Nire bizitzako egunik txarrena…

Nire bizitzako egunik txarrena…

Duela urte bat gertatu zen, duela urte bete eta egun bi gehiago zehazteko. Nire bizitzako berririk txarrena izan zen, egunik ilunena. Egun horren ostean etorri ziren erantzun gabeko egun guztiak ere antzekoak izan ziren…

Sentsazio arraro bat izan nuen egun hartan. Goizean goiz ohetik altxatu nintzenetik tripan halako ongi-eza nabari nuen. Nahiz eta ni konturatu ez adi nengoen etorriko zenari, egunari so, zer zen ez nekien zerbaiten esperoan.

Egun tristea zen, bai nigan eta baita eguraldiari dagokionean ere. Dena zen berri txarra egun hartan, dena zioan gaizki. Baina gaizki guzti horien tontorreko gozoki mikatza falta zen oraindik.

Lagun birekin nengoen arratsalde ilun eta hotz hartan (eskerrak norbaiti!). Mugikorra jotzen hasi zitzaidan eta baita hartu orduko eskegi ere. Ez dakit zergatik baina izugarrizko hotzikara batek hartu zuen nire gorputza, urduritasunez mugikorra ere ez aurkitzera arte.

Amaren dei galdua ikusi ostean han non aurkitu nuen bihotza ere geldiaraziko zidan mezu hura. Nire aitaren zenbakia zelakoan bidali zidaten. Nire neba UCItik irten berria zela eta nire  ama harekin zegoela zekarren, lasai egoteko…

Momentu hartan bertan, sekula sentitu ez dudan sentsazioz bete nintzen. Ez nuen ezer sentitzen, ez nuen inguruko ezer entzuten, ezta aurrean nuena ikusi ere egiten..Dardara baino ez, sentimendu eza eta dardara. Goitik beherako eta behetik gorako hotzikarak.

Azaroaren 24ko goizean jazo zen dena, eta arratsaldeko zazpietan iritsi nigana…Nire neba etxetik irten eta zebrabidea gurutzatzen zegoela agure batek autoa gelditu beharrean azeleratu eta aurretik eraman zuen jendea leihoetara irteteko besteko zarata eraginez.

Orain arte ez dut horren inguruan idatzi, ez naiz askorik mintzatu horretaz, negarrik ere ez nuen egin orain arte. Baina urte bete pasatu eta egun hartan sentitu ez nuen guztia sentitu dut bat-batean, orain arte asimilatu ez nuen seinale edo.

Gai “tabu” bat izango balitz bezala neukan, niretzako gordeta. Baina azaleratu beharra neukan, idatzi eta behingoz kanpora botatzeko beharra.

Nire bizitzako egunik txarrena izan zen, zalantzarik gabe…

Nire bizitzako egunik txarrena...

Nire bizitzako egunik txarrena…

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara

2 pentsamendu “Nire bizitzako egunik txarrena…”-ri buruz