Memoria egunaren memoria herrena – Jose Antonio Rodriguez Ranz-i galdezka…, Eusko Jaurlaritzari

Memoria egunaren memoria herrena –

Memoria egunaren memoria herrena - Jose Antonio Rodriguez Ranz-i galdezka…, Eusko Jaurlaritzari

Haluzinatu dut (hitz egiteko modu bat da, biño…) gaur goizean Berrian irakurrita Jose Antonio Rodriguez Ranz, Jaurlaritzako Giza Eskubideen idazkari nagusi(berri), eta besteak beste EAJren Sabino Arana Fundazioko Hermes aldizkariaren zuzendari ohiaren (?) baieztapenak irakurrita dioenean memoriaren liburuko lehen kapituluak, garrantzizkoena, ETArena behar duela izan. Kazetariak galdetzen dio: ‘Nolako memoria, baina?’ eta Jose Antoniok lasai erantzuten (ez dakit euskaraz ala itzuli behar izan dioten):

“Nik uste dut herri hau memoriaren liburua idazten ari dela. Liburu bakarra behar du izan, baina hainbat kapitulu izango ditu, eta lehenengo kapitulua, garrantzizkoena, ETAri dagokionak izan behar du, Euskal Herrian azken hamarkadetan giza eskubideen urraketarik larrienak ETAren eskutik etorri direlako. Baina hori ezin da izan kapitulu bakarra. Kapitulu gehiago izan behar ditu liburuak, giza eskubideen beste urraketak ere jasotzeko.”

Azken hamarkadak’ nonbait, ‘biolentziarenak’ nonbait, ETArekin hasi bide ziren 1950etako hamarkadaren amaieran, edota 1960koetan, ETAk 1968an Meliton Manzanas torturatzaile frankista ankerra hiltzen duenean. ETAk ia 1.000 pertsona hil ditu geroztik. ETAko kide, ekintzen inguruan hilak 150-edo pasak… 60 urte pasatu dira bitartean.

Ez naiz orain justifikatzen hasiko heriotza horiek guztiak.

Kontua da orain ez 60, baizik 80 urte, bi hamarkada lehenago, Mola, San Jurjo, Francisco Franco izeneko jeneral bat, eta beste hainbat altxatu zirela armatan Espainiako Errepublikako Gobernu demokratikoki aukeratuaren aurka, eta beraiek sortutako gerra zibil terroristan 500.000 mila pertsona baino gehiagoren heriotza eragin zutela.

Euskal Herrian (dio Wikipediak): «Hildakoak: Nafarroa Garaian, gerra ekintzarik gabe, estimatu da errepresioak zuzenean 3.000 pertsonatik gora hil zituela. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan azterketa zehatzagoa egin da, eta 20.000 hildako inguru zenbatu zituen Eusko Jaurlaritzaren, Gogora Institutuaren, EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedraren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen artean egindako ikerketa batek. Txostenak espetxe frankistetan 1945 arte hildakoen berri ere jasotzen da, gerraren ondorio zuzen eta erailketatzat jotzen baitira kasu horiek.» «Iheslari eta errefuxiatuak: […] Guztira, Eusko Jaurlaritzak 150.115 errefuxiatu erregistratu zituen 1936 eta 1939 artean; Hego Euskal Herriko populazioaren %12 inguru zen hori.»

Zergatik nahi duzu(e) hasi memoriaren liburuaren ‘lehen kapitulua, garrantzizkoena’ orain 60 urte, eta ez orain 80? ETAren sorrerak / ekimenak ez dauka zerikusirik 1936-39ko gerrako sarraskiarekin, ondorengo 40 urte luzeko diktadura odolzalearekin?

Nori egiten dio mesede aproposeko ahaztura horrek? EAJ ere, PS(O)E ere, ez dira gaur egun direna, 1936-39ko gerra eta ondorengo 40 urteko diktadura basatia jasan zutelako?

Nori egiten dio mesede ezkutatu nahi horrek?

P.S. Harluxetetik:

Franco Bahamonde, Francisco: Militar espainola (Ferrol, 1892 – Madril, 1975). Marokoko gerran parte hartu zuen. Espainiako legio atzerritarreko (1923-27) eta Zaragozako akademia militarreko (1927-31) buru izan zen. Asturiasko 1934ko matxinada zapaldu zuen. 1935ean Gil-Roblesek armadako estatu nagusiko buru izendatu zuen. 1936an Italiako faxista eta Alemaniako nazien laguntzaz, Gerra Zibila piztu zuen, errepublikaren aurka altxatuz. Urte berean bere burua estatuko gobernuburu izendatu eta diktadura ezarri zuen. Armada, eliza eta oligarkia ekonomikoen babesa izan zuen; burgesia txikia estu kontrolatu zuen, langileen mugimenduak eta nazionalitateak erabat zapaldu zituen. Zapalkuntza politikoa are biziagoa izan zen Euskal Herriko eta Kataluniako nazionalismoen aurka, hizkuntzazko eta kulturazko adierazpideen ukapenarekin eta debekuarekin batera. 1969an Joan Karlos I.a bere ondorengo izendatu zuen eta 1973an Carrero Blancori eman zion estatuko buruzagitza. Honek, ETAren atentatu batean hil aurretik, FRAPeko hiru kide eta Txiki eta Otaegi ETAkideak fusilatzea agindu zuen, Euskal Herriko, Estatuko eta Europako protesta zabalei ezentzuna eginez.

Memoria egunaren memoria herrena – Jose Antonio Rodriguez Ranz-i galdezka…, Eusko Jaurlaritzari

75 pentsamendu “Memoria egunaren memoria herrena – Jose Antonio Rodriguez Ranz-i galdezka…, Eusko Jaurlaritzari”-ri buruz

  • Bittor,
    Bicaina çure articulua.
    Memoria flacoa daducate batzuec.
    ETA ez cen sorthu ecerecetic eta casualitatez. Ez.

  • Josuk bezala pentsatzen dut. Artikulu bikaina Bittor.

  • F. Aramburu 2020-11-10 12:00

    Ez zarete ezertaz enteratu. ETA, argi eta garbi, Nazionalismoaren kreazioa izan zen, eta Nazionalismoa kromosoma desbiatu baten ondorioa: kromosoma baskongadoa. Zorionez, kromosoma malapartatu hori bidaiatuz sendatzen da, eta baskuenzea baztertuz eta espainola ikasiz; barkatu, gaztelania. Eta Espainiaren batasuna onartuz eta unibersalean destinoaren unitatea proklamatuz eta…

  • Bittor, ederto baten. F. Arambururena graxiosoa, txizatan blai nago

  • Baldintzapeko memoria. Espainiar estatuaren neurrikoa.
    Lotsa gutxi behar da, hemen indarkeria ETArekin hasi zela esateko.

  • Joannes Leiçarraga Lermanda, naffarreraren edota euscara classicoaren aita eta ama, 1506. urthean sorthu cen eta 95 urtheco vicitza lucea eduqui çuen, 1601. urthean hil cedin arte.
    Nire memoria

  • Nire memoria, erraiten nuen, lucexeagoa da. Leiçarraga jaio cenean, gure resuma, erran nahi baita gure statua den Naffarroa, statu independente bat cen. Bai peninsulan, bai continentean hedatzen cena. Orain ez da exIstitzen, nombait. Pacificoqui desaguertu al da?

  • Aberri, garbi dago dago hemen biolentzia Nafarroaren konkistarekin hasi zela, errege katoliko inperialisten eskutik. Ni haratago joango nintzateke, hemen biolentzia erromatarren etorrerarekin hasi zen Ponpeioren eskutik

  • Leiçarraga baino 300 urthe lehenago, anhitz lurralde galdu çuen gure statuac. Pacificoqui hauec ere galdu?
    Norc eguinen du gaur Rodrigitz honec erraiten duenaren alde?
    Desmemoriaturic al daude?
    Jaquinen dugu. Jaquin eguinen dugu fitetz.

  • erik etxart salaberri 2020-11-10 13:32

    Milesker Bittor,
    Anitzek pentsatua, hik ontsa idatzi duk…
    Goraintziak

  • Rodríguez Ranzek, Deian:
    “ETA no fue la consecuencia de un conflicto político sino resultado de una decisión consciente”.
    Honela izan zen: gazte batzuk musean ari zirela, haietako batek ordagoa bota zuen, “ezetz talde armatu bat antolatu!”, besteek baietz, eta horrela izan zen, besterik gabe, musean aritzeaz neka-neka eginda baitzeuden, ze bestela oso ondo bizi ziren euskaldunak Francopean.

  • Zorionak Bittor. Ederki azaldu duk askok pentsatu baina inor gutxi salatzera ausartzen den hori.
    Ez dago arrazoirik 60 urtetako epealdia gutxienez 80tara ez eramateko, menpekotasuna ez bada.
    “Ezberdinen” arteko itunek halakoxe emaitzak ematen dituzte, “ezberdin” horietako bat bestea baino askoz boteretsuagoa denean.

  • Ohar txiki bat: Rodriguez Ranz euskalduna da, beraz adierazpenak hizkuntza horretan egingo zizkion Berriari, ez dira itzuliak. Elkarrizketa horretako ideia berak errepikatu eta batzuk hobeto azaldu zituen atzo, Euskadi Irratiko Faktorian.

  • Bittor Hidalgo 2020-11-11 16:52

    Eskerrik asko, Gailur. Banuen interesa hori ere jakiten…

  • Hara zer dioen gure Bittorek:

    “Zergatik nahi duzu(e) hasi memoriaren liburuaren ‘lehen kapitulua, garrantzizkoena’ orain 60 urte, eta ez orain 80? ETAren sorrerak / ekimenak ez dauka zerikusirik 1936-39ko gerrako sarraskiarekin, ondorengo 40 urte luzeko diktadura odolzalearekin?”.

    Ikusi Bittor, horre arrazoiak bi parte ditu. Bata hauxe da. Bai, 1936an gerra zibilla gertatu zen; baina 1977an hauteskunde demokratikoen garaia hasi zen eta 1979an prozesu konstituziogile bat gertatu zen hego Euskal Herrian, bere erakunde demokratikoekin. Gerra zibilaren aldiko diktadura bukatzen denean, orduan hasi zen ETA jende askosaz gehiago erahiltzen. Ez ahal dizu honek harridura piska bat sortzen?

    Bigarrena, gerra zibila eta ETAren garaia (2011 arte luzatzen dena) bateratzeak suposatzen du gerra zibila kausa dela eta ETA efektua. Baina, lehen aipatu bezala, 1977an diktadura bukatzen bada, nola izan liteke efektu hori aurrera jarraitzea? Ba Bittor, arrazoia argi dago, ETArentzat gerra zibila eta Gernikako bonbardeaketa aitzaki izan direlako erahiltzearen eskubidea sostengatzeko bere interes politikoen alde.

    ETA eta Franco bateratuz ETAren erahilketak zuritu nahi dira eta hori begibistako gauza bat da salatu behar dena. Mesedez, Gernikako bonbardeaketa eta Miguel Angel Blancoren erahilketa ez dira prozesu berdin baten jarraipena, ez dira kausa-efektoa.

    Bestalde, zergatik bestela 2011an ETAk uzten dio jendea erahiltzeari eta bere buruaz beste egiten du? Argi dago, Euskal jendeak nazka nazka egina zegoelako horretaz eta lotsaren lotsez nahiz eta bestelako itxurako turutotsez ETAk bere burua akabatu.

  • Erabat ados Bittorrekin.
    Eta Bentazar, sentitzen dut, baina diozunak ez du zentzurik. 60 urteko epealdi hori ez da 1977an hasten, baizik eta ETAren sorrerarekin. Hartaz, zure arrazoiaren lehen parteak funtsik ez du, ez baitu garrantziarik batere hartu den epealdirako hauteskundeen existentziak. Hau da, 1977tik aurrerako bada ETAri kritikatzen zaiona (aurrekoa diktadura baten aurka egin zuelako, eta ondorengoa “demokrazian”), zergatik ez urte horretatik abiarazi? Baina ez, ETAren sorrera hartu dute abiapuntu. ETAren sorrera bera azaltzen duena kanpoan utziz. Gorago baten batek aipatu duen bezala, musean aspertutako (EAJ inguruko) gazte batzuek sortu zuten ETA egun batez, jokatzean nazkatuta.
    Arrazoitzearen bigarren zatiari dagokionez, inork ez du esan kasua gerra zibila denik, eta efektua ETA. Gernikako bonbardaketa eta Miguel Angel Blancoren hilketa herri honen okupazitik sortu dira, ikusi nahi ez baduzu ere.
    Eta okupazioak segitzen badu, eta bizpahiru belaunaldi barru euskarak bizirik jarraitzen badu (ez dut uste, baina izan dezagun esperantza), tamalez, berdinetan egongo gara.
    Hilketak zuritzearekin, ez dakit zer duzun buruan. Hemen zurituta dauden hilketa bakarrak (argitu gabe eta erreparatu gabe) Mikel Zabalza, Iñaki Kijera eta antzekoenak dira. Horiekin, tamalez, ez duzu Miguel Angel Blancorekin bezain beste kezka. Oso argigarria da hori.

  • Benat Castorene 2020-11-26 12:08

    Arduradun politiko baten partetik, Memoriaren libutu bat hasaraztea Etarekin hilketekin ez da inteligentea nahaslea baizik.
    Erraitea Eta-ren sorrerak eta historiak ez duela ezer ikusteko gerla zibilarekin, frankismoarekin eta gei nezake Euskal herriaren historia tragikoa guziarekin, barkatu baina ez da serio.
    Nik 70 eta 80 urtetan ezagutu nituen errefugiatuak askotan arrasatetarrak zentzudunak, langileak eta iparraldean integratu nahiak ziren. Baino egia osoa erraitek, erran behar dut hartu zutela Etaren krimak desenkusatzeko joera eta gu gazteagoak ginenenak zentzu horretan eragintzen gintuztela.
    Memoria liburu alderdikoi eta dudagarriak egin beharrean, hobe litzateke iragana ongi konprenitzea aurrekoaren bertsioa segituan gaitzetsi gabe.
    Batez ere geroko garrantzizkoago litzateke ulertzea Etako arduradun batzuen lerrakada intelektual terrorista zoro hura, euskaldun guzientzat erredizio teatral bezain umilgarri horretan bukatu beharko zena.

