, “errazago da jendea engainatzea, engainatu dutela aitortzea baino”. Hain gauza errazagorik egungo populu manipulatua engainatzea baino! Horretarako eraiki dute, hedabide salduenez bidez, “ez-jakintasunaren industria” delakoa; hots, gure adimenaren kolonizazio erabatekoa. Gaitezen kritikoak edo gureak egin du.

Noraeza induzitua
Noraeza induzitua

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako

2 pentsamendu “Noraeza induzitua”-ri buruz

  • Bai, anabasa handia: familiaren suntsiketa, generoaren suntsiketa, pertsonaren identitatearen suntsiketa… eta diktadura. Guzti horren aurka posizionatzen denak galduko du lanbidea eta duen oro. Honi buruz hitzik ere ez, Josu. Badakizu bai zerorrek ere.

  • Hala duk CHE konpa.

    Esklaboek nahikoa dute beren kateez zertxobait libratzeaz. Ez daukate hitz egin ahal izateko ahalbiderik.

    Baina norbaitek salatu beharko du hau guztia, ez?
    Demagun ezker abertzale antolatuak, adibidez, sozialdemokraziaren espejismotik pixkat atera eta informazioa kontrastatzeko ahalegintxoa egiten hasten dela, segidismoa (txerto-kudeaketa, salbuspen-premia…) alboratzen eta ingurua astintzen apurtxo bat….

    Bestela zeinek salatu dezake? Erretiratuen tropa inklitoak?
    Zuzeuk, TXE?