Noiz izan zen?

Noiz izan zen? –

ETAren inguruko errelatogintza zorionekoan entzuten diren hainbeste gauzen artean, norbaiti irakurria diot nonbaiten, zera, noiz utzi zion ETAk askatasun mugimendua izateari  talde terrorista bilakatzeko? Mota honetako galderak, balizko gertakizuna aspaldi samarrean agitu zelarik plazaratu ohi dira, zenbat eta geroago, orduan eta nabarmenago ikusi ohi direlako. Alta, gauzak zuzentzearen ikuspuntutik, zenbat eta lehenago ikusi, orduan eta aukera gehiago auzia konponbideratzeko.Seguru asko honezkero berandu samar den arren, geure buruari galdetzen hasi beharko dugu noiz utzi zion Espainiak demokrazia izateari.

Demokraziak hiru habe dituela esan ohi da: Sufragio unibertsala, botereen bereizketa eta aukera berdintasuna. Hauetako bakoitza dagoen heinean, demokrazia dago. Hauetako bakoitzak duen osasunaren araberako da demokrazia beraren osasuna.

Francoren heriotza eta Tejeroren estatu kolpearen arteko urteak izan ziren, nire ustez Espainian ezagutu ditudan demokratikoenak. Urte haietan, militarren mehatxua handia izan arren, gizarteak eskatzen zuen zerbait legeak galarazten zuenean, legea aldatzen zen, orain ez bezala. Espainiako eskuin frankista, erabat bazterreko zen  APn zegoen bilduta (botoen %8,3 besterik ez  1977ko hauteskundeetan), frankismo usaina kendu nahi zuen “gehiengo isilak” Suarezen “zentroa” hautatzen zuen, ezkerrekoa zen PSOEk modernizazio ideologikoa bultzatzen zuen  PCEren laguntzaz. Telebista bakarra zegoen, baina irratiak, egunkariak eta astekariak ugariak eta nabarrak ziren. Kolore guztietako iritziak aurki zitezkeen, zein bezain zein ozen.

Garai hartan bozkatu zen Espainiako Konstituzioa, APko diputatuen erdiek aurkako botoa eman ziotena. Garai hartan bozkatu zen EAEko autonomia estatutua, APko diputatu guztiek aurka bozkatu zutena. Gero Tejeroren kolpea etorri zen, oraindik hainbestek “zapuztua” esaten diotena, ez dakit ondo zergatik.

Denbora laburrean, bazterreko AP hari gustatzen ez zitzaizkion Konstituzioa eta Autonomia estatutuetako edukiak urardotzen hasi ziren, LOAPAren onarpenaz. PSOE agintera heldu zen 1982n eta bertan mantendu zen 14 urtez, sozialismotik ustelkeriarako igarobidearen kiratsa nabarmenegia bilakatu zen arte. 1996an, frankisten AP hura, Suarezen aspaldiko  “zentro” lehertaraziaren puskak bildurik, PP bihurtuta, boterera heldu zen Aznarren eskutik. Sozialistak, urteetako zirin-kiratsa kentzearekin nahiko lan eta missing egon ziren aldi luze batean, 1996tik 2004ra. Aznarrek zortzi urtez ekin zion Tejeroren ondorengo LOAPAren lanak osatzeari,  gutxiengo frankistaren AP hark inoiz onartu ez zituenak desitxuratzeari eta demokraziaren hiru habeetako bi  sitsaz kutsatzeari.

Aznarren eskutik lotsagabetu zen muturreraino, botere judiziala, exekutiboaren morroi ipintzea eta komunikabideen aniztasuna ezabatzea. Kitto botereen bereizketa eta kitto aukera berdintasuna. Konstituzio Auzitegiko presidentea, Suarezek, frankistegi izateagatik gobernadore zibil kargutik kendutako bat izan zen urte luzez, baina hiritarrek nekez izango zuten horren berri, horrelakoak kontatuko zituen prentsarik geratzen ez zelako jada. Aznarren eskutik etorri ziren uhinen banaketa eta irrati-telebisten esleipena ere, gaur egungo “pentsamendu bakar” egoeraraino ekarri gaituena eta faxismo indarberrituaren oinarrian dagoena.

Espainian ez dago jada, hiritar guztiak bere baitan hartzeko moduko konstituziorik, francokume jibaroen murrizte lanen ondoren, ez eta exekutiboak nahi duena lortzeko, ezinezkoa den lege-bihurritzerik. Espainian ez dago jada aukera berdintasunik, komunikabide guztiak pentsamendu bakarraren mesedeko toxikaziogintzan dabiltzanetik. Eta berriki sufragio unibertsala den hirugarren habeari ere, lehen astindua eman diote, Kataluniako erreferenduma oztopatzeko saioekin. Gehiago itxoin gabe, esan dezakegu jada Espainian ez dagoela demokraziarik, galera noiz gertatu zen zehatz-mehatz esatea zaila bada ere. Aste labur barru, Belgika aldeko epaileek guk bezain garbi ikusiko al dute!

Noiz izan zen?
21.01.11 Mariano Rajoy, presidente del Partido Popular, Manuel Fraga y Jose Maria Aznar Convencion Nacional del PP Sevilla. FOTO: JOSE LUIS ROCA

2 pentsamendu “Noiz izan zen?”-ri buruz

  • Eskuzabalegia izan zarela iruditzen zait. Zuk aipatzen duzun epean, gehiegi sakondu gabe gertakari hauek datozkit burura: Gasteizko hilketak 1976.ean, 78ko sanferminak, Montejurra, Batallon Vasco Españolen ekintzak…
    Guztietan estatuko aparatuek (eta ez inkontrolatuek) zerikusi garbia izan zuten.
    Eskuzabalegia izan zara, Espainia ez da sekulan demokrazia bat izan eta ez dut inolako itxaropenik.

  • Aipatzen dituzunak bezalakoak demokratiko esaten zaien estadu gehienetan aurkituko dituzu zailtasunik gabe. Besterik ez aipatzearren,
    https://en.wikipedia.org/wiki/Paris_massacre_of_1961 eta
    https://en.wikipedia.org/wiki/Bloody_Sunday_(1972)
    biak ala biak, aipatzen dituzunak baino larriagoak kopuruei begiratuz gero. Inoiz ez dut esan 1977-1981 artean errepresiorik edo gerra zikinik egon ez zenik. Aukera berdintasunaz (komunikabideetan batik bat) eta botere judizialaren independentziaz ari nintzen, adierazi nahian urte horietan bi arlo horietan gaur egungoa baino panorama hobea zegoela, besterik ez. Horregatik hasi ziren garai hartan Europan Espainia demokraziatzat hartzen, eta hori da azken finean auzi honen funtsa, Europak iriztea Espainia ez dela jadanik demokrazia. Duela 40 urte polizia astakeriak eta gerra zikina izan zirela azpimarratzea ez dut uste biderik eraginkorrena denik Europa komentzitzeko Espainian jada ez dagoela demokraziarik, bistan delako horiek guztiak jakinda ere demoraziatzat hartua dutela. Azken urteotan zerbait aldatu dela azpimarratzea hobe ezta?