Noizko telebista pedagogiko bat?

Ez naiz telebista zalea, are gutxiago, bakan baizik ez naiz jartzen haren aitzinean. Baina onartu behar dut noizbehinka gustatzen zaidala lasai ederrean gelditzea zeozer interesgarria begiratzeko. Baina EiTBn edo Espainiako Estatuko telebistetan ez dut horrelakorik aurkitzen edo ezagutzen, bai ordea, Frantziako Estatuko telebistetan. Dokumentalak gustatzen zaizkit, irudi ederrak eta zeozer erakasten dizutenak.

 

Madagaskar (Luc Legay)

Frantziako telebistan aunitz gustatzen zaizkit Thalassa eta Faut pas rêver adibidez. Lehena itsasoari buruz da, haren inguruan mugitzen den gai guztiei buruz, turismoa, ekonomia, zaletasuna etab… Kataluniako TV3en ere badaukate saio hori. Besteak, Faut pas rêver delako horrek, herrialde batzuk bisitatzen ditu. Aurrekoan Madagaskarren izan zen. Erranen didazue guk gurean Chiloe daukagula, baina ez dauka zerikusirik. Askoz ere landua eta zabalagoa da. Chiloe turistaren ikuspegitik egina badago, Faut pas rêver delakoak askoz eta arlo gehiago jorratzen ditu. Madagaskarreko horretan adibidez, tren zahar batek eskualde batean daukan eragin ekonomikoari buruz aritu ziren, baita europar batek sortu zuen kooperatiba bati buruz eta bertan Baobabak daukan garrantziari buruz ere. Egia erran aspaldi ez nintzen hain gustura egon telebistaren aitzinean.

Bestalde, Ipar Euskal Herrian, Frantzia eta Alemaniaren artean daukaten Arte katea ikusi daiteke, eta honetan ia-ia programa guztiak dokumentalak dira. Joan den aldean dokumental bat begiratu nuen Ameriken deskubritzeari buruz, zernolako ondorioak ekarri zituen, baina ez betiko moduan, alegia, Europarrentzat aberastasunak eta bertakoentzat egurra. Ez. Dokumentalak hori gertatu baino lehenagoko egoera kontatzen zuen: Europearrak nola bizi ziren, zertarako zeukaten Indiarako bide berri bat aurkitzearen beharra, Amerikarrak nola bizi ziren, zenbat tribu zeuden eta non kokatuak, eta zer bizimodua zeukaten. Eta gero berriz, Atlantikoa zeharkatze horrek zernolako aldaketak ekarri zituen ohituretan eta bizimoduan, besteak beste. Hemen aunitz simplifikatzen dut, baina ordu batez gauza asko ikasi nituen. Gauza batzuk banekizkin, baina beste aunitz ez.

Dena dela gogoeta hori alferrikakoa izan daiteke, laster SmartTB delakoekin edonundik edozein kate begiratzen ahalko dugulako. Baina beldur naiz gehiegizko aukera horretan ez ote garen galduko, eta alferrak izanda, ez ote dugun betikora joko. Hala ere ongi izango zen gure txikitasunetik, Euskal Herriaren txikitasunetik, horrelako dokumentalak lantzea, nahiz eta badakidan aurrekontuen aldetik ez den gauza bera. Niri gustatuko litzaidake behintzat. Oker ez banago, egun hauetan Hasier Etxeberriaren Euskararen Jatorria aurkeztu behar dute. Ea zer ematen duen…

Frantsesez ulertzen dutenentzat, hemen dago Madagazkarri buruzko Faut pas rêver.

dokumentalak, harriague, telebista, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

4 pentsamendu “Noizko telebista pedagogiko bat?”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria
    Hasier Etxeberria 2011-11-29 10:07

    Xan, La Cinq aipatzea ahantzi zaik, ARTErekin batera, hortxe ikusten dizkiat dokumentalik gehienak, ia besterik ez ditek ematen eta. Zorionez.
    (Bidebatez, esker mila aipamenagatik)

    • Xan Harriague

      Agian bai Hasier. Egia erran kate hori ez dut ezagutzen, ni Lapurditik joan eta gero jarri zutelako. Baina begiratuko dut bai.

  • Hasier Etxeberria
    Hasier Etxeberria 2011-11-29 10:25

    Bestalde, ETB3n, bi urtetan zehar HARATAGO saioa izan dugu, munduko dokumental ederrak eskainiz: MONSANTO, ARKITEKTURA, DISEINUA, HIRIAK, OHITURAK, KURIOSITATEAK… Baina ez zuen batere arrakastarik ukan. Egia da ordua ere ez zuela egokiena, gaueko tenoreetan baitzen, baina ez zuen uraren azalik harrotu ere egin. Domaia da.
    Batzuetan iruditzen zaigu aski dela organua sortzea funtzioa eman dadin, baina hori ez da horrela izaten.
    Frantziak, Britainia Handiak, herrialde nordikoek… ohitura handia dute telebistan gauza “serioak” eta pertsona “hazten” dutenak ikustekoa. Espainia aldean eta Hegoameriketan, ostera, oso telebista horia eta kaltegarria egiten da, nire iritzian. Salbuespenak beti daude, jakina, baina zaborraren proportzioa ikaragarria da eta ematen du horixe baizik ez dela telebistaren funtsa, ezin dela egin ganorazko telebistarik.
    Horixe kontua: jendeak ez du ganorazko telebistarik ikusten, ez daukalako ganorazko telebista ikusteko ohiturarik, ala ez dago ganorazko telebistarik, jendeak ez duelako halakorik ikusten?
    Eztabaida zahar eta berria, betierekoa plazaratu duzu.

    • Xan Harriague

      Haratago ez dut ezagutu ez, eta badakit TB programazioa publikoaren araberakoa dela, baina niri pena ematen dit TB begiratu nahi dudan aldi bakan horietan funtsezko ezer ez izatea. Ez duzu uste gaiez gain, gai horiek tratatzeko erak ere zerikusia daukala? alegia orain arte ez dugula asmatu gai serio horiek erakargarriak egiten?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude