Menturatu

Menturatu –

Bizitza honetan arriskatu beharra dago, bestela, jai dugu lagunok. Menturatu ala ez menturatu, hortxe dago koxka! Berdin maitasunean zein politikan, familia kontuetan nahiz lagunartean. Aukerak aztertu, bat aukeratu eta menturatu, arrisku hartu, ausartu.

Menturatu

Agian ez dugu ziur jakingo zein bide hartu, zeren aldeko apustua egin, noren aldeko agertu; baina bizitzan, aurrera egingo badugu, zirt edo zart egin behar, lagunok, ez dago besterik.

Duela hilabete batzuk lapurra etxean sartu, guztion ixilean, eta ondasunak edo harribitxiak eroan beharrean, lagun preziatua eraman zigun, ordezkaezina, ausarta, menturatzen den horietakoa, arriskuak hartzeko beldurrik ez zuena.

Hartu, eta eraman egin zuen, oraindik borrokarako eta elkartasunerako indar nahikoa metatua zuen arren. Eta lagun horrek zerbait erakutsi bazigun, bizitza honetan beldurra alde batera utzi behar dela, izan zen. Utikan beldurra eta lotsa, betoz ausardia eta menturazaletasuna.

Egin zitzaion omenaldian hitz ederrak entzun genituen bizitzaz, berdintasunaz, elkartasunaz, borrokaz eta maitasunaz: “Maitasuna ez da sentimendu bat, ekintza baizik, akzioa”. Eta uste dut hitz horiek ederto laburbildu zutela bere bizitza: besteenganako, eta bidegabekerien aurkako maitasun ekintza andana, jardun eskuzabal kontaezinak.

Bego gugan jarrera hori, eta bizi bedi zabal eta luze berea bezalako ausardia.

Egiten duguna garen neurrian, bete dezagun gure giza eta eme langintza berdintasunean, elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizarte ekintzez.

Menturatu

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Zer duzu buruan “Menturatu”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-18 09:17

    Ene eskar-mentura-tik diot:

    Menturatzeko aukera gutxi batzuk ematen dira bizitzan…. eta UNE HORIXE da, hain zuzen, MENTURATU edota KOLDARTZEKO UNEA.

    AZERI-DANTZAN bezala (artolateko korruan):

    Artolateko KORRUA eskuinerantz doa, baina une zehatz batean, korru-kide batek, oina tinko zoruan jarri eta ezkerrerantz egiten dio tira korru osoari: hortxe MENTURATZEKO UNEA.

    Nire ustez, momentu horrexetan aurkitzen dut giza bizitzaren ZENTZUA. Bestela, begetalen mailan biziko gara, itxuraz zentzurik barik.