Mestizoen auzia

Mestizoen auzia –

Arrotzak gure lurralde hauetara iritsi zirenetik, ilargialdi aunitz igaro dira. Aspaldi baita Haiek ekialdeko lur urrunen batetik etorri zirela gure inguruko koba-gune ugarietan babestera Edurte Handiko behinolako hartan. Guk ez dinagu jada Aro Urruti haien memoriarik ere. Baina hala azaltzen digute gure amonek.

Mestizoen auzia

Garai hartan hain ezdeus eta alderrai ikusi genituela, non une premia-premiazkoa zuten laguntza luzatu geniela, harik eta egokitu ziren arte. Haietaz erruki izan ginelako, azken batean, dela beraien itxura nahiz ahoskera latza zuten arren. Halaxe azaldu digute belaunaldiz belaunaldi, gure Memorian atxikita geratu arte, gaur egungo Jentilitateraino transmitituaz, katenbegiz katenbegi.

Hortaz, ilargialdien ilargi-lerroak iragan ahala, gure arteko mestizoak sortu dira, halabeharrez. Zeren ezin bertzela izan, gure jentilitateen arteko sexu-harreman franko izan baitugu elkarren artean, aspaldi-aspalditik; hala izan da gure historian zehar, eta ez dago horren damurik.

Mestizoen artean, gehientsuak, gure eritzirako, aski ongi egokitu eta moldatu dira gurean, bai gure leinuen ohituretara zein ahoskerara, oztopoak gainditu ahala gaindituz. Halaxe etxekotu izan dira. Beste batzuek, ostera, ezin izan dute gurera egokitu, edota, gutxi batzuen kasuan, ez dute gura izan ere egokitu. Azken hauei “Arrotzen aldeko mestizo” deritzegu. Gure alde lerratu direnei, aldiz, “mestizo auzokide”.

Izan ere, hainbat denbora garrenean izanik ere, aski jauzi handia baitago Arrotzen eta gure artean. Ohiturei eta ahoskerari berari dagokionean ere, txit desberdinak ditugu biak ala biak, esan bezala. Eratu eta antolatu genuen, bai, eskola-sare publiko guztion artekoa, baita eskolarteko programazio komunak Hezkuntza Itun barrian. Lurralde erbeste hartako gerra ankerra iduritu genuenetik, hala erabaki genuen irmoki, oso ongi gogoratzen gara Izpiritu Saio hartaz; elkarrengana hurbiltzea eta auzolanean gauzak konponduz joatea erabaki genuen, hartaz geroztik.

Halere, aginduak eta bideak ez dira joan samurretik samurrera, baizik eta alderantziz, okerretik okerrera. Ez genuen lortzerik izan, orduan, gure leinuek eskatzen zuten funtsezko puntua, hots, Hezkuntza Programaziorako Talde anizkorra izatea, guztion eledunen parte-hartzez osatua. Gure Leinuen zein Arrotzen euren arteko ikasle, irakasle eta ama ororen esku-hartzea bermatuz.

Izan ere, gure artean argi daukagu ezen dagokigun nortasuna jagon eta babestu beharra daukagula, hala erran eta berresaten baitigute gure ama eta amamek. Beraz, eskolaume guztiei berretsi behar zaie, ahoskera-maila egokiaz gain, gure historia eta pentsaera ere transmitituko zaiela, ez soilik aparteko saioetan, baizik eta Programazioaren beraren gidalerroan.

Baina esan bezala, orduan ez genuen lortu gure leinuek argi eta garbi eskatzen genuen puntu funtsezko hau: hots, eskolatze integral hori lortzeko ezinbestekoa den baliabide-ardatza: Programazio Talde Anitza, guztion parte-hartzez maila orotan. Azken baldintza hori, orduan, airean geratu zen, berba onak eta promesak bitarteko, baina inozo ez garen orok argi izan beharko genuke ezen berba onek ez dutela antzina zeukaten balio bera. Eta alferrik alboko begiraleak, behaketak eta abarketak. Berba eta desirak paper hutsean geratu dira (“paper bustia”, egun esan ohi denez)

Horregatik, gauzak bere onera ez doazelakoan, baizik eta alderantziz, okerrera labainka ilargialditik ilargialdera, jentilitateen arteko “erreferendum” bat egitea eskatu berri dugu aurreko Batzar Orokorrean (hala deitzen zaio orain, “erreferenduma”) Badakigu balitekeela gure asmoak zapuztuta atera daitezkeela halako atakatik, baina ez dago beste erremediorik. Ezin utzi urak ustel daitezen, baizik hobe zezenari adarretatik heltzea, egoera itzulezinetara ailegatu aurretik.

Bada, aipatu “erreferendum” horretan,  mestizoen bozak garratzi erabakigarria izan dezake; eta hortik “mestizoen auzia” aipatzea izenburuan. Gure aldetik fede osoa dinagu “mestizo auzokideengan”. Are, hauetariko asko geu jatorrizkook baino fidelago eta porrokatuago dihardute gure jentilitatearen ohitura, kultura eta ahoskeraren alde. Hori neanderthal euskaldun orok aintzakotzat hartu eta balioestekoa da, ezin inola ere ahantzi; eta hala erran ohi dute behin eta barriro gure amonek ere.

Beraz, zinez espero dugu ataka zail honetatik onik ateratzea, Agian aurretik aurreikustea hobeto izan zen, haboro.

Mestizoen auzia Mestizoen auzia Mestizoen auzia

Gautegiz-Arteaga. Saiakeraegilea eta itzultzailea. Zamora-apaiz kartzelako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude