Nazio kulturala, gure Maltzaga ote?

Nazio kulturala, gure Maltzaga ote?

Nazio kulturala, gure Maltzaga ote?Nazio kulturala garela onartzen omen du Borja Senperrek. Gipuzkoako PPko idazkaria da, oker ez banago. Arnaldok, Oiartzungo elkarrizketan, kontzeptu hori bi aldiz aipatu zuen. Bietan huskeriatzat hartu zuen. Lehenengoan, EAJren jarrera epela salatzeko: agian Madrilen, haien jarrera zuritzeko, nazio kulturala garela aitortzea lortuko dute. Bigarrenak PSOErekin zer ikusia du: PSOEkoek, gehienez, nazio kulturala garela onartuko lukete eta. Ez dio grazia handirik egiten nazio kultural horrek Arnaldori, antza.

Huskeria al da? Nazio orori Estatu independente eta subiranoa dagokio. Hori litzateke nazionalismoaren funtsezko printzipioa. Printzipio horren arabera, nazio kultural orori independentzia linguistiko eta kulturala legokioke. Gutxi al da independenteak izatea gure eredu linguistiko eta kulturala aukeratu eta garatzeko? Huskeria, behintzat, ez dirudi.

Nazionalista batentzat ere ez da huskeria Independentzia linguistiko eta kulturala; aitzitik, hizkuntza eta kultura da gehien estimatzen duena nazionalista batek. Izan ere, hizkuntza eta kultura nazionalismoaren «arima» da; haien lirikaren oinarria. Baina nazionalismoaren epika ekonomiak eta politikak (armada eta polizia) sortzen dute. Nazionalistak, lirikoak izan arren, errealistak dira. Hizkuntza eta kultura nazio baten espiritua dira, baina  botere ekonomiko eta politikorik gabe espiritu hori ezin da haragiztatu. Horregatik, nazio kulturalaren proposamena tranpa da nazionalista batentzat. Independentzia politiko eta ekonomikorik gabe independentzia linguistiko eta kulturala guztiz kimerikoa litzateke.

Nazionalisten ikuspegitik, errealistak dira, independentzia kulturala  ezinezkoa da independentzia politikoa —  armada eta polizia —  eta ekonomikoa lortzen ez bada. «Boterea fusilen puntan dago», zioen Maok, nazionalismoaren printzipio nagusia txinatarren erara laburtuz Errealista izanik, nazionalisten arrazoibideak gaindiezina dirudi. Nazio kulturalaren proposamena benetako independentzia atzeratzeko tranpa dela susma liteke, bai.

Errealista izanik, hau da, Estatuaren botere ideologia onartzen badugu, nazionalisten arrazoibidea zuzena da; baina botere ideologia hori onartu ezean, nazionalisten arrazoiak ez dira hain zuzenak eta, batez ere, arrazoi horien benetako jitea agertzen da.

Nazionalismoaren jitea burgesa eta kristaua da. Nazionalismoa jauntxo eta jabeen boterea. Guztiok dakigunez, nazionalismoa eta burgesia estu loturik daude. Hori ez da argitu behar. Nazionalismoaren genealogiak kristautasunera ere bagaramatza. Nazionalista liluratzen duen botere nazio hori kristautasunaren asmakuntza da. Nazionalismoa, bada, kristauek eta burgesek asmatutako bidea da.  Nazio bat sortzeko, nazionalismo kristaua eta burgesa bide bakarra al da?

Nazionalismoaren genealogia historikoak haren sustrai kristauak eta burgesak erakusten badizkigu, haren genealogia biologikoak —  filogenesia — arren mundura garamatza. Izan ere, pasio nazionalisten aurrekari filogenetikoak arren bultzada eta grinetan aurkitzen dira. Nazionalismoa ideologia matxista dela? Futbol zaletasuna bezain matxista. Izan ere, pasioen ikuspegitik futbol-zaletasunak eta nazionalismoak jatorri filogenetiko berdina dute: arren «pasioak». Ez nuke esango nazionalistak futbolzaleak bezain astazakilak direnik, baina bai familia antza dutela.

Ez naiz nazionalista, euskaldun hutsa naiz. Eta euskaldun huts baten ikuspuntutik, nazio bat sortzeko beste bide bat ez ote dagoen galdetzen diot nire buruari. Gure nazioa sortzeko, burgesa, kristaua eta matxista bihurtu behar badut, ez dut nazio hori nahi. Horregatik, Sortuk proposatzen duenak ez nau batere seduzitzen; aitzitik, arbuioa eragiten dit. Arkaikoa eta botere-zalea  izateaz gain, euskaldunen nahia eta beharra ahazten ditu.

Nazio kulturala? Niretzat bezalako euskaldun huts batentzat, nazio linguistiko eta kulturala garela aitortzea lorpen handiena litzateke. Izan ere, aitortze eta onarpen horretan oinarriturik gure independentzia linguistiko eta kulturala lortzea legoke.

Aukera nazionalistak nazio kulturalaren bidea ixten du. Independentzia ala hil, hori da nazionalisten apustua. Ez dago beste biderik, esaten dute. Badago beste bide bat, halere, nazio kulturalarena hain zuzen. Bide irekia da, gainera. Independentzia politikoa eta ekonomikoa lortzeko aukera paregabea baldin badago, Arnaldok dioenez, nazio kulturalarekin hasteak ez luke aukera hori zapuztuko; aitzitik, indar gehiago izango genuke aukera hori profitatzeko.

Nazio linguistiko eta kulturala garela onartzea gure Maltzaga izan liteke. Hasiera ederra, euskaldunok bereizten gaituena eta gehien maite duguna independentzia prozesuaren bihotzean jarriko genuke eta. Prozesu horren erdigunean euskara eta euskaldunon komunitatearen nahia eta beharra jarriz gero, euskaldunon artean baita euskal hiritarren artean ere adostasun zabala lor genezake.

Aukera horrek, abertzaleen epika eraginez gain, euskaldunon bihotzetan lirika ere piztuko luke.

Nazio kulturala, gure Maltzaga ote? Nazio kulturala, gure Maltzaga ote?
erroa, estatua, euskal erroa, gure Maltzaga ote?, hizkuntza, maltzaga, Nazio kulturala, nazioa, nortasuna, sustraiak
Galo

FILOSOFO OHIA

2 pentsamendu “Nazio kulturala, gure Maltzaga ote?”-ri buruz

  • PPk nazio kulturala garela esatea aurrerapausoa izan like ideologokoki pixkat baina ezer ere ez gehio. Estatu gabe ez dago burujabetza kulturalik,Nazionalismoa kristaua izango da baina mundu guztiko hiritarrak dira nazionalistak. Zuk antza ez omen zara baina nazio bat sortzearen aldekoa? Zertarako ez bazara?
    Gehio o diozu,estadua ez baldin bada nik nahi dudana zertarako? Noski estadu guztiak perfetuak ta inmutableak dira. Edo ez? Ba estadua euskadun hutsa izateko, Espainia ta Frantzia barrun ezingo dezulako inoiz euskaraz bizi,ez inolako burujabetzarik izan,historiak dio.
    Ta ni nazionalista ta abertzaletzat dut nire burua ta ezkertiarra. Nazionalista nazio baten parte naizelako,hori ez du matxistatik ezer.
    Enpin azkenean existitzen garela aitortuz konformatuko gara.

  • Nazio linguistiko eta kulturala garela onartze horren ildotik, nik defenditzen dut espainol hizkuntzari eta kulturari uko egiteko aukera eta eskubidea, gaur egun inork onartzen ez bermatzen diguna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude