Neurri bakarra

Neurri bakarra –

Neurri bakarraErabat normalizatuta daukagun kontzeptu bat da neurri bakarreko arroparena, herrietako denda txikietan batez ere. Eta frustratzen nau; asko frustratzen nau.

Neurri bakarra. Gorputzen batez bestekoaren ondorio? Edo zeren ondorio? Zeren… zenbat pertsona ezagutzen dituzue neurri bakarreko arropa ondo geratzen zaienak? Eroso sentitzen direnak? Eder ikusten direnak? Zeren gauza bat da merkatuko leotardo super-elastikoak neurri bakarrekoak izatea (nahiz eta hori ere gaizki iruditu, gorputz guztiak ez baitira bertan sartuko), baina beste bat arropa denda batean neurri bakarreko kamisetak izatea.

Arropa erostera joan, erakusleihoko galtza batzuekin maitemindu, barrura sartu zure neurriko galtzak probatzeko esperantzarekin eta TU etiketan. TU; talla única. Aber, nola sartuko zait ondo neurri bakarreko galtza pare bat, neurri bereko galtza ezberdin guztiak ondo gelditzen ez bazaizkit? Nola? Inork azalduko lidake, arren?

Bateko aldakak, besteko gerria, besteko ipurmasailak… Ezinezkoa da neurri bakarrarekin jendea gustura egotea. Posible delako forma konkretu horrek nire gorputzean nolako tolesdurak egiten dituen ez gustatzea; edo nire gorputza galtzak baino handiagoa izatea, edo txikiagoa; eta izterretatik gora ez igotzea, edo jantzi eta lotu arren erortzea.

Neurri bakarra. Zeinen modu ezkutu baina inplizitua gorputzak baztertzeko, estereotipoak indartzeko. Zeinen modu zuzena 38 neurria ez duen pertsona baten autoestimua kolpe batez jaisteko. Eder sentitzearen zilegitasuna, gorputz zehatz batzuetan egongo balitz bezala.

Neurri bakarra

Sentipenak borborka, hitzak borborka. // Emakumearen kurbarik ederrena, bere irribarrea da. EGIN IRRI!

4 pentsamendu “Neurri bakarra”-ri buruz

  • Maddi Etxeberria 2020-11-19 09:02

    Ez dut zure galdera ulertzen!

  • Zer ondoriotara heldu nahi duzu testuan esandakoarekin?

  • Maddi Etxeberria 2020-11-20 13:07

    Plazaratzeko moduko hausnarketa iruditzen zait. Ez dut ondorio zehatz batera iritsi nahi, jeandeak bere ondorioak atera ditzan nahi dut; oso normalizatuta daukagun errealitate bat dela uste dudalako.