Neke eta atsegin artean

urbasa316.jpg

Zuetako batzuk, aspalditik alua mundua honetako irakurle zaretenok, kexu agertzen zatzaizkidate (bai, zatzaizkidate idatzi dut, zergatik ez hortxe badaukagu aukeran aditz zehatz hori?) sarrera gutxiago egiten dudalako blogean orain beste garai batean baino. Egia da, eta aitortu dudala uste dut, hemen eta hemen, horren kausa eta damua. Baina arrazoiak ere baditut horretarako, azken bolada honetan (eta urtebetera doa!), sekula baino lan gehiago egiten ari bainaiz telebistarako. Honez gero konturatuko zineten SAUTRELA bihotzekoaz gain, baditudala beste zeregin batzuk ere, JATEAREN EGIAK, kasu.

Kontua da, ordea, zuek hori guztia pentsatzen duzuen bitartean, jada beste lan batzuetan dihardugula. Izango da adinagatik edo nik ez dakit zergatik, halaxe egokitu zaigu, eta ari gara bost dokumental ordubeteko egiten gure sukalde maisu izardunenekin: Arzak, Subijana, Berasategi, Luis Aduris eta Arbelaitz. Interesa baduzue eta gaztelaniaz irakurtzen badakizue, emana dugu honen berri ere.

Esandakoaz gain, beste lan batean ere bagabiltza musutruk, David de Jorge lagun maiteari laguntzen haren estraineko telebistaraketan. Gaztelaniaz hau ere.

Konturatuta gaude gezurra zela geure buruaz beti uste izan duguna, ez garela hain alferrak, alegia. Eta atsegina ematen digu gogoko lekuan aldaparik ez aurkitzeak, malda handi askoak aurkitu arren bidean. Izango da masokismoa edo izango da beste perbertsioren bat, baina gustura gabiltza. Damu bakarra, leihatila honetara nahi bezain sarri ez etortzea eta, batez ere, behar besteko patxadarekin ezin ailegatua. Barkatu beharko duzue. Beste behin ere.

(Irudian Karolina eta biok ageri gara, Urbasako errodai batean, duela egun batzuk, Sara Santosen argazkian)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Neke eta atsegin artean”-ri buruz

  • Uste nuen Alua Mundua! plazerra zela zuretzat. Baina plazerra ez da plazer egitera behartua sentitzen zarenean…

    Nahiago dut plazer beharra baino.

  • Hemen zure partez idatziko duen “idazle beltz” baten beharrean bazaude abisatu lasai, e? 🙂
    “Atzokoan ere gure txakurrak egin zuen berea…” edo “ A zer brazojitanoa atzokoa…” eta horrelako gauzak, ezta? 🙂

  • A ze suertea !!! Nik ere haunditan horrelakoa izan nahi dut.