Mesanotxean aberastasuna

Mesanotxean aberastasuna

Badira urte dexente, kontu-ikuskari bezala ateratzen nuela bizimodua aurrera, han eta hemen, enpresa desberdinetako kontuak aztertzen eta zenbakiek erakusten zuten irudi zuzen eta zintzoa baieztatzen. Banuen lankide bat, kostaldekoa bera, azkarra baino azkarragoa. Jo dezagun Gabi zela bere izena.

– Gabi, gogoratzen duzu Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, ze dirulaguntza publiko jaso zuen 2000. urtean?

Eta dazt, botako zigun, erru handirik gabe.

Egun batean, bat-batean ospa egin zuen gure ingurutik, baina desagertu aurretik, gauza da, berak kontatu zidala, Mutrikun kasu honetan, ba zela gizon bat, jo dezagun Patxi izena zuena, asmo bakar batekin bizi omen zena:

– Ze moduz gara ba, Patxi?

– Baah !!, lan da lan eta ezin aberastu.

Besteak:

– kaixo Patxi, nola dago familia?

– Baah !!, lan da lan eta ezin aberastu.

Garbi da, Gabik zioen moduan, mundu honetatik aberastuta joatea zela Patxiren lehen aipatu dugun asmo bakarretakoa.

Gauzak horrela, “Patxi Ezinaberastu” jarri zioten gaitzizena. Eta ez dakigu bere ondorengo belaunaldiari bizimidua erraztu edo giltzurruna ondo babestuta utzi zion, baina bai, gaitzizenez bataiatuta jaio zirela, denak, klan osoa, “Ezinaberastunekuk” deiturapean.

Eta, egia esan, nork ez du bere bizitzan, aberasteko desiorik eduki? Lehen heburu bezala akaso denok ez, baina ze gauza ederra izango litzatekeen diru faltarik gabe bizitzaz han eta hemen, hola edo hala, norberaren gustoen arabera disfrutatzea; luxu gehiegirik gabe, abarketak jantzi, jan, edan, bidaiatu, auto ederra, etxe ikusgarria, eta plan horretan.

Mesanotxean aberastasunaNiri-neuri, eta zuri-zeuri ere akaso bai, irakurle, gertatu zait-zaigu, gauerdian, erdi-lo erdi-esna geundela, gaueko iluntasunean murgilduta, jabetu izan gara, etorri zaigula derrepente bat-batean burura, kriston ideia, negozio borobila, patente izugarria… eta mikrosegundo horretan, argia piztu eta papertxo batean idazteko tentazioa, behar bat bezala, izan dugu. Ahora o nunca.

Baina gauerdia da, ordu txikietan, erdi-lo erdi-esna gaude eta, nork eten mikrosegundo zehatz horretan iluntasun hori?

Esan beharrik ez dago, eguna zabaltzerako, ideia, negozio eta patenteak urrundu direla betirako.

Niretzat daukat, urteetan zehar mesanotxeko papertxoan idatzi ez ditudanak idatzi izan banitu, mikrosegundo garrantzitsu haietan, Patxiren ametsa beteta izango nuela. Fijo.

Mesanotxean aberastasuna