Nire etxea

Gure etxetik joan zinenetik behin baino gehiagotan esnatu naiz gauaren erdian, gela ilun, hits eta arrotz batean preso. Halakoetan norbaiten arnasotsa entzuten dut belarritik gertu eta beldur naiz. Oraindik ez dakidan arren, norbait hori zu zara, irribarre maltzurra ezpainetan, ilunpea konplize duzula. Eta zokoratu egiten naiz gelaren izkina batean, ilun eta hotzenean, kordea galduaraziko didaten kolpeen edo odolustuko nauten labankaden zain, mugitu ezinik, izerditsu, baldar. Nigana hurbiltzen zara, geroz eta gertuago, poliki, parean izan arte, zure hatsa aurpegian sentiarazteraino, patxadatsu, jostari. Nik bihotza eztarritik ahora saltoka nabari dezaket, geroz eta gorago, arinago, frenetikoago, lehertzear. Badator kontaktua.

Orduan, bat-batean eskuaz aurpegia laztandu eta muin ematen didazu ezpainetan, eta gure mingainek bat egiten dute, eta dagoeneko ahoan dudan bihotza zurrupatzen didazu, eta orain bai, eztanda egiten du. Gelaren iluntasuna gorriz tindatzen da, gure aurpegi eta gorputzak bezala.

Begiak zabaltzen ditudanean ohean nago, berriro amestu zaitut, izuturik naiz. Ez gertatu dena gertu delako, baizik eta sekula gertatuko ez dela dakidalako; jadanik ez zaudelako.

Gure etxea utzi zenuenetik, utzi ninduzunetik; ordutik, etxe hau ez da nire etxea.

IRUDHITZEN