Morroi izateko jaioak

Hegelen esaldi bat etorri zitzaidan lehengo batean begietara: “Zerbitzariak ez du Gizon Handia sekula ikusten, baina hori ez da gertatzen gizona ez delako handi, baizik eta zerbitzaria beti delako zerbitzari”. Giza kondizioari eta patuari buruz zer pentsatua eman dit beti aforismo moduko horrek, eta, nolabait, lotu egiten dut Churchilli egozten zaion  beste harekin: “Merezi duen gobernua baizik ez du herri bakoitzak”.

Hegel jauna. cc Wikimedia

Eta hala, gogoeta filosofiko antzuen lainope gozoan galduta nenbilela, lagun pragmatiko bat etorri zitzaidan politikaz hitz egitera eta deblauki bota zidan harri eta lur utzi ninduen baieztapen bat: “Maiatzaren 22ko gauean jakingo dugu, baina aukera handienetako bat PNV eta PSOE bazkidetzea duk, nola Madrilen, hala Gasteizen eta hiru Diputazioetan”.

Nola diren gauzak, kamarada, gerta daitezkeen konbinaketa eta aukera guztien artean, sekula ez zitzaidan burura etorriko halako bihurrikeriarik, perbertsoa iruditzen baitzait oso, elkarren kontra eta, batez ere, Patxi Lopezen kontra epelak esaten ibili eta gero maiteminean jartzea, goxo-goxo, egoerak halaxe eskatzen duelako. Ezinezko konbinaketa da niretzat hori, baina aitor dut lagunari entzun nionetik ezin dudala  kaskarretik kendu.

Bide berriak zabaldu eta abertzaleen batasuna aldarrikatzen den garai honetan, pentsatzekoa da dantzan hasteko orduan gehiago aginduko dutela EAJk adostu dituen makroegiturek (AHT, Pasaiako Portua, Erraustegiak…) eta politika ekonomiko neoliberalaren ikuspegiek, ildo soberanistak baino. Erretorika apur batekin, zernahi kontatzen ahal zaigula.

Ez nuke pesimista agertu nahi, oraindik ez baitago halakoren aztarnarik publikoki bederen, baina ez harritu dena hankaz gora jarri eta aipatutako aliantza hori nagusitzen bazaigu 22tik aurrera, azken finean, gure herriak dituen betiereko bi arrakala sakonek (abertzale/ez abertzale eta eskuin/ezker) lau zatitan jartzen dute pastela, eta ez bitan, gehienetan uste dugunez. Abertzaleen arteko senidetzaren hainako pegamendua ematen da politikagintzan pragmatismoa aukeratzen dutenen artean.

Euskara irakasten ibli ginen garaietan jakin genuen  motibazio afektiboa baino eraginkorragoa gertatzen zela instrumentala. Usteak uste, alde praktikoak beste ezerk baino gehiago akuilatzen zuela ikaslea helburuak lortzeko orduan. Politikan ere antzerako.

Eta hala, Hegelenari berriro helduz, euskaldunontzat etorkizun egokia egon badago, baina ez dugu ikusten ez dugu benetan sinesten. Eta ez da patua ez delako egokia, baizik eta menpeko morroi izateko jaioak garelako eta ez geure buruaren jabe izateko. Dirudienez.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Morroi izateko jaioak”-ri buruz