Nire artikulua unibertsitateko sarbide-proban

Nire artikulua unibertsitateko sarbide-proban –

Gaztaro osoa pasa dut haiekin trebatzen. Eta ez dakit zenbateraino entrenamendu eraginkorra izan diren, baina, behintzat, aski ongi ezagun ditut. Hain zuzen horrekin du zerikusia gaur hartutako ezustekoak, nonbait, orain haiek ere ni ezagun nautelako. Eta ez dakit ea gaurko egunak iritsi behar zuen ala ez, baina gaurkoa irits zitekeen arrasto lausoak ere ez dizkit ustekabea eta harridura arintzen. 

Nire artikulua unibertsitateko sarbide-proban

Zuzenean argituko dut esandakoa: nire izena interneten bilatzen nenbilela, nik, hemen, Zuzeun, aspalditxo idatzitako artikulu bat aurkitu dut 25 urtetik gorako ikasleentzako unibertsitatera sartzeko hautaproba-azterketa batean. Bertan, zer eta nik idatzitako testu bat, haren inguruko galdera sorta mardul batekin batera ageri da. Hasieran nioena: bizitza osoa ikastolan testuen ulermen-galderei erantzunez pasata, orain norbaitek azterketa-orria alderantziz jarri eta nik sortutako testu bat eskaini die hamaika ikasleri haren inguruko galderak erantzun ditzaten.

Lehen burutazioa, bidekoa: nola iritsiko zen nire artikulu hori hautaprobetara? Esango nuke, besterik gabe, euskara ikasgaiko unibertsitateko sarbide proban ziharduen irakasleren batek testu hori gogoko izan eta azterketarako egokitzat joko zuela. Poztekoa oso, ezin uka!

Bigarren burutazioa, nagusia: badu boterea sareak! Testu hori idatzi nuenean ikasle soila nintzen —ez pentsa orain itzal handiko gizon arrakastatsua naizenik ere—, eta hala izanda ere, artikulu hark hautaprobara iristeko bezalako hedapena izan zuen. Eta hori interneten aukeren adibide petoa da, aipatutako artikulua idatzi zuen ikasle harentzat ez zegoelako halako boteredun bozgorailuari hurbil ziezaiokeen beste erremintarik. Hori bai, adierazitako horrek gogora ekartzen dit internet edozein mezutarako bozgorailua dela, musika goxoko artikulu horrek hedapena lortu zuen modura, burrunba-hotseko mezuek ere internet lagun izan lezaketelako. 

Eta azken burutazioa, gatzduna: artikulua idatzi nuen Zuzeun, eta ni baino lehenago zegoen etorkizuneko unibertsitate-ikasleak bihurtzen kopetilun. Nik sarbide-proba egin nueneko euskara-azterketa benetan samurra zela gogoan dudalako, eta nik idatzitako testu hori —nire estiloari irmo jarraiki— ez delako inondik inora erraza!

Nire artikulua unibertsitateko sarbide-proban

__________________________________________________________________________________

Norbaitek artikulu honetan aipatutako testua nahiz hautaprobako-azterketa irakurri nahi izatekotan, mezu honekin batera izango ditu eskura:

Hautaproba-azterketa

Artikulua

Euskara ikasi / Aprender euskera