  • Ene Ba Ote, nire arrazoiak argi eta klaruak dira, frankismoa diktadura bat da eta frankismoa hauteskunde batzuekin bukatzen da, eta gainera ezker abertzaleak hauteskunde horietan partehartzen du, beraz beraien ordezkapen indarra onartzen du. ETAren sorrera frankismoan ematen da baina historia gehien-gehiena eta parterik odoltsu-zaputzena demokrazia garaian ematen da, beraz Franco eta ETA bateratzea ez da zilegi eta arrazoi da, nik esan bezala, ETAren krimenak justifikatzeko.
    Gernikako bonbardeaketa eta Miguel Angel Blanco-ren hilketa bi garai historiko zeharo desberdinetan ematen da. Bata fatxismoaren garaiaren atarian eta bestea estatuto-foru legedi bat dagoenean hiru probintzietarako. “Okupazio” hitz potolo hori ez da erabili behar ETAren demasiak, bahiketak eta hilketak justifikatzeko, Ba Ote.
    Ikusten da begibakarra zarela. Noski, espainiar poliziak krimenak eragin ditu. ETAk, ordea, gehiago eta gainera “Euskal Herriaren” izenean. Ba niretzat ETAk ez du Euskal Herria ordezkatzen eta bere izenean jendea akabatzea krimen horien gainean jartzen den beste bekatu larri bat besterik ez da. ETAk euskal jendea, abertzaleak ere, enpresariak, ertzainak, hil egin ditu eta polizia espainolak, goardia zibilak eta PP eta PSOEko kargudunak, ETAk hil zituenak, horiek ere pertsonak dira eta beraien hilketak krimenak.

  • Itsu zaude, Benatazar, erabat itsu. Nik ez dut ukatzen ETAren hilketarik, ez sortutako minik. Esaten dudana da ETA ez dela mina sortzen bakarra izan, eta egin nahi den memoriaren errelatoa oinarri oso argi horretatik abiarazi behar dela. Eta ezin zaizkiola ETAri exijitu Guardi Zibilari exijitzen ez zaizkionak, baldin eta etikaz eta giza eskubideen urraketez ari bagara. Oportinismo politikoaz ari bagara, orduan bai, erabat ulergarri da ETAri soilik eskatzea kontuak.
    Nik ez dut esan zure argudioak argiak edo klaruak ez direnik, baizik eta funtsik ez dutela. Ez da gauza berbera. Zertara dator memoria 60 urteko epean hastea? ETAren indarkeria errelatoren muinean kokatzeko, beste egitate batzuk oinarri hartu beharrean. Beraz, 1977ko haustekundeek ez dute zeri ikurisirik 60 urteko epe hautaketarekin, ez frankismoak ez ustezko “demokraziak”. Hortaz, zure arrazoiketak ez du ezer azaltzen, argi eta klarua izanagatik.
    Eta Gernikako Bonbardaketa eta Miguel Angel Blanco, edo Zabalza, edo Kijera, edo Brouard ez dira kausa-efektuak, ez, herri honen autodeterminazioa ukatzearen ondorioak dira. Ondorio mingarriak, oso.
    Eta barka, baina okupazio hitza erabiltzeak ez du zerikusirik ETAren jardunarekin, eta bai herri honen errealitate juridiko-politikoarekin: karlisten garaian ez zen ETArik, baina egoki baino egokiago ulertu zuten garaiko euskaldunek zer zekarren espainiar konstituzioa onartzeak, eta hala jeiki ziren haren aurka.
    Azkenik, ETA ez da ez lehena ez azken erakundea izango munduan autodeterminazioa armekin (eta beraz, hildako, zauritu eta biktimekin) defendatu duena. Nelson Mandelak berak “Herriaren Lanza” erakundea sortu zuen, eta hargatik espetxeratu zuten: hegoafrikar txuriak hiltzeagatik. Egitate hori ezagutzeak ez du zerikusirik sortutako mina ukatzearekin, eta justifikazioekin. Badakit batzuek nahastu nahi dituzuela gauzak, baina hori horrela da.
    Urkullu estupendo jartzen denean, “indarkeria gaizki dago, datorren tokitik dfatorrela” horren kategoriko botatzen duenean, berak ere ez du sinisten esaten duena. Esaldi hori edozein gatazkatan aplikatzekoa balitz (eta berez, postulatu etikoa den neurrian, delako “zoru etiko” famosoa, hala behar luke, unibertsala, baldintzarik gabea), maila berean kokatzen ditu yankiak eta apatxeak, frankistak eta eusko gudarostea, naziak eta erresistentzia frantsesa, edo 40 urtez bere emaztea jo duen senarra eta 40 urteko tratu txarren ostean senarra hil duen emaztea. Denek erabili baizuten indarkeria. Denek utzi zituzten umerzurtzak eta alargunak. Denek sortu zuten min ikaragarria. Balorazio etikoetarako ez du balio zenbakiak (zenbat diren ETAren kasuak, eta zenbat estatuarenak), Kantek esan zuen bezala: pertsona helburu bat da bere baitan.
    Eta oso ondo eta zilegi iruditzen zait zuk esaten ETAk ez zaituela zu edota Euskal Herria ordezkatzen, baina iritzi erabat subjektiboa da hori, norbera berea du.

  • Ene Ba Ote, nire uste apalean, ETAri, goardia zibilari ala maria santisimari eskatu behar zaizkien gauza berdinak eskatu behar zaio ETAri, batetik, egin dituen giza-eskubide urraketak giza-eskubide urraketak izan direla aitortzea eta bestetik gerorako ezin daitekeela horrelako bitartekoen erabilera onartzea, jakin badakigulako ezker abertzaleak, bere mandatariek zioten bezala, armei utzi diela armak errentagarriak jada ez zitzaizkielako. Hemen giza-balioak dira tartean eta giza-balioak edozer gizarte ereduaren aurre baldintza izan beharko lirateke. ETArentzat ez da horrelakorik izan, begibistan da.
    Barkatuko didazu berriz ere baina euskal karlistak eta 36ko gudariak eta geroko abertzaleak, ETA sortu zen arte, ez zuten “autodeterminazio” konzeptu arrotz abstraktuarengatik borrokatu baizik eta euskal lege eta burujabetza propioaren alde. Hori ez da ETA egin duena eta ETArentzat, gainera, autodeterminazioa eslogan bat besterik ez da, hutsalkeri galanta, mozorro bat. Esango dizut nik zertarako borroka egiten zuen ETAk eta bidebatez ezker abertzaleko oineko mandatariek, nik neronek hori ikusi dudalako nire herriko bazterretan: diktadura ezker muturreko bat ezartzeko, autodeterminazioa eta Euskal Herriko askatasuna, noski, horretarako aitzaki zirela. Baina zu EAJkoa edota Eakoa bazinen, abertzale, euskalduna, euskaltzalea, eta zerga iraultzailea pagatzen ez bazenuen, ba orduan objetibo militarra zinen Torremolinosko goardia zibil baten pare. Eta udaletxean ez bazenuen ezker abertzaleak planteatutakoa onartzen, orduan hostia piloa erortzen zitzaizun gainera eta akaso zure etxera joango zitzaizun taldetxo bat mehatxatzea, iraintzera eta bulkada goxoren batzuk ematera. Ezker abertzalearen joakera diktatoriala euskal gizarte osoa harrapatu zuen eta autodeterminazioak ez du zeikusirik horrekin, ez.
    Nik ikusi dut ezker abertzalea gure herriko kaleak “okupatzen”, bereak ez diren lokal politikoak atakatzen, sumisioa erakusten ez zuten horiek oinperatzen diktadore nazkagarri batzuen moduan. Euskaldunok lehia bat dugu Frantzia eta Espainiarekin baina barrutik sortu zitzaigun etxekalte, internazionalista, gezur-zale eta abertzale-engainatzaile talde horrek ez du justifikaziorik, ez etikan eta ez politikan. Abertzaleak bere emaitzetan bereizten baitira eta ezker abertzaleak izan dituen emaitzak hor ditugu ageri-agerian, hildakoak, gure herriko elkar bizitzaren suntsiera, rollo txarra, hildakoak, zauritutakoak, traumatizatutakoak, eta bere presoak gartzelan.

  • Burujabetza eta autodeterminazioa gauza berbera dira, txaponaren bi aldeak, burujabea dena autodeterminatu da, eta autodeterminatzen da burujabetza eskuratzen duena.
    Beste guztia, eta zure esanak, aipatzen dudan errelatu horretarako. Nik ere ikusi dut ertzaintza jendea hiltzen, begi-itsutzen, burua hausten manifestazio legaletan. Ikusi dut EAJa Cabacasen heriotza ez argitzeko maniobrak egiten. Ikusi dut Kijeraren aldeko oroitarria 6 aldiz nola erasotu duten. Ikusi dut Mikel Zabalzaren omenezko plaka Altzako frontoitik hamaika bider nola ostu duten. Eta horiek denak, zure bizipenak eta nireak, errelatorako. Benetako errelato baterako.
    Giza balioez diozuna, sinpleki, ez da egia, ez dator bat munduarekin. Giza balioena egia balitz, Ugarteko kartzelan legoke, eta Ertzaintzak barkamena eskatua luke. Ez du egin, eta EAJk maniobratu du halakorik egin behar izan ez dezan. Hori bai, gaur bertan notizia Arostegi eta Mijangosen kasuak argitzeko medioak eskatu dituela ERNEk, demokraziaren izenean. Cabacasenak antza ez du zerikurisik demokraziaren defentsarekin.
    Diodana, eta berriro errepikatuko dut: gustatuko litzaidake etikaren izenean jarduten duten horiek Ertzaintza, Guardia Zibil eta Polizia Nazionalarekin ETArekin bezain zorrotz jokatuko balute, giza eskubideen urraketen kasuan. Baina ez dut hori ikusten, eta beraz, ezin ditut ontzat eman etikaren apologista horien ustezko asmo onak. Oportunismo politiko argiarekin dabiltzala ikusten baitut, ez etikaren alde. Errelato bat eraikitzen, zeinetan ETAren krimen oso larriak eta basatiak ez diren inola ere konparagarriak polizien eta funtzionarioen peccata minuta arinekin.

  • (behatza joan zait) Eta horretara dator Bittor-en artikuluan aipatzen dena, eta 60 urteko epealdia ezarri ziana. Indarkeria ETArena izan zen, besteak huskeriak. Eta hori, errelato bat da. Horregatik da hipokrita oso 60 urteko epealdi hori hautatu izana.

  • Ene Ba Ote, ezker abertzaleak “sufrimentuaren sozializio” estrategia xelebrea indarrean jarri zuen eta horrek esan nahi zuen ezker abertzalearen esanetara makurtzen ez zen pertsona oro, abertzale ala ez abertzale izan bost axola, sukaldariak, kazetariak, juezak, enpresariak, kargo politiko kargudunak edozer partidotakoak, presoen aldeko poltsan dirurik ematen ez zuten gaixoak, greba orokorrak jarraitzen ez zituztenak eta abar, eta abar, objetiboak zirela, batzutan hiltzeko, besteetan beren dendak zapuztuak izateko, besteetan hostiak jasateko, besteetan irainak sufritzeko…
    Arazoa da ETAk bere burua suizidatu behar izan duela euskal gizarteak ezin jasan zezakeelako horrelako tramankulu lotsagarria. Eta, portzierto, Cabacas Ares sozialista kontseilari zenean hil zuten, ez EAJri gaineratu besteek egindakoa.
    Zure logika oso logika gaiztoa da, Ba Ote, nola ertzainak ez duen barkamenik eskatzen orduan 850 erahildako eta 35 urtetako ekintza politiko-militarrak zurituak, barkatuak, ezereztuak gelditzen dira. Ertzainak zer edo zer gaizki egin badu aitortu eta esan dezala, eta ezker abertzaleak berdin egin dezala, baina ez duzue potrorik esateko “erahiltzea, bahitzea, jotzea, iraintzea, gezurra esatea, gure kausa internaizonalistarengatik, gaizki zegoen”. Zergatik? Zuen existentzia bera kolokan jartzea litzatekeelako hori. Zuen zoritxarrez, ezker abertzaleak gaitza besterik ez dio eman gure herriari eta humanitateari.
    ETA izan da azken hamarkadetan gure herria gehien izorratu duen erakundea eta hildakoen eta erasotutakoen zerrenda hor dago lekuko. Totum revolutum bat egin nahiko zenduke egi klaro hori estaltzeko, baina ez da posible. Etika eta giza-balioak errespatu behar dira, zuk esaten duzunaren kontra. Ez, denok ez gara errudun, denok gure ekintzen ardura partikularra dugu gainean. Eta ETA eta ezker abertzalearen motxila, jakin badakit, oso pixua da eta nahiko zendukete arindu esanez beste guztiok oso gaiztoak izan garela. Ez adarrik jo eta ez zure kirakoen krimenak zuritu.

  • Benat Castorene 2020-11-26 17:52

    Milesker Bentazar eta Ba ote. Dudarik gabe nik behintzat ikasten dut zuekin.
    Ikusten da atentatuak eta errepresioak ( edo alderantziz) direla eta, Herriaren bizitza guzia, herritarren artekoa, pozoindu zela.
    Bentazar deskribatzen duzun giroa esanguratsua da bainan suposatzen dut Ba otek balukeela beste horrenbeste kontatzeko.
    Horrek jadanik erakusten Etaren bukaerako taktika katastrofe ba zela, baina kontserbadoreen imobilismoa ere. Ezin dut imaginatu ere, Espainiaz gain, botere autonomikoan zirenek ere errespontsabilitaterik ez zutela errebolta horretan
    Ez da sekula ahantzi behar hori gertatzen zela autodeteminazio eskubidea ukatzen zitzaion herri batean. Horelakoetan, ezin ekidinezkoa da bi alderdi oposatu sortzea.
    Aldiz, Bentazar erraiten duzunean “autodeterminazioa konzeptu arrotz abstraktu”a dela guretzat sobera da. Beren foruak maite zituzten 1789ko gure arbaso lapurtarrak eta beharbada horrela pentsatuko zuketenak desenkusatzen ahal ditugu. Konklusioa da foruak galdu zituztela.
    Bainan zuk, 2020an, ordutik pasatu den guzia ikusirik, zer behar duzu gehiago burujabetzaren interesa onartzeko? euskararen desagerpena zure ondokoentzat?
    Galda ezaiezu frantsesei edo Suisei edo kurdoei edo enparauei ian autodeteminazioa arrotza den haientzat?
    Bentazar eta Ba ote zuen elkarrizketa zorrotza preziatzen dut baina mesedez segi poliki.

  • Ene Beñat, eskerrik asko zure komentarioarengatik.
    Gauza bat azpimarratu nahiko nuke: Ba Otek kontatzen duena eta nik kontatutakoaren artean bada desoreka nabarmena nik kontatutakoaren alde, ezker abertzaleak gainontzeko guztiak, abertzale ala ez abertzale, jipoitu eta zigortu dituelako. Eta gainera horrek eragin nabaria izan du gure herriko kaleen bizimodu eta elkar bizitzan. Kontuan izan beharrekoa da beste partidokoek, guztiek ezker abertzalea salbu, jasan izan duten bullying etengabea, ezker abertzalearen militantzia fanatizatuenaren aldetik. Poliziarik txarrena polizia txapelarik ez duena da eta garai batean ezker abertzaleko militante sutsu guztiak ziren poliziak herritarrarentzat.
    Autodeterminazio eskubideak ez du zeikusirik hori guztiarekin, Beñat. Ezker abertzalea engainu itzel bat zabaldu du. Autodeterminazioa gauza bat da, bere gradazioak dituena gainera, eta bestea gure herrieta jasanarqazi ziguten zapalketa itxuragabea. Autodeterminazioa aitzaki ustel bat besterik ez da izan ETA eta ezker abertzalearen bidegabeak zuritzeko asmoz.
    Ene Beñat, abertzale gisa, iruditzen zait herriak ikusi behar duela gure burujabetza eskubideaz gainera errealitatea goraltzeko iskilu bat dela. Maila batean, hori gertatzen da, Komunitate Autonomoko herritarrek kontsideratzen baitute dugun burujabetza maila onuragarri zaigula (eta, aldiz, espainolek kendu nahiko ligukete hori, pribilejioak direlakoan). Maximalismo erradikalak ez du irtenbiderik, ezker abertzaleak instrumento hutsa duelako dugun burujabetza maila gutxiesteko eta urrutiko intxaurretan bere bide galduak jarraitu dezagun.

  • Bentazar hori,
    noiz esan dut nik honen antzeko zerbait? “Zure logika oso logika gaiztoa da, Ba Ote, nola ertzainak ez duen barkamenik eskatzen orduan 850 erahildako eta 35 urtetako ekintza politiko-militarrak zurituak, barkatuak, ezereztuak gelditzen dira.” Noi esan dut etika eta giza balioak ez direnik errespetatu behar? Gezurrik ez, mesedez. Nik esan dut benetan etikaz ari bagara, denak aintzat hartzeko, ETAren guztiak, eta beste guztienak, eta bati eskatzen zaiona besteari ere beridn berdin eskatzeko. Zuk diozu hori justifikatzea dela, zure buru makurrean hala izan behar duelako, ezin duelako baten esan: bai, ETAK hil du, baina Ertzaintzak ere bai, eta biak argitu behar dira. Hortik aurrera, gezurrekin zabiltzanez nik esan ez ditudanak niri leporatzen, ez du merezi eztabaida honetan segitzeak.
    Bidenabar, Ugarteko EAJk babestu zuen epaiketan, eta EAJk igo zuen postuz.
    Argi geratzen da zure etika mendeku hutsa ezkutatzeko hitza dela.

  • Benat Castorene 2020-11-26 22:14

    Milesker erantzunik Bentazar Jauna.
    Autodeterminazioak graduazioak dituela? jostagura banintza errango nizuke oximore aire bat daukala esaldi honek.
    Zergatik “maximalismo erradikalena” ezkorki deitu estatus politiko egonkorrena herri gehienek gozatzen dutena eta beste anitzek nahi luketeena?
    Edo pentsatuko dukezu doaika ez dela existitzen? Frantziaren edo Espainaren egoerari erreparatuz europan? Baina biek brexit bat egin lezakete nahi balute.
    “Autonomoko herritarrek kontsideratzen baitute dugun burujabetza maila onuragarri zaigula (eta, aldiz, espainolek kendu nahiko ligukete hori, pribilejioak direlakoan)”.
    Ba orduan nago ian ez zinukete kezkatu hasi beharko. Zuen burujabetza maila ez da egonkorra Eman beharko duzue gero ta gehiago sumisio froga. Adibidez euskararen estatutusa nahi bazinute aldatu?
    Nik asko ikasi dut Lapurtarren historiarekin haiek ere 1789an oso kontent ziren beren burujabetza- mailarekin. Arazioa da pribiligioak zirela iraultzalarientzat. Konklusioa hau da: iparraldeko hiru probintziak ezabatzen ahal ditutzu zazpiak bat tradizionaletik.
    Gau on guzioi.

  • Barkatuko didazu, Ba Ote, zuk ateratako nire esaldi horrek zentzu osoa du eta zure logikaren emaitza logikoa da, nola “besteek” ez duten beren azio txarrak gaitzesten orduan ezker abertzaleak barra libre du bere ibilbidea ez ikutzeko. Baina kontuan izan Ertzaintza eta ETAren artean dagoen desproporzioa giza-eskubideak izorratze eremu horretan. Ertzaintza ez da sortu jendea hiltzeko, ETA sortu zen bezala eta ez ditu gainean ehunkako koadrilla baten hilotzak. Giza-eskubideak nabarmenki izorratu dituztenez gero ETAkoek eta ezker abertzalekoek horretaz irakurketa gizalegezkoagoa egin beharko lukete, baina ez zaudete prest, hori argi dago, eta gartzelatik hiltzaile bat ateratzen denean hara zoazte ongi etorri pinpirinak egitera, heroi bat izango balitz bezala heriotz eragilea goraipatuz. Esan dizut behin eta berriz, niretzat giza-eskubideen urraketek berdin balio dute batzuk egin ala besteek, arazoa desproportzio horretan dago, ezker abertzaleak gure herriko jende gehiena izorratzen saiatu da eta kolore guztietako jendea akabatu du. Kopuruz eta kalitatez ezker abertzalea da txapeldun giza-eskubideen urraketan. Eta honi gaineratu behar zaio “Euskal Herriko autodeterminazioa” zutela aitzaki horrelako estrategia eramaten zutenek, hau da, gainera gure herriaren eskubideen gainean giza-urraketa horien guztien zama jarri nahi da eta euskal abertzale guztiak kakaztu. Hori beste aberrazio bat da eta salatu beharra dagoela iruditzen zait.

  • Ene Castorene, noski autodeterminazioak edo, hobe esanda, burujabetzak, graduazioak dituela. Eta nahiz eta erakunde modu bat izan horren adierazle, batez ere herritarren gaitasunean oinarritzen da. Enpresa sozialak, ikastolak eta bestelako erakundeak eraiki ditugu euskaldunok erakunde politikorik gabe. Diodana badu bestelako oinarririk hegoalde honetako politikan. Gaztetxo nintzela entzun nion 1999an Arnaldo Otegiri, Lizarra-Garazi garaian, independentzia urte baten barru etorriko zela. Orain ere dio “euskal errepublika” sortzeko botoa ematen diela Espainiako presupuestoie. Nik horrelako joko bati “maximalismo faltsuaren” jokoa deitzen diot. Zenbat eta azenari potoloagoa atera orduan eta jendea eragiteko nahia da. Baina ez dezagula nahasi azenaria eta burujabetza.
    Gure herriak ez du apenas ezta izenik eduki, hamaika herrialdeetan barreiatua eratu da eta halaere iraun du orain arte. Gaur egun, hiru zonaldeetan banatua dago, baina bakoitzean badago jende kopuru bat euskalduntzat eta abertzaletzat duena. Gure esku dagoena jende hori martxan jartzea da euskaldunok eta abertzaleok elkarren aldeko kohesioa sortzeko kapazak garela eta gainontzekoak gurera erakarri. Hori da buruaren jabe izatea, dugunarekin libre izatea. Kapazak izango gara hiru zonaldeetan banatutako Euskal herritarrak borondate politikoz eraginkorki mugiarazten? Hori da gure menpe dagoena eta horrelako herrigintza batean lehiatu beharko ginatekeela uste dut.

  • Bittor Hidalgo 2020-11-27 11:07

    Bentazar identifikatugabeari / ezkutukoari :

    Hasteko, “gure Bittor” deitzen didazu eta zuk nahi edo ez nahi esango dizut ez naizela ez zurea, ez zuena… Beraz halako senidetasunik gabe hobeto ziur aski.

    Bigarren esan, nik zuk bezainbeste gaitzesten ditudala zure erantzunetan aipatzen dituzun ETAren ekintza eta jardun terroristak, gehienak ez direla zurigarriak, eta badugula denok zer hausnartua horien guztien gainean.

    Baina horrek ez dio inori baimenik ematen tontakeriak eta gezurrak esateko, edota inor engainatzen saiatzeko. EAJkoa izan, EAkoa, ezker abertzalekoa edo zernahitarakoa. Horregatik ezin da fundamentuz esan –eta nik nire hasierakora-edo itzuli nahi nuke–, zuk diozun bezala “frankismoa diktadura bat da eta frankismoa hauteskunde batzuekin bukatzen da [1977an]”. Hori soilik frankistek defendatzen dute, ze 1977tik aurrera bete-betean jarraitzen dute, batere garbiketa-aldaketarik gabe, frankismoaren botere faktiko garrantzitsuek, politikari frankistek, errege frankistak, epaile frankistek, polizia frankistek, armada frankistak (badago gogoratu beharrik Tejero izeneko bat, Milans del Bosch bat…?).

    Arrazoi emango dizut beste kontu batean, diozunean espres “Franco eta ETA bateratzea ez da zilegi”, nahiz zuk hitz horiekin ETA ‘gehiago’ gaitzetsi nahi. Gogoratuko dizut, nire hasierako artikuluan nioen bezala ETAk ia mila pertsona hil dituela bere jardunean –eta ez denak ardura militar berekoak–. Frankok berriz 500.000tik gora Espainia osoan (500 aldiz genozidagoa), eta Euskal Herrian 20.000 inguru (20 aldiz gehiago). Ez, arrazoi duzu: “Franco eta ETA bateratzea ez da zilegi”.

    Amaituko dut zure beste baieztapen engainagarri bat iruzkinduz. Diozu “Gernikako bonbardeaketa eta Miguel Angel Blanco-ren hilketa bi garai historiko zeharo desberdinetan ematen d[ir]a”, eta agian hala izango da. Baina Franco 1975ean hiltzen da, eta frankismoaren azken hilketa terrorista legalak, Frankok sinatuak, egiten dira artean hura hil baino bi hilabete lehenago 1975eko bertako irailaren 27an, ETAko militante Txiki, Otaegieta Espainiako FRAPeko militante Sanchez Bravo, Garcia Sanz eta Hunbero Baena, Gernikako bonbardaketa eta 38 urte beranduago. Ez dakit horiek ‘garai berdinak diratekeen’ ala ‘garai historiko zeharo desberdinak’, baina loturatxoren ere badukete seguru asko, eta ez da ere ezkutatzea komeni, ezta?

    Bakoitzari berea bide da legea. Edo behintzat behar luke edo…, ez?

  • Barkatuko didazu, Bittor, baina 1977tik aurrera demokrazia baten atarian eta barnean murgiltzen garelaren iritzia ez dute “frankistek” defendatzen (frankistek estatu kolpea egin nahi izan zuten erregimenaren kontra, gogorarazten dizut) baizik eta hauteskunde horietan parte hartu zuten gehiengo politikoak. Dena den, 1977ko hauteskundeak eta ondoren datozenak hauteskunde demokratikoak dira eta ezker abertzaleak parte hartu eta emaitzak onartu izan ditu, nahiz eta bere alboan ETAk dozenaka jendea hiltzen jarraitu.
    Noski frankismoaren botere faktiko garrantzitsuak jarraitzen dutela, noski judikatura ez dela garbitzen, ez polizia eta ez ejertzitoa… Oso kalitate txarrekoa zen eta da demokrazia espainola baina espainolek botoa ematen diote hori guztia mantentzen duen klase politikoari. Dena den, alderdi politikoak, sindikatuak, egunkari libreak ageri ziren erregimen horrekin eta ezker abertzalea berehala apuntatu zen bere erakundeak eta bere mugimenduak legalitzatzea, ETAk jendea sarraskitzen zuen bitartean. Beraz, nik ez dut uste espainiar demokraziaren kalitate eskaxa ETAren borroka armatuaren justifikazio izan daitekeenik. Zuk bai?
    Francok eragindako hilketak eta sarraskiak ETAren hilketen justifikazioa iruditzen zaizu? Esan dut lehenago eta errepikatuko dizut, frankismoa ETArentzat aitzaki izan dela, zergatik? ETAk (bi ETA ziren orduan) demokrazi kalitate eskaxekoan ehunak jende hiltzen sartu zelako, frankismoan baino askosaz jende gehiago erahilez. Nola justifikatu hori? Hor mina egiteko borondatea adierazten da argi eta garbi eta frankismoaren zapalketa eta zure kontabilitateak ez du zeikusirik. ETAk batez ere demokrazian ekiten du eta hori ezin daiteke estali frankismoaren kontuarekin, Bittor.
    Barkatuko didazu azkenekoz baina oso modu kiribiltsuan lotu nahiko zenduke Miguel Angel Blancoren bahiketa eta erahilketa eta Gernikako bonbardeaketa. FRAP eta ETAko afusilatuak diktadura baten barruan gertatzen dira diktadura horren eragilea, Franco, bizirik dagoelarik. Miguel Angel Blanco 1997an erahil egiten dute, Herri Batasuna, ezker abertzaleko beso politikoa hamaika hauteskundeetan parte hartu eta gero eta kargu politiko piloa eta erakunde batzuk kudeatzen dituelarik. Zeinek engainatzen du hemen txurrak eta merinoak nahasiz?Bittor, ETAren hildakoak Gerra Zibilaren sarraskiekin zuritu nahi izate hori aberrazio eta perbertsio humano eta politikoa dela iruditzen zait eta horretan erortzen zara behin eta berriz.

  • Benat Castorene 2020-11-27 12:40

    Bentazar, utziko dizut “burujabetasun”aren esanguraren erantzukizuna, nik baino adituagoa zara euskaran.
    Aldiz “autodeterminazio”a izango seguraz ere “autodetermination” hitz frantsesaren baliokidia, ezote?
    Laroussek honako hau erraiten digu:”Action de décider par soi-même, et, en particulier, action par laquelle un peuple choisit librement son statut politique et économique”
    Hemen “action de decider par soi même” et “action de … choisir librement” da garrantizkoena eta ez dut nehungo gradazio posibilitaterik ikusten ekintza horretan.
    Baina ohartzen naiz auzi-torta bat ari nitzaitzula egiten;
    Zure iritzia ez ote da sinpleki EAEko populuak Franco hil eta gero ukan duela jada autodeterminatzeko posibilitate erreala nun hautatu duen “par soi même” eta “librement”orain gozatzen duen nahikoa zaion burujabetasun maila?

  • Burujabetza eta autodeterminazioa txanpon beraren aurpegiak izateaz gain direna bezala definitu behar dira. Hau da, giza talde batek (herri batek) beste bati beldurra sartzeko duen gaitasuna baino ez dira. Horrela ulertzen ez duenak zientzia politikoen munduan nagusi diren arauak ezagutzen jarraitu behar du.

  • Ene Freud, burujabetza euskal filosofia politikoan sustraitutako ideia bat da eta autodeterminazioa ideia politiko moderno bat orain gutxi erditutakoa. Horrelako banaketa egin ez dezakeena euskal nortasunaz oso gutxi jabetuta dago (zure kasua).

  • Benat Castorene 2020-11-27 19:09

    Bentazar, Euskal nortasunaz jabetu ez den frantximantatzat denen aurrean agertzeko arriskua hartzen dut baina ene jakin-mina handiegia da.
    Nola definituko zinuke bada euskal filosofia politikoan sustraitutako burujabetzaren ideia?

  • Ur handiegitan sarrarazten nauzu, Beñat, eta horretan saiatuko naiz, nire jakintza apalaren arabera.
    Goaz, lehenik, euskal esaeraren esanahiera. “Bere buruaren jabe” izateak esan nahi du zure onean zarela (ero bat ez litzateke “bere buruaren jabe” izango), zure aukera baten jabe zarela eta aukera hori derrigor beti taldekoa, soziala, dela.
    Euskal baserrira bagoaz: premua ez denak badaki, etxean egotekotan, etxeko legeari obeditu behar diola eta bertan egoteko premuaren azpian dagoela (horren truke bizibidea eta ohea du). Baina etxetik kanpora joan daiteke eta berak etxe propioa sortu dezake. Ez da gauza itxia, norbanakoak aske izateko aukera baitu; odolak ez du balio printzipalik (nahiz eta etxean bertan segitzeko aukera eman), auzokoa izatea baizik. Auzokidetzak beste erakunde kate maila bat ematen du.
    Sandra Ottek Zuberoako eratzeaz egindako hausnarketa datorkit gogora. Berak bi gauza aipatzen zituen: bata, herritarraren ondasun amankomunen erabiltzeko eskubidea eta etxez etxe eta aranez araneko elkartasuna, “zirkularitatea” deitzen ziona.
    Etxeak eta auzoak sortu zuten Euskal Herrian erakunde eremu konfederala gero euskal herrialdeetan gorpuztuko zena. Hortik Biltzarrak, Batzar Nagusiak, Gorteak, eta abar. Nafarroan bertan zioten “ohitura legea da, beraz legea da ohitura”. Ohitura oinarritik herritarrek eratutako harremana zen. “Forua” edota Lege Zaharra hori da, behetik gora doan erakuntza baten isla. Behekoak ematen dio goikoari zilegiztasuna eta baliapidea. Eta behekoa, bere eremuan, “bere buruaren jabe” da “unibertsala” da, hau da, jurisdikzio unibertsala du bere esparruan. Horregatik deitzen zaio Aiari “universidad de aya”.
    Gaur egun elkarte autonomoan elkartutako hiru probintziek ikuspegi subsidiario hori islatzen dute eta arkitektura politiko propio bat eraikitzen dute. Egia da estatuak baduela beren gaineko botere teorikoa. Baina botere hau bitakoa bihurtzen da kontzertu ekonomikoei dagokionez. Eta botere hori bitakoa da baldin eta gehiengo espainolek euskal botoen beharra badute. Filosofia hori, beraz, formala ala ez formala izan daiteke (gauza batzuetan formala da eta beste batzuetan ez formala). Euskaldunok gure buruaren jabe ikasi behar dugu, beti herri txikia izango garenez gero estatu handien artean. Behin batean entzun nion Enbeita bertsolariari: “guztiok elkarren anai baina, geure buruaren jabe”. Elkartasuna derrigorrezkoa da, baina “geure buruaren jabe” ekinez. Burujabetza ez da, beraz, eskubide formal bat baizik eta praktika politiko bat, txikiak handiari aurre egiteko asmatzen duena. Praktika hori gure kohesioaren eta izan-nahiaren fruitua da. Zenbat eta elkartuago, kohesionatuago, hainbat eta hobe egingo dugu estatu formalen aurrean, ditugun baliapideak erabilita. Estatu jakobinoen aurrean, Frederic Bastyat baionarrak komentatzen zuen garai batean alde bateko eta besteko euskaldunek elkarren artean sortzen zituzten harremanak. Formaren gainetik, nik uste, praktika hori jarri beharko genduke, zerutik eskubide bat erori edo emango digutela itxoin beharrik gabe.

  • Benat Castorene 2020-11-28 18:27

    Bentazar jauna, eskerrik asko egin duzun esforzurako, gauza interesgarri asko dago, adibidez aipatzen duzun eta partekatzen dugun baserri eta auzo-zibilizazioaren garrantzia euskaldunen portaera politikoan. Baina datorren astean komentatuko dugu.
    Aldi honenan, aritu nahi nuke iruzkinaren funtsarekin:
    Eni iduritzen zait emaiten duzun burujabetzaren definizioa ez dela ez klarua ez zehatza.
    “…zure aukera baten jabe zarela eta aukera hori derrigor beti taldekoa, soziala, dela”
    -Nor da zu hori? Nor da taldea?
    -Zer da aukera hori?
    -“aukera baten jabe izaitea” ez ote da “erabakitzea” baino lausoagoa?
    Begira ezazu Larousse hiztegiak emaiten duten autodeterminazioaren definizioa:
    ”Action de décider par soi-même, et, en particulier, action par laquelle un peuple choisit librement son statut politique et économique”
    Populu frantziarrak du “libreki” erabakitzen alegia hexagonoko biztanle guziek ( beste inork)
    Zer erabakitzen du? zehazki “estatutu politikoa eta ekonomikoa”.
    Iduritzen zait gure definizioetan lortu behar ginukeela frantsesen zehaztasuna eta trinkotasuna bi kontzeptuen abantailak eta desabantailak arzterteko ezen ez baigara gelditzen ahal erraitera bat arrotza dela eta bestea herrikoa.
    Izan ongi eta laster artio.

  • Ur (ez urr) handiegitan sarturik zabiltzatela uste dut, baina noiz izan gara euskaldunak ur handitan ibilteko beldur eta lotsa? Eta bestalde, noizdanik ibiltera behartu gaituzte? Lavinek Nafarroa erresuma independente izan zen garaia aipatu ukan du eta Orreaga-Errozabalgo guduka ere aipa liteke. Izan ote ziren gure arbaso haiek terorristak hainbat franco hil zutelako, hil ala herio, bere (ez haien) lurraren eta askatasunaren defentsan? Gatozen gertuagora. Gure 36ko eusko gudari bere etxetik gudura joan behartuak izan ziren haiek ere terroristak, bizi ala hil borrokatuz etsai (eta anaiak ere ziren etsai burugorri) asko hil behar izan zutelako? Frantziarentzat hilak eta izan ziren euskaldun gudari behartuak ere terroristak ote hainbat ‘botxe’ hil zutelako, edo Frantziaren hil zirelako/zutelako heroiak bezala daduzkagu? Diktadurari aitzi egin nahian ETA sortu zutenak terroristak ote, edo haietarik egun espaiñolista bilakatu ez direnak bai, eta gaur-egun espaiñolista bihurtu diren batzuk ez? Eta PsoEkoek zer dute esateko, haiek izan baitziren Euskadin lehen erhaiketa politikoen egileak? Eta PPk zer du esango, frankismoaren ondoreango zuzena izanik?
    Frankismoa hauteskundeez amaitu zela? Bai ote? Ziri hori nahi badigute ere, ez dut uste euskaldunetan (euskotarren artean, alegia) hori sinets lezan anitz lagun legoenik. Zilegi ote zen, beraz, ETA bere ekintzei ekin zekien, diktadorea ohean zenduz gero? Ene eritzian, ez, zeren herri esan ohi dugun gizartea, gehienik, ETArekin bat ez baitzetorren. Haizu dugu pentsatzea herria, gehiena, okerturik eta ‘asimilaturik’ edo sorgorturik zegokeenik? Honela eta guztiz ere, euskaldun gehienek nahi dezatena onetsi behar dugu eta dukegu, abertzale bagara eta demokrata bagara.
    ETA eta bere inguruko ezker abertzale deritzon gizarte-talde hori, beraz, azken urteetan bide okerretik eta okerreko bidetik joan izan dela uste dut. Kaltea larria izan da, zalantzarik ez, eta kalte hori jasan ukan dutenak/dugunak ugari. Zorionez, ordea, eta ordu onean, lehenago izan balitz, hala ere, hobe izan zatekeen, ETAk armak utzi zituen eta euskaldun abertzale ezkerrekook beste bide zabalago, irekiago eta egokiago batetik jo dugu. Bidean geratu izan zaizkigu, betiko ere geratu, hilak eta zaurituak (bai eta bihotzean min, min etsia duten zaurituak ere), bahituak (zuloetan edo ziegetan) eta torturatuak, eta irainduak, eta bakea ikusi bagerik joan zaizkigunak, eta Euskal Herria askatua, batua eta euskalduna ikustera iritsi ez zaizkigun aitita-amamak, aita eta ama, adiskide minak, lagun hurkoak, auzokoak eta beste milaka.
    Ezker abertzalea deritzonak edo abertzale ezkertiarrek Euskal Herrian hainbat gauza on ere egin ukan dute, nork uka lezake? Baina, hemendik aitzina egin behar eta nahi duguna are hobea izan dadin lanari eta borrokari loturik segitu behar dugu, aitzinatu behar dugu, atzeari ikasteko so eginez baina beti aurrera begira. Luze izan dateke, urak handi, bidean errebelatzeko perila ere handia, ordea, albaikindoaz zuzen-zuzen eta noizbait iritsiko ahal gara/dira.
    Bentazar, Bai ote, Bittor, Lavin, Castorene…trainerua osatzeko batzuk ditugu falta, oraino, alabaina jaioko dira berriak.

  • Benat Castorene 2020-11-29 11:23

    Beti iduritu zait gure izaitearen parte jatorrena baserri eta auzo euskal zibilizaziotik. Baina ez da arraroa munduan.
    Lapurdiren historia esanguratsua piskat aztertuta, ene hipotesia da politikan gure joera foruzalea hortik datorkigukeela. Izan ere guk baino pertsonalitate gehiago ez zuten populu gehienek beti independentziarako argi ta garbi izan direlarik, gu uneka bakarrik gutiengo tipi bat izan ezik.
    Laborariek kalitate onenak dituzte baina pentsatseko eta erabakitzeko orduan beren baserrien preso dira, lur-lanak, kabalak eta abar … Horrek derrigortzen ditu hautsi mautsi bat aurkitzera kanpoko errege zapaltzailearekin. Izan ere, hiriko intelektual erradikalak izkutatzeko eskapu egin dezakeelarik atzerriko hiri batera, baserritarra iratiko bordatetik jautsi beharra dago behien deiztera eta oroz gain ez du nahi familia, etxea eta guzi suntsitua izan dadin.
    Kontua da gaur urrungo errege bakarrik diru eta uztagose horien ordez, estatu totalitario bi ditugula haien erdara inposatzen digutenak gure hizkuntza perilan jartzeraino.
    “Le cercle des montagnes” liburuari dagokionaz ez nue bururaini irakurri ahal izan hain triste baitzitzaitan Santagraziko gizarte horren desagerpenaren kronika, iparralde guziarenaren isla berantiarra baizik ez zena.
    Bukatzeko egin nizun definizio galderari buruz, azken iruzkinen hurrenkera errepasatu dut jatorria bilatzeko. Batean erran zinuela gradazioak bazirela autodeterminazio eta burujabetza egoeretan. Oker ez banago autodeterminaziorako frantses zentzuan ez dago. Bestenaz erranen zuten ko-determinazio edo horrelako zerbait, ez eta ‘auto’.
    Burujabetzarako, hiru euskal-hiztegitan bergiratu dut. Usaiazko definizio tautologikoez aparte, lausotasun tipi bat gelditzen bada ere,iduritzen zait buru jabetzaren baliokidetzat gehien emaiten dituztena direla askatasuna,menpekotasunik ez.eta horrelako. Ene definizioekin nekatu ez zituztedalakoan, igande on bidasoaz haraindian.

  • Ene Iñarrondo, inuxenteak izateko garaiak pasa zaizkigu eta pasa zaizkio euskal politika eta historiari.
    ETA hiltzen hasi zenean ikuspegi global-mundutiarra hartu zuen abiapuntu eta ETArentzat borroka nazionala klase borrokaren islada bilakatu zen: jada Orregako gudua, karlista gerrak eta 36ko gerra eta bere gudariak ere ez ziren ETAkoentzat erreferente nagusi, baizik eta Txe Gebara, Fidel Castro eta beste halako hirumundutiar komunista koadrillakoak. Bai, ETAko zuzendariek eta gaur egungo ezker abertzalearen mandatariek jakin badakite abertzaletasun erradikala amu izan daitekeela hainbat abertzale despistatu beraien alde jartzeko. Baina ez dezagula nahasi amua eta gure herriaren askatasuna-burujabetza. Ezker abertzaleak, Sortuk eta Arnaldo Otegik tradizio horretako internazionalista-marxista taldea osatzen dute eta horregatik hain dute maite Podemos talde espainol ezker muturrekoa. Beraien anaiak dira eta ez euskal abertzaleenak ezta nireak ere.
    Gure arazo nagusia horixe da, badagoela jende mordo bat abertzale abertzale dena zuzendaritza marxista eta ez abertzale baten azpian dagoena. Horrek zer esan nahi du? Klase borroka nagusi izan behar dela Euskal Herrian bertan ere eta zatiketa horrek gure indar nazionalak ahuldu egiten ditu. Ezker abertzale izena daraman hori ahultate horren eragile nagusia da.
    Asko pozten naiz (eta benetan txalotzekoa da zure jarrera) onartu egiten duzula ETA ez dela euskal herritarron ordezkari hauteskundeek erakusten duten bezala eta Franco hil eta gero erahilketan tematzea, bestelako herritarrak asimilatuak eta sorgortuak direla gaineratuz, ez dela ametigarria. Beste batzuk hemen ez dira horretara iristen eta pentsatzen dute Gernikako bonbardeaketa eta Miguel Angel Blancoren bahiketa-erahilketa elkarloturik direla.
    Esaten duzu ere ezker abertzaleak gauza on asko egin dituela. Espero dut ez beste batzuetan gertatzen zaidan gauza berdina zurekin gertatzea, eta ez erantzunik jasotzea, baina, mesedez, aipatuko zenidake ezker abertzalearen ekarpen positiboa? Zer ekarri dio onik gure herriari, abertzaletasunari, humanitateari?
    Azkenean, batasun abstraktu baterako deia egiten duzu. Berriz ere esango dizut, klase borrokaren ideologiak euskal abertzale eta herritarren arteko zatiketa eta borroka dakar. Zoritxarrez oraindik ez zaigu ezker-talde-partidorik Euskal Herrian ideologia hori albo batera utzi eta benetan euskal aberria eraikitzen eta bultzatzen ibiliko litzatekeena. Jendea bada horretarako baina talderik ez, Sortu eta Bildu delako zuzendaritza ez-abertzale marxista horrek baitu bahitua ezkertiar benetan abertzaleen kopurua. Zergatik benetan abertzale diren ezkertiarrek ez dute bestelako talderik sortzen?

  • Peru_Gabiriko 2020-11-29 19:28

    Bentazar,

    Ez al zara zahartxegi hemen hinki eta hanka, arrazoiketan eta ondorioka mareatzen ibiltzeko??

    Zu zara zu Maradona!
    Denak mariatzen dituzu hara-hona !

  • Ene Peru maitea, zure pareatua agitzez estimatzen dut.

    Eskerrik asko, bihotz bihotzez
    laguna Pello Gabiri
    zure bertsoak erantzun bat du
    oraintxe bertan merezi
    Maradonakin konparatua
    piskat harrotua naiz ni
    zentro aldetik gola sartzeko
    zu zara Lionel Messi.

  • Ezein politikari adimen handikok ez luke zure amua irentsiko, Bentazar, baina ni “inuxente” hutsa naizenez zure erronkari lotuko natzaio, mareatu edo txorabiatu eginen nauzulako beldurrik bage. Inuxentzia, hala eta guztiz ere, behar du batbedarak demokrazian bizi garela sinisteko. Har albaitzeneza Euskal Herri osoa bere hiru zatitan zatitua, eta erraiguzu non dagoen demokrazia delako sistema edo dena delako izen larriko hori. Oro lotua eta gogor lotua utzi zuela zioen harek bazekien zer zioen eta guk argiro dakusagu. Inoxoak gu!
    Zuk, non nahi den ere, marxista gorri-gorriak ikusten dituzu, itxuraz, eta, beraz, deabruak (tusuriak edo txerrenak) han-hor-hemen. Gu, aldiz, haien menpeko otxan eta inuxente laño bezain txotxolo xamarrak baizik ez gaituzu. Ailitez “benetako” abertzaleak bat eta bil beste alderdi (EAJ-n agian?) batean zuk aipatzen dituzun marxista horien uztarritik aska ahal gaitezentzat!
    Zuk aipa ez baina “antzinako” ezbertzale cheguevarista haiek nik gaur den egunean beste alde batean ikusten ditut: batzuk PPera ere iritsi dira (“Viva el Rey” diote orain bideo batean), gehienak Euskadiko Ezkerra saldu zutenean PsoEra sartu ziren… Estatu españoleko tresna bihurtu dira, eta ondo bizi dira, “antzinako” bekatua kofesatu eta barkatua izan baitzieten, estatuko eliza ofizialean barkatzeko boterea dutenek.
    Derradan, bide batez, hemen gertatu gauza batzuk, Espainiaren izenean (edo Frantziaren) egin izan balira, trerroristatzat ez heroitzat baizen hartuak izan ziratekeela haien egileak. Espainian frantsesen aurka borrokatu ziren “bandolero” haiek liburu guztietan “patriota” handiak dira (Curro Jimenez, egun, teniente jeneral izendatua izango litzateke). Frantziako erresistentzian bonbak ipinten eta jendea hilten jardun zuten (frantziarrak frantziarrei erasoka, maiz) haiek zer dira egungo frantziarrentzat, heroiak baizik? Terroristak argeliarrak, noski!
    Ezker abertzaleak onik egin ez duenik esateko gai ote zara zu? Deus onik egin ez duenik ez da, gizon/emakume! Sabino Aranak ezer onik egin ez ote zuen? Bai, alafede, handiak egin zituen! Euskal Herria (Euskadiren sinonimoa, niretzat-ene eritziz) iratzarri zuen. EAJ-k ere haren bidetik, eta gudua galdu genuen arte, berebizikoa egin zuen, guduaz gero, pittaka-pittaka itzalduz-itzalduz joan bazen ere. Eta orduan “ezker abertzalea” sortu zen (laburzki oro esplikatzerik ez dago) eta Euskal Herriak berriro diktaduran burua pittin bat jaso zuen (Burgosko Epaiketaren urteurrena dugu asteon) eta gure ikurrak, gure kultura, gure eskubideen aldarrikapenak gora joan ziren, ezker abertzalea indartsu zegoen lekuetan, batik bat. (Ni neu orduan EAJ-n, herrian gazte (ia) bakarra. Non zebiltzan geroago funtzionario bilakatu izan diren batzuk? Euskara ikasten, ez!) Gogoratu behar ote dugu, zein aldetan ibili ohi ziren urte zail haietan euskal kulturako eragile gehienak? Nork egin ohi zuen zubi-lana lantegietan kanpotik etorritako langileen eta autoktonoen artean? Aberri-Egunak nork jendez osatzen eta ugaltzen zituen? Zergatik ez zuen EAJ-k Euskara Batua egin? Zer egin zuen Nafarroan EAJ-k? Inork uste al du, zinez, Autonomia Estatutua “intxaurrondoa” astin eta inarrosteke erdietsi genukeela? (Derradan orain ez dakidala egindako ahalegin larri (eta batzuen latz) haiek guztiek “pena” merezi ote zutenentz. Agian, Jaungoikoaren esku utzi behar izan zen, Berak konponduko zuela eta)
    Zoritxarrez, oro lotua eta gogor lotua zegoen ( eta dago), bai eta Euskal Herrian ere. Sabino Arana Fundazioko Txema Montero ezabertzale cheguevarista-ohiak dioenez, guretzat ez dago gerorik, beraz J.J. Imazek egin zuena egin behar dugu: amor eman eta kito. Gu, ordea, euskaldunak izaitea, burugogor eta temati! Inuxenteok halakoook, gu geure geroaren jabe -noizbait- izanen garelakoan!

  • Komentzitu itzazu, Iñarrondo, Iparraldean, Nafarroan eta hiru probinzietan botoa ematen duten pertsonak eta esaiozu beraiei demokraziarik ez dagoela eta demokrazia dagoela zuk esaten duzun kosmos platoniko-imajinario horretan. Nire iritzia hauxe da, Euskaldunok demokrazia halamoduzko bat bizi dugu, baina argi dagoena da Nafarrak ez badira hiru probintziekin baturik edota hegoaldekoek Iparraldekoekin bat egiten ez badugu, ordezkaritza politiko askirik horretarako biltzeko kapazak ez garelako da. Eta hori lortu behar badugu, ordezkaritza politiko aski hori behar dugu lortu. Edota, bestela nola lortu behar dugu, Iñarrondo? Jendeari esanez demokraziarik ez dagoela zure borondatea ez delako jadanik bete?
    Baina, Sortu ez al da marxista? ETA ez al zen marxista? Arnaldo Otegi ez al da marxista? Beraiek beren buruak horrela definitu badituzte, zergatik zuk alderantziz egin nahi duzu? Eta marxistak badira, beraiek aitortzen duten bezala, eta Cuba eta Venezuela badauzkate erregimen anai bezala, erregimen horiek demokrata peto-petoak dira beraientzat. Horrelako oparirik nahi al duzu zuk gure herriarentzat? Berriz ere zure paragrafo hori irakurrita konturatzen naiz nahiz eta modu ironikoan eta antz-aldatuan nik esandakoa errepikatu, ez duzula benetan hori ukatzen. Ikusten dut, Iñarrondo, ez zarela inolaz ere inuxente, ez, zu oso listoa zara.
    Eta listotasun ildo horretan Euskadiko Ezkerrari gaineratu nahi diozu txegebarismoaren errua ala ardura. Ene Iñarrondo, orain urte gutxi hil zen Fidel Castro eta Arnaldo Otegik biribilki adierazi zuen harek Cuban eramandako iraultza zela berarentzat eta bere mugimenduarentzat iparreko izarra eta eredu-eragile. Eta Sortuk argi dio, ETAren garai bateko adierazpena errepikatuz, klase borrokak Euskal Herrian borroka nazionalaren forma duela. Zein engainatu nahi duzu hain modu ankerrean ezker abertzalearen ideologia ukatuz ala ebitatuz? Esango al didazu ETA “organización socialista revolucionaria de liberación nacional” hori ez zela sozialista eta ez zela marxista?
    Burgoseko prozesua aipatu duzu eta hara nola bertan ageri zirenek zer gauzak zioetan, “biba Espainiako langileria” “ni marxista-leninista naiz”, eta abar luze bat. Hori bai, gero PSOEra lerratu zen Mario Onaindiak Eusko Gudariak kantatu zuen eta denok pentsatu zuten hori zela ETAren mamia, eta ez aurrean nik jarritakoa, orain arte dirauena. Niri bost axola dit espainolek ala frantsesek zeintzuk aipatzen dituzten beren heroiak bezala, baina niretzat ETAkideak ez dira izan eta ez dira inoiz izango euskal heroiak, gure herria luzaro izorratu duen borrero kasta bat baizik. Edota pentsatu behar al dugu ganboarrak eta oinaztarrak, gure herria eta herritarrak biziki odoldu zituztenak, abertzaleak zirela armak erabiltzen zituztelako?
    Euskal kulturaren eragile gehienak abertzale eta elizazaleak ziren frankismoaren denborarik gogorrenetan, ETArik eta bere arrasturik oraindik ez zenean, eta akaso irudituko zaizu txatxukeri bat Koldo Mitxelena (Juan Ajuriagerra EAJko presidentearen idazkaria) euskara batuan izan zuen papera. Eta agian etxe-eskolen eta ikastolen mugimendua, EAJko jendeak eramana eta bultzatua, (gero beste batzuk etorriko ziren) ahuntzaren gauerdiko eztula dela. Eta nik ez dut esan ezker abertzaleak gauza onik egin ez duenik; zuri galdetu dizut ea zer onik ekarri duen. Eta, nik nire korreoan aurre ikusi bezala, ez didazu erantzunik eman. Zergatik?
    Eta orain esango didazu, bada, ETA militarrak sutsuki defendatu zuela Gernikako Estatutua? Gezurrik ez esan, Iñarrondo. ETA militarrak eta Herri Batasunakoak espainiar eskubi muturrarekin lerratu ziren Estatutoa onartua izan ez zedin. Zuk bai jasoko nahiko zenituzkela Estatutoaren intxaurrak ezker abertzalearentzat baina benetako historia ez dator bat horrekin (eta gainera, zuk ere, espainiar eskubiaren leloa “intxaurrondoa”rena, errepikatzen duzu).
    Niri bost axola dit Txema Montero zure kirako izandakoak esaten duena eta JJ Imaz oso tipo abertzalea iruditzen zait petrokimikaseko tesi doktorala euskaraz idatzi baitzuen, portzierto, eta orain enpresa munduan dago.Baina jakin badakigu ezker abertzaleak euskal enpresa gizonari eta euskal enpresari dion gorroto ikaragarria, nola estorsionatu izan ditu euskal profesionalak eta enpresariak klase gorroto ikaragarriz, bere ideologia (zuk ez ukatu baina ezkutatu nahi duzuna) dela merio.Hori bai, Burgoseko prozesuan ETAkide batek aldarrikatuako “biba Espainiako langileria”rekin bat egiten du Bilduk bere anai Podemoskoekin bat eginik.

  • Benat Castorene 2020-11-30 19:55

    Ohar tipi bat egin nahi nuke Iparraldeari buruz. Bentazar, diozun bezala egia da gure herrikide gehienek pentsatzen dutela demokrazia dela hemen
    Batzuk ez dira gehiago euskaldun sentitzn beraz haientzat normal da. Besteak aldiz oraindik euskaldun sentitzen direnak, ez dira konturatzen demokrazia hau ez dela neutroa baizik eta estatu batena, hots frantziarren estatuarena ez euskaldunena. Frantsesa inposatzen duena eta ez euskara salbatu nahi duena. Hau da gure drama.
    Erraitea gure ordezkaritza handitu behar dela? Guri dagokigunez behintzat hori baino hobe ezer erraitea ezen nola egin frantziarren inbasioa pairatzen dugunean?
    Duela laurogei urte %euskaldun zen uztaritze bezalako herri batean, jaz 80 sortu berrietan 60ek abizen frantsesa zuten.

  • Ganboarrak eta oñaztarrak aipatzen hasita, ez dakit ondo ulertu ote duzun nik horixe, hain zuzen, saihestu nahi nukeela, hots, berriz ere euskaldunen artean agramondarren eta beamondarren arteko gudua. Zuk, ni baino ‘listoago’ nonbait, gure arteko herrak eta garrak piztu nahi (bide) dituzu (eta oker banago, barka)
    Euskal Herrian (eta oro har Espainian zein Frantzian) demokrazia dagoela uste eta sinesten baduzu, herriak erabakitzen duena egiten dela alegia, bada, zu zeu, adixkide. Hor nik ere galde niezazuke “zein (nor) engainatu nahi duzun”. Dena dela, zerbait ondo diozu eta horretaz bat natorkizu: “…ordezkaritza politiko aski (nahiko) hori behar dugu lortu.” Castorenek erran dizuna asko.
    Nik “modu ankerrean” (!?) erantzun ez dizudala uste dudan arren, ez dut demaidazun aukera hau galdu nahi zuk ere “espainiar eskubiaren leloa” erabiltzen duzula esateko, marxismoa gora eta behera, Cuba eta Venezuela aipa eta aipa… eta intxaurrena EAJ-ko Artzalluzek asmatu eta airatu zuela esatea “ebitatuz”, eta beste batzuen ereduak ere aipatzeke, dela Pinocheten diktadura (EAJ-ko enpresario eta buruzagi handi gorliztar batek goretsia) dela Colombia (mila hildako baino gehiago urtean paramilitarren eskuz) dela Boliviako estatu-kolpea (EAJ-k gaitzetsi ez zuena)… zein urruti joan garen/gaituzun!
    Eta “eskubiaren leloa” zu baitan ongi errotua dela dirudi EHBILDU Sorturekin, ez besterekin, nahasten baituzu, Aralar, EA, Alternatiba, eta hainbat alderdibako dagozelarik. Otegi begitan hartua, bai, baina Iriarte, Iñarritu, Urizar… ikusteko itsu zaude (barka). Eta, batez ere batzuen iraganari begira zagozelako… beste batzuen iragana “ukatu ez baina ezkutatu” egiten duzun bitartean, eta geroari begira behar genukeelarik.
    Nik ez dut esan ETA militarrak Estatutua sutsuki ez hozki defendatu zuenik, bai, ostera, ETAkide izandako batzuek egin zutela (Euskadiko Ezkerra PsoEri saldu ziotenek, hain zuzen)… eta horiek ez al ziren “marxistak”, ez “terroristak”?… eta hala ere… ulertzaile onari hitz guti.
    Juan Ajuriagerra aipatu duzunez gero, ni horren hurbilean ibili nintzela esango nizuke (EAJkoa izan nintzen gaztaro haretan, orduan nik 17 urte) eta harekin jasan nuen dezepzioa, kamusada handia izan zela ere azalduko nizuke, behin bakarrik, ez beste inoiz, independentzia hitza ahoskatu baitzuen, zertarako eta Lemoizko Zentral Nuklearra defendatzeko! Ez albaitzeneza ahantz Mitxelena EAkoa izan zela, eta bere azken egitada politiko jendaurrekoan EAJ-ren agindupean ziharduen ETBren alderdikeria salatzekoa izan zela. Ez ahantz Mitxelena bere alderdian (EAJ-n) zeharo baztertua izan zela euskara batuagatik. Aipatu bage ez dut utziko, hala ere, EAJ-k hainbat arlotan egin duen lana oso egokia izan dela. Deus onik egiten ez duenik ez da!
    Ez dakit zure herrian, baina nirean eta inguruko guztietan Ikastolen sortzaileak “ezker abertzale” zeritzon aldean ibili ohi zirenak izan ziren. Egun ere argi ikusten da: EHBILDUko zinegotzi guztiak euskaldun berriak, beste alderdietakoak ez.
    Txema montero nire “kirako” (?) ez da inoiz izan, eta gaur den egunean zure esaera batzuekin bat letorkeela eta nago: harek ez dio begiratzen iraganari, bera “ezker abertzalearen” garai gogorretako eleduna edo irudia izan baitzen, baina egungo EHBILDU “demokraziara” moldatu denari egiten dio eraso, herorrek egin legez. Beraz, indarkeria (bai) erabiltzen zuenean gaiztoa zen eta indarkeriari utzi dionean… are gaiztoagoa, antza!
    Imaz euskaraz egin zuelako abertzale, eta Sarri marxista? Kubazalea?… delako, ez abertzale? Imazek Iparraldean Frantziako alderdi batekin lotu zuen EAJ, euskara, bretoiera eta beste hizkuntzen aurka “frantsesa Errepublikako hizkuntza ofizial bakarra” izan zedin (lehenago izan ez balitz bezala!) proposatu zuen hautagaiaren alde… Ez al zen Imaz “Espainia seduzitu” behar genuela zioena?… Azkenean, Espainiak bera seduzitu eta induzitu eta abduzitu zuen!
    Euskal enpresa gizonez denaz bezainbatean, nor ditugu horiek? Ybarra, Chavarri, Aguirre Gonzalo, Olarra, Garamendi… Circulokoak, Confebasquekoak? Francoren alde diruz eta gogoz egin zutenak/dutenak?… Bai, (izan) badira beste batzuk, Berazadi, Aginagalde, Korta… eta beste asko, zoritxarrez ankerkiro eta lazkiro egin ETAren hilketak eta bahiketak eta eraso guztiz gaitzesgarriak jasan dituztenak, pairatu eta nozitu dituztenak. Ez dut nik ukatuko, ez horixe, ez inola ere ezkutatuko, ez horixe, ETAk egin duen kaltea eta mina eta oinazea. Ez ahal duzu zuk ukatuko enpresa gizonik gehienek Euskal Herriaren askatasuna, batasuna eta burujabetzaren aurka jardun izan dutela… diktaduraren morroi izan direla… eta abar (luze bat)
    EHBILDUk anaia-arrebatzat daduzkala Podemosekoak? Bai eta EAJ-koak ere! EAJ-k anaiatzat ez ote daduzka PsoEkoak? ; ez ote zion laguntzarik eman anaia Aznar Ppkoari? “¿La autodeterminación para qué? ¿para plantar berzas? zioen Artzalluzek orduan. Ez zituen-a onartu Raxoiren aurrekontuak EAJk, “con el 155 no jugamos” zioen bitartean?
    Baina, tira, luuze noa eta luzeeeago (eta luzeegi) nindoake, eta ez da ordurik ez lekurik. Eta, batez ere, ez dakidalako zuk ulertu ote duzun (harroputza ni, e!) nik neronek ez ditudala maite oñaztarrak ez ganboarrak, eta geroari iraganari baino begiratzenago ari naizela.

  • Oso oker zaude, Iñarrondo, hemen euskaldunon arteko gerra badakigu zeinek piztu duen, enpresari eta profesional euskaldunak estorsionatu, tirokatu eta iraindu dituena, euskal polizia etsai gisa erabili duena eta euskal polizia eraso eta hil egin duena, euskal herriko herriak mehatxuz eta erasoz josi dituena, eta abar, eta abar. Etxekalte kanpoeder galantak ditugu ezker abertzaleko militante fanatikoenak bai atzo eta bai gaur.
    Ez duzu egi batere esaten, inolaz ere, euskaldun gehienok demokrazia eredu honekin ados daude eta zu eta gutxiengo bat ez. Ondo esan badut ordezkaritza politiko aski behar dugula izan abertzaleok gure herriko hiru zonalde horietan, hain zuzen da ez dugulako aski eta gure herriaren sostengu aski ez dugulako. Hori da demokrazia eta ez beste ezer ere. Herriaren babesa aski edukitzea.
    Espainiako eskubia, Pperoak ta Voxeroak, ez dute esaten sekula ETA eta ezker abertzalea marxista direnik, inolaz ere, beraiek diote sabiniano aranistak direla eta zuk eta biok dakigu hori ez dela horrela. Eta Cubarena eta Castrorena Otegik dio, ez Voxek. Beraz gezur borobil bat esan didazu, berriz ere. Intxaurrena ez zuen Arzallusek esan, Bandresek esan zuen Arzallusek esan zuela, orain ere espainiar eskubiaren esamesak zabaltzen dituzu inongo lotsarik gabe.
    Denok dakigu Sortu dela Bilduren aita-ama, Garaikotxea berak dio partido marxista-leninista dela eta Bildu mangoneatu nahi duela eta EA zaitua eta izorratua dabillela maneju horiengatik. Oso inozotzat naukazu edota oso listoa zarela iruditzen zaizu, Iñarrondo, Bilduko zuzendaritzaren gezurrak barreiatuz.
    ETA erakunde marxista zen, Sortu marxista da eta Arnaldo Otegi ere. Ezin didazu hori ukatu eta nola edo ala ari zara garbi dagoena ilun bihurtu nahirik. Bai noski Euskadiko Ezkerrakoak PSOEra joan ziren eta Bildu anaitasun betean dabil bere anai espainol Podemoskoekin. Ezin ukatuzko beste egi biribil bat. Bi kasu horieta ezkerkeriak izorratzen du beraien ustezko abertzaletasuna.
    Ajuriagerra abertzale handiari kakapusketa bat bota nahi diozu Lemoiz eta independentzia direla eta. Zure abertzaletasun aitzunaren tamaina erakusten du horrek. ETA sortu aurretik berak sortu zuen euskal erresistentzia gartzelan zegoela, gerra garaian, euskal abertzaleen sare bat sortuz frankisten bizarretan, sei heriotz zigorra ezarri zizkiola tribunal militar batek. Eta berak bultzatu zituen frankismoaren kontrako lehen greba politikoak 1947an eta 1951an. Baina zuk noski sinistu arazi nahi didazu berak zuzenean txorakeri hori esan zizula… Mesedez, ze bekoki zabal duzun.
    Koldo Mitxelenak ezarritako iritzia irabazle atera zen EAJn behin eta berriz eta bera EAJkoa zen euskara batua gauzatu zenean. Gero Eara pasako zen bere ideologia zipitzik aldatu gabe. Barkatuko didazu baina ikastolak etxe-eskolen emaitza izan zen eta ezker abertzale zipitzik existitzen ez zenean sortu ziren EAJko jendeak bultzatua. Bestela esatea listotasun beste ezaugarri bat besterik ez da. ETA berak esaten zuen 1973ko idazki batean ikastolen borrokan, estatalista eta EAJkoen arteko tirabiran, ezker abertzaleak ez zuela presentziarik. Aizu, nik badakit Ordiziko merkatuan saltzen dela gezurrak esateko makina eta irudi du zuk erosi duzula.
    Koldo Mitxelenak ezarritako iritzia irabazle atera zen EAJn behin eta berriz eta bera EAJkoa zen euskara batua gauzatu zenean. Gero Eara pasako zen bere ideologia zipitzik aldatu gabe. Barkatuko didazu baina ikastolak etxe-eskolen emaitza izan zen eta ezker abertzale zipitzik existitzen ez zenean sortu ziren EAJko jendeak bultzatua. Elbira Zipitria izan zen euskal maistren formatzailea eta Maritxu Barriola euskal udalekuen bultzatzaile nagusia. Biak Emakume Abertzaleko ordezkari eta EAJkoak. Bestela esatea listotasun beste ezaugarri bat besterik ez da.
    Joseba Sarrionaindiak Garavilla Bermeoko enpresari abertzalea bahitu zuen eta gero Kubako goxotasunean bizi izan zen, Kubako langileen izerdiaren kontura eta erregimenaren onespen guztiarekin. Bai, oso idazle ona da… Niri bost, internazionalista, marxista eta ez abertzale bat da Euskadiko Ezkerrakoak bezainbeste.
    Euskal enpresari gehienak abertzale eta euskaltzaleak dira, eta bestela esatea gezur borobil bat da. Gipuzkoako soziologia elektorala ikustea besterik ez dago. Bestela esatea ETAk ereindako klase borroka gorrotoari mesedea egitea da, zuk egiten duzuna, izan ere. Euskal enpresa, euskal enpresariak, kooperatibak, eta aber, ereduzkoak izan ziren bai nazionalki eta bai sozialki.
    Gauza bat da EAJk bataz beste PSOE, PP eta Podemos berarekin egindako itunak eta beste gauza bat Bildu eta Podemosen artean dagoen hilezinezko anaitasun ideologiko eta internazionalista. Hori horrela da. Egunen batean, horrela sinistu nahi dut, sortuko da benetako ezker abertzale bat, abertzale ez internazionalista, ez marxista, ez kubazalea, ezker normalita bat, EAJ benetan anaitzat izango duena. Ikusten dut zu ez zarela iritzi horretakoa, zuk estali, ezkutatu eta ilundu nahi duzu Bildu, ETA eta Sorturen izaera. Lehen gauza egia da, eta gardentasuna. Engainuak 35 urtetako borroka politiko-militar aitzun-ezkorraren ekarpena izan du. Portzierto, zeintzuk dira ezker abertzalearen ekarpen positibo paregabeak. Ez didazu erantzun….

  • Bentazar, ezker abertzalearekiko dekozun obsesioa ez dot uste bat ere ona danik. Zure idatziak irakurrita herri honen etsairik handiena ezker abertzalea izan dala emoten dau, eta ez gure izaera eta gure etorkizuna modu askean erabakitzea ukatzen doskuen estatuak. Ez dakit nongoa zaren, ezta non bizi zaren bez, baina nire esperientziak zeozer erakutsi badoste, behinik behin azken hamarkadetan, euskraren erabilpenean zein sustapenean baten batzuek inplikazio zuzena izan badabe, horreek ezker abertzale inguruko jendea izan dala. Eta honek ez dau esan gure beste hainbat esparrutan akatsik ez dabienik egin, ezta gitxiagorik ere, baina behintzat arlo horretan euren ekarpena ezin leike ukatu.
    Gaur egun beste borroka mota batzuei emoten dotsiela lehentasuna eta euskara bigarren maila batean itzi dabela? Ba seguruenik bai, baina hori beste afera bat da.

  • Nik oro ez jakin eta, hara, gezurrak esateko makina Ordizian erosten dela irakatsi didazu. On da jakitea. Zuk, nonbait, erosia badadukazu, agidanean, eta ziztu bizian darabilzu zure idazki horretan, arinegi, beharbada. “Ezker normalita” (sic) bat nahi duzula… “ euskal enpresari gehienak abertzale eta euskaltzaleak” direla diozu… (Ailedi egia!) “Mitxelenaren iritzia irabazle atera zen EAJn behin eta berriz” ere egiatzat damazu… “ Garaikotxeak berak dio partido marxista-leninista dela eta Bildu mangoneatu nahi duela” (hitzez hitz) non entzun diozun ez jakin nik, ordea (gure Alderdi barruko bileretan ez, behintzat)… “Si queremos la independencia, necesitamos la energía nuclear” Ajuriagerrak Arrigorriagako mitin batean esan zuela egia ez dela zure makina horrek baldin badiotzu… (Derradan, egiari zor, Ajuriagerra’ Agirre, Monzon, Irujo, Garaikoetxea, Ibarretxe eta beste asko bezala, euskaldun abertzale handia izan zelako uste osoa dudala) Eta intxaurrena Artzalluzek esan ez bazuen ukatzeko astia behinik behin izan zuenez, “entzun eta isil, baiezko biribil” (nik diot) “Gauza bat da EAJk bataz beste PSOE, PP eta Podemos berarekin…” A, bada, eta! EAJ-k egiten duenean egiten duen guztia ondo egiten du… ez besteek bezala. “Zuretzat perretxikoa” esaten zuen gure aititak (erderaz, noski “para tí la perra gorda”) hizkideak beti arrazoia berea zuela temati ihardukitzen zionean.
    (Ahantzi zaizunez, gogora behar dizut Ibarretxeren Plana “marxista” gorri maltzur horiei eta EAri esker atera zela aurrera Eusko Legebiltzarrean, EAJren barruan frankotiratzaileak -Imaz, Urkullu, Azkuna, Bilbao…- Ibarretxeren aurka jo eta ke ari zireino. Gero, zuen adiskide PsoE-PPkoek plan ha sarraskitu zuten, eta gero, zuek haiekin berriro… A, ““portzierto””, Gasteizko alkate Urtaran jauna marxista horiei esker heldu zen alkate izaitera; geroago, EHBILDUrekin itunik bat ere nahi izan ez zuen arren, PPrekin nahiago. Eta beste alkatetza batzuk EHBILDUri esker EAJrenak dira, egun, nahiz eta EAJ-k EHBILDUri bat baino gehiago kendu PsoEri emaite aldera… Uxue ere Nafarroako lehendakari’ marxista gorrion bozez izendatua izan zela oroitu zait, bat-batean… kontuz, gero, ez ote zareten zuek ere “filoetarrak”!)
    Dena dela, zure idazki horretan gehien kezkatzen nauena zure urduritasuna da, bestela ezin uler nezake horrenbeste irain pilatzea zuk, bata bestearen atzetik, horrenbeste akats, horrenbeste… Ehelegatü zirela dirudi, püntsütüa zirela… Lasai, gizon/emakume! Ni apaiza ez naizenez, azken hitza zure.

  • Ene Iñarrondo, ez diozu heldu nahi arazoaren katramilari eta normala da hori, ezkutatu ala ilundu nahi baituzu marxismoa ezkera abertzalea jokaera ez bakarrik giza-eskubideen kontra baizik eta praktika anti-abertzale batera deliberatu duela eta jende mordoa, abertzalea dena, bide antzuetatik gidatu du, azken batean ze emaitzetarako? Ehunka ETAkide preso giltzapean beren kondenak oso-osorik konpliaraziz eta ehunka heriotz bidean utzi dituela.
    Ajuriagerraren bidea mitin batean esandakoarengatik epaitu nahi zenuen eta hor ikusten da argiki zure ustezko abertzaletasunaren tamaina eskaxa. Garaikoetxeak dioena hemen ageri da:

    “Aquí hay diferencias ideológicas. Está la socialdemocracia moderada [EA] y el marxismo-leninismo [por Sortu]”

    Mangoneatzearena nik erantsi dut eta Sorturen marxismo-leninismoaren lotean sartzen da, garai batean HASIk Herri Batasunan bezala Sortuk Bildu katetu eta homogeneizatu nahi duelako (EAko istiluak horren lekuko dira). Noski, Aralarko eszindituak, Alternatibako komunista espainolak eta Sorturen artean ez da homogeneizazioaren beharrik, anai bixkiak baitira. Arzallusek ukatu zuen hori esan izana eta irakurri ez baldin baduzu horixe da espainol eskubiaren gezurrek asko asetzen zaituztelako, interes amankomunez EAJ laidotu eta iraindu nahi baituzu horrela.
    Barkatuko didazu, baina EAJk kolore guztikoekin bat egin du, Podemos, PP eta PSOErekin eta beti izan da edota hemen gobernatzeko eta handik hartzeko euskal herritarren hobebeharrez. Bilduk ituna egiten du, Arnaldo Otegik biribilki esan duen bezala, “erregimena suntsitzeko”, hau da, Espainian iraultza bat egiteko, Podemos bere lagunen hizkera eta logika bera erabiliz. Gauza bat da itun taktikoa eta bestea Bilduk Podemosekin duen batasun estrategiko-ideologikoa.
    Gero Ibarretxetaz monopolioa egin nahi duzu oso maltzurki, zure kirako abertzale faltsuen modura. Ibarretxe 2001an aurkeztu zenean Mayor Orejaren kontra zuek aski ongi esaten zeniguten “nahiago dugu lehendakari konstituzionalista bat lehendakari autonomista bat baino”. Hemerotekak irakurri besterik ez dago zenbateraino ezker “abertzaleak” Ibarretxe laidotzen zuen ikusteko. Portzerto, 2009an ezker abertzaleak ez zuen Ibarretxeren alde botoa eskatu, baizik eta “urrezko botoa” abstentziokoa zela zioen eta ezta EAren alde ere ez zituen bere indarrak jarri ilegalizatua zegoenean. Beraz, esan dazegun, 2009an Patxi Lopez lehendakari izan zela ezker abertzalearen “urrezko botoa”rengatik. Noski, orain Ibarretxe ez dela lehendakari reziklatu nahi duzue zuen gezur kanpainetarako. Bai Urtaran jaunari botoa eman zenioten, eskerrik asko eta aio eta ez etorri geyo… Zenbat EA eta EAJko alkate izorratu duzuen bitartean hamaika herrietan zure bullying eta irain kanpainekin. Eta noski, egia da Uxue Barkos izan da lehen lehendakari nafar abertzalea, Zabaletak eta EAkoek Nafarroa Bai dinamitatu eta gero. Botoak eman zenizkioten, bai, eskerrik asko ere bai (Uxue marxista denik ez dut esan baina noski zuk hori diozu oso erraza zaizulako nire lumatan jartzea esan ez dudana: heriotza defendatu izan duena gezurra esatea gauza oso normalitoa da). Irainak pilatzen ditudala, ene Iñarrondo? Urduritasuna? Inolaz ere, kriston lasaitasuna hartzen dut ikustean ezker abertzaleak ez duela jokaeraz aldatu eta gezurretan eta engainuketan ibiltzeko zu bezalako emisarioak bidaltzen dituela, bere engainuak eraginkortasuna edukiko duelakoan. Eskerrik asko azken hitza emateagatik, ihes egin zazu untxi baten moduan, gezurtiaz gainera, doilorra (balienteak gartzelan baitaude!).

  • Bittor Hidalgo 2020-12-03 10:47

    Sarrera idaztean ez zen nire asmoa azkenean bideratu den moduko eztabaida bati ekitea, baina birgogoraztea une batean aipatzen ez ziren gure herri memoria garrantzitsu batzuk. Eztabaidak hartu duen bidean nik uste dut Bentazarrek arrazoi asko duela esaten dituen kontu askotan, ez guztietan, eta era berean arrazoi asko dutela Bentazarri aurre egin diotenen kontu askotan, ez guztietan ere. Inor ez gara denean gezurt, ez tonto, baina ez dugu ere, pena, guztian asmatzen.
    Baina parada aprobetxatuko dut behin berriro eskatzeko abertzaleon arteko elkarlana, nazio ituna, nazioa eraikitzeko, 7 lurraldeetan, eta nazio eraikitzen ari garen bitartean. Nazioa eraikitze prozesuan ezin du gure etsai nagusia izan abertzaleon beste alderdiak (eta hori usnatzen dut erantzunetan, eta maiz alderdi abertzaleen eguneroko jardunean), bitartean bakoitzak bere aldetik bilatzen dituelarik akordioak alderdi Espainia zaleekin. Noski hauekin ere egin behar(ko) direla akordioak, baina lehendabizi gure artean? Eta bitartean gure kalte, etxe kalte!
    Ez da hala?
    Noski, ez da akordiorik biren artean batek nahi ez badu… Eta biek nahi ez badute, zeresanik ez? Zer egin genezake nazio akordio hori bilatzen dugunok?

  • “Batez ere, ez dakidalako zuk ulertu ote duzun nik neronek ez ditudala maite oñaztarrak ez ganboarrak, eta geroari iraganari baino begiratzenago ari naizela”. Egon deskantsu, Bentazar. Hala biz.

  • “Zer egin genezake nazio akordio hori bilatzen dugunok?”
    Ezker-eskuin konfrontazio antagonikotik urrundu ezean ezer gutxi.

  • Eskerrik asko, Bittor eztabaida egoki amaitzeagatik. Ondo izan zu ere, Iñarrondo.

  • Benat Castorene 2020-12-04 09:20

    ideiak eta hausnarketak euskaraz elkar trukatzea hil ala bizikoa da guretako. Gai horietan iraganberriagatik batzu oso mingarriak dira baina ezin dira ekidin, gehiago dena horiek ere aztertzea ezinbestekoa da..
    Aurkitu behar dugu portaera moral eta praktiko pertsonal eta kolektibo bat debateak ezdaitezen egudaino bezala bihur irain eta gaixtakeria inutil elkartrukatze bat.
    Posible ote da Zuzeuko debatea politikoak idatzi batean arautzea?

  • Bittor Hidalgo 2020-12-04 10:27

    Arandiren galderaren harian eta nireari helduta.

    Nik zinez uste dut gure bi alderdi abertzale nagusiak, biak, direla beldur elkar lanari ekiteko. Horrek zuzenean ekarriko luke elkarrekin erabaki beharra Espainiako estatuarekiko estrategia abertzalea. Estrategia irabazteko, nola? Ez bakarrik hitzetan edo Pazko igandeetan aldarrikatzeko. Eta hori ez da batere erraza aurrean dugun estatu indar faktikoen aurrean militarrak eta espainolak lasai-lasai aldarrikatzeko gai direnean 26 milioi espainol garbitu beharko lituzketela (eta ez dute exiliatu beharko raperoak bezala, ez dirudienez kartzelan sartuko gizateriaren aurkako delitu bultzatzaile gisa…). Ez da erraza, eta Katalunian erruz ari dira ordaintzen.

    Baina Katalunian alderdi abertzaleek ozta dituzte botoen erdiak eta legebiltzarreko eserlekuen erdiak. Zer egingo / lortuko lukete, zertara ausartu izango ziren horren ordez botoen 2 herenak baino gehiago balituzte (EAEn EAJ eta EHBilduren artean %66,9 bezala) edota legebiltzarrean eserlekuen % 70,7 (EAJ eta EHBilduren artean bezala EAEko Legebiltzarrean)? Zer egingo luke, emaitza horiek balitu, Eskoziako SNPk, dauzkanekin (botoen % 46,5, eserlekuen %48,8 2016an) egiten duena egiten badu jada?

    Eta hemen EAEn, zer egiten dugu? Nahiz egia ere baden ez direla uniformeak EAEko emaitzak, Arabakoak hurbilagokoak direla Kataluniakoetatik edo Eskoziakoetatik, Nafarroa Garaia ere bagarela, Iparraldea ere bai…

    Baina nonbaitetik hasi beharko dugu, ala? Ala, EAJ / EHBildu?

  • Bittor Hidalgo 2020-12-04 10:46

    P.S. Ez nuke hasi nahi eztabaidatzen bi aldeetako zein ote den beldurrago elkarlanari ekiteko, baizik nola bideratu elkarlan hori. Capito.

  • Esker–eskuin paradigmatik urruntzeko beharra aipatzen dudanean ez dut esan nahi propietate arazoari bere garrantzia ematen ez diodanik, baina monopolizatu gabe.
    Beste ikuspuntutik ere aporta baitezakegu; haize berria ondo letorkiguke modu irekiagoan aztertzeko eta alderatzeko. Denok esaten dugu pertsona jarri behar dugula erdigunean baina ez diogu merezi duen arreta eskeintzen. Bi galdera daramazkit buruan:
    Pertsona al da gizartearen osagai eta oinarria?
    Humanitatea, hau da, pertsona bere orokortasunean ulertzeko konzeptu abstraktoari buruz gai izango ginateke gutxiengo adostasun batera iristeko? Bere alderdi anitzak, biologia, soziologia, psikología kontuan arturik?
    Hortik abiatu eta adostasunak lortzeko erakusten dugun gaitasunaren heinean, nik uste, egoera hobeagoan egongo ginatekela pertsonen arteko eta herrien arteko harremanak hobeto ulertzeko eta arazoei aurre egiteko.

  • Katalunian hiru “alderdi abertzaleak” (eskuin-zentro independentista (orain bitan zatitua), ezker moderatu independentista, ezker erradikal independentista) independentista garbiak dira, eta botoa eskatzean hala ageri dira.
    EAEn, botoa eskatzean independentista gisa bakarrik EHBildu ageri da, ez EAJ. EAJk espresuki adierazten du PSErekin bat egingo duela.
    Bereizketa hori giltzarri da.
    Hori kontuan izanik, kopuruen batuketa horiek erori egiten dira.
    Baina, beno, jakina, zilegi da EAJ eta EHBildu elkarrengana batzeko ideia horri heltzea, nola lapa harkaitzari!

  • Independentzia etiketa gainean jartzeak ez du asko axolarik, Patxi, eta askotan, gainera, estrategia arazoetarako, guztiz kontraproduzentea gertatu daiteke. Begira zer gertatu zitzaien katalan “independentistei”: egun batean “independentzia” proklamatu eta urrengo egunean, dekretuz, autonomia kendu egin zitzaien. Hori bai, “independentista” horiek estatu espainolak eratu zituen autonomi hauteskundeetan parte hartzera abiatu ziren, ezer gertatu izan ezpalitz bezala. Ez, Patxi, ez, hori ez da bidea. Eta ezker abertzalearentzat, Bildurentzat, nola izan daiteke eredu bide antzu eta puskatu hori? Ba independentziaren aitzakiz txandrioa sortzea delako beraien estrategia. Independentzia hitz, slogan bat besterik ez da, benetako mamirik gabe.

  • Joxe martin 2020-12-05 19:05

    Bittorrek iñorkiña (garoa bere kabuz dator, inork landatu gabe) bezala kontsideratzea nahi du, baina ETAren indarkeriaren baloraziorako eskatzen duen eskeman ez da originala, ezker abertzaleak bere ardura estaltzeko erabiltzen duen bidetik jo du. ETA soilik ezin da epaitu, frankismoarekin batera egiten ez bada, diskriminatzailea dela esatera dator. Neri argudio hori, euskararen aldeko ekimenetan, gazteleraren diskriminazioa ikusten dutenen antzekoa iruditzen zait.

    Frankismoaren indarkeria Euskal Herrian ez du ia inork justifikatzen, aldiz, ez da gauz bera ETAren indarkeriarekin gertatzen. Beraz, bakegintzarako politikak, hori kontutan izatea zuzena iruditzen zait.

    Atera den beste gaiari, “Abertzaleen elkar-lanari” ez diot epe motzera inolako etorkizunik ikusten, beti elkartasuna, zerbaiten kontra, konfrontazio bidetik planteatzen badugu. Zeren zain gaude gure esku dagoena egiteko?, Estatuaren baimenaren eta Estatus berriaren zain egon gabe, asko dago egiteko. Baina jai dugu, aurretik, zerbait egiteko etsaia izendatu behar dutenek jarrera aldatzen ez badute.

  • Bittor Hidalgo 2020-12-07 10:53

    Egunon, Patxi (eta eskerrik asko hire iruzkinak izen-abizenez egiteagatik beste askok ez bezala). Arrazoi bide duk EAJri doazkion bozka guztiak (gehienak?) ez bide direla independentistak, independentista sutsuenak behintzat… Baina uste diat Kataluniako azken esperientziak, eta besteon aspaldikoak ere, irakasten digula ez zaigula erraza izango independentzia prozesua. Horregatik aipatzen nian nire azken iruzkinean “elkarrekin erabaki beharra Espainiako estatuarekiko estrategia abertzalea. Estrategia irabazteko, nola? Ez bakarrik hitzetan edo Pazko igandeetan aldarrikatzeko. Eta hori ez da batere erraza”. Are EAJk bildutako bozka guztiak independentzia zale sutsuenenak balira ere. EAJ eta EHBildu independentzia zale sutsuenenen indarrak Eusko Legebiltzarrean bilduta ere, nola iritsi hortik (EAEren) independentziara? Nik uste diat bi aldeek ere diotela BELDURRA bide hori zehazten hasteari, biek ere dakitelako, EHBilduk ere, nahita ere, EAEren independentzia ez dela egingarria izango Espainiako estatua -zerbaiteagatik- askoz ere egoeran ahulagoan aurkitu arte (Erregerik gabe geratzen direlako, militarrek eta hauen itzalekoek estatu kolpea saiatzen / ematen dutelako, ekonomia krisi ikaragarria eragiten delako, Eskozia, Quebec edo beste zeinahi independizatzen delako…, zernahirengatik). Abertzaleok egin genezakeen hoberena duk, nire ustez, halako une bat sortzen laguntzea, eta batez ere prest egotea independizatzeko aukera baliatzeko halako unea suertatzen denean, ezen suertatuko dek. Bitartean ez diat uste independentzia ez lortzearen errua EAJk duenik, ez EHBilduk, baizik Espainiako estatuaren indar faktikoen indarrak. Beste gauza bat dek eztabaidatzea bitartean EAJrena den edo ez den, EHBildurena den edo ez den, halako une bat prestatzeko / aukera denan aprobetxatu ahal izateko estrategiarik hoberena… Nire uste apala duk estrategia abertzale okerrena dela une horren zain gauden bitartean geure artean aritzea bata bestea ahuldu nahian, “beste” abertzaleak balira bezala gure etsairik okerrenak… Ez gure etsaia Espainiako estatu antidemokratikoa duk, derrigorrez gaituena estatuaren barne, eta geure etorkizuna erabiketzeko eskubiderik gabe. Espainiako estatu antidemokratikoa, eta beronen antidemokrazia defendatzen duten Espainia zale guztiak…
    Hik ez duk hala uste?

  • Barkatuko didazu nire anonimotasun lotsagabea, Bittor, baina hor nonbait irakurri dut eta konforme nago gauza txarra dela “independentzia” eraikitzea etsaia seinalatu eta gero.

    Lehenik eta behin, noizdanik ari gara erabiltzen independentzia-ren palabro delako hori? Sabino Arana izan zen lehen tipoa Euskadiren burujabetza planteatu zuena eta erderakada hori ez zigun oparitu gure helburu politiko nagusia bataiatzeko. Independentzia, independencia espainolaren itzulpen zuzen eta pobre bat besterik ez da. Konzeptu espainola eta espainolez pentsatua dagoena. Ezker abertzaleak horrelakoak egin izan ditu beti, soberanía españolari “subiranotasuna” konzeptu ez-eufoniko eta konzeptualki arrotza asmatu zuen ere, “lurraldetasuna” “territorialidad” delakoaren eratorketa itsusi eta txiroa bilakatu zuen. Euskaldunak espainolak ez frantsesak ez bagara (eta ni horretaz sinistuta nago) izan da, lehenik, “soberaniarik” ez dugulako ametitu gure baitan ez besteekin harremanetan, “lurraldetasun” batasun-jakobino moldea arbuiatu dugulako eta independentzia abstraktu baten ordez burujabetza mamitzen jakin dugulako.

    Beraz, galdeketa bakarrean gauzatzen den estatutasun-formala ametituko lukeen aktu horren bila indar guztiak jartzea ez zait gauza ona iruditzen. Espejismo baten atzetik ibiltzea da. Gogoan dut Lizarra-Garazi garaian Otegik esan zuela, 1999an, independentzia urtebete barru lortuko zela. Larritasuna eta ohargabetasuna sorrarazteko tramankulu bat izan da orain arte ezker abertzaleak planteatu digun independentzia bide oro.

    Etsai amankomun batek EAJ eta Bildu batasun politean jarri ditzakeela pentsatzea ere ez zait oso gauza zinezkoa iruditzen. Ezker abertzaleak gatazkan eta borrokan du bere ideologia eta hori ereiten saiatzen da Euskal Herriko edozer kale bazterretan. Nere herrian ikusten dut, semaforo bat jarri, zabor sistema bat adostu ala parke bat eraiki behar denean, orain arte ez badugu alegin amankomunik eduki gauza txikietarako, gauza txit handi baterako izango dugula pentsatzea eta horren alde lan egitea kontraesan sakonekoa da eta alferrikako lana.

    Espainolei ala espainiar estatuari independentziaren ezaren matraka gaineratzea gure burua engainatzea iruditzen zait. Noizpehin % 60 euskaldunok politika hori helburu izango balute eta erabat komentzituak izango balira, estatua ez litzateke oztopo izango. Nafar ala Autonomi Elkargoko parlamenturen batetik independentzia aldarrikatu eta kitto, eslobenoek egin bezala askosaz egoera larriago batean (hau da, Serbiako gudarostea martxan zegoenean). Arazoa da urrutiko intxaurretan ibili beharrean gure artean mamitu behar dela gure herriaren indarra, gure artean egin behar direla politika abertzaleak, gure artean sortu behar dugula gizarte kohesioa… Zein da gure elkar bizitza eta elkar lana oztopatzen ari dena behin eta berriz? Zeinek begiratzen dio Espainiari “erregimena” aldatzeko horren ondorioz Euskal Errepublika izango dugulakoan? Gure artean sortu behar dira abertzale indarraren baldintzak eta bestela jai daukagu (eta noski ezkerreko karlistada bat egitea euskal abertzaletasuna borroka espainol batean alferrik galaraztea dela uste dut).

  • Bentazar, bigarren parrafoan diozuna ez da egia. Soberania, independentzia, autodeterminazioa, luarraldetasuna kontzeptuak ez dituzte espainolek asmatu, nazioartean erabiltzen diren kategoria orokorrak dira. nazioarteko Zuenbida publikoaren kontzeptu naturalak. Autodeterminazioa, burujabetza, independentzia eta abar. Nazioartean onartuak, ez espainolak. Ergelkeria galanta nazioarte osoan onartutako kontzeptu horiek “espainoltzat” jotzea.
    Guk ez dugu Presidente edo Lehen Ministrorik, ez, Guk “lehendakari” txit jatorra dugu. Ez dugu Parlamentuarik, Legebiltzarra dugu. Ez dugu Gobernurik, jaurlaritza dugu. Poliziarik ez, ertzaintza dugu. Polizia, gobernua, ministroak eta parlamentuak ESTATUEK dituzte. Guk, folklorea eta zikiña, besterik ez, hori, eta hitz asmatuak: Aldundia, Lehendakari eta Ertzaintza tarteko.
    Eta baten batek pentsatuko du hobe dela horrela, munduko estatu eta botere hizkuntza guztietan erabiltzen diren hitz normalizatuak erabili beharrean gure XIX eta XX neologismoekin ibiltzea.
    Azal diezadakezu zein den zure buruan burujabetza eta soberaniaren arteko diferentzia? Nik sinonimotzat ditut. Eskertuko nizuke azalduko bazenit zein alde ikusten dituzun subiranotasuna eta burujabetzaren artean, kontzeptu politiko diren aldetik.
    Jakin dezazun, euskal soberaniaren aipamenak erdi arotik dituzu foruen testuetan. Diozunean “Euskaldunak espainolak ez frantsesak ez bagara (eta ni horretaz sinistuta nago) izan da, lehenik, “soberaniarik” ez dugulako ametitu gure baitan ez besteekin harremanetan”, gezurra diozu.
    Foruetan duzu soberania/burujabetza barra-barra.
    Benetan uste duzu lurraldetasuna/territorialidad kontzeptua espainolen asmakuntza dela? Uste duzu estatuen lurraldetasun printzipioza (“territorial principle” inglesez, “territorialitätsprinzip” alemanez), nazioarteko zuzenbide publikoaren onarrizko printzipioetako bat, espainolek asmatua dela?
    Nazioarteko kontzeptu juridiko-politikoei uko egitea proposatzen duzu?
    Azaldu dezakezu zer duen lurraldetasun kontzeptuak, hura baztertu behar ziateko? Hitzak sortzen dizu arazoa edo kontzeptuak? Zein hitz proposatzen duzu lehenago aipatu dudan “principio de territorialidad del estado”, “territorial principle” delako hori itzultzeko? Zergatik territorialidad-eak balio dien munduko herri guztiei, guri izan ezik, azaltzerik bai?
    Nazioartean onartuta eta erabiltzen diren kontzeptu juridikoak baztertze hori ezin ulertu nabil. Eta ya pentsatzea inbento espainiar edo frantsesak direla, enfin.

  • Nik ez dut esan, Ba Ote, espainolek asmatu dituztenik konzeptu delako horiek, esan nahi dudana da ezker abertzaleak espainol hitzetatik itzuli dituela eta mentalki espainolak izaten jarraitzen dutela ezker abertzaleko buruzagiek ahotan erabiltzen dituztenean. Ezker abertzaleak, zentzu honetan, ez du Euskal Herriko benetako burujabetza nahi, baizik eta Espainiaren kalko txiki izango litzatekeen Euskal Herri mentalki nahiz izpiritualki españolizatua.

    Portzierto, ze neologismo polit eta egokiak zuk bigarren parrafoan aipatzen dituzunak. Gainera euskal filosofia politiko batek erditutako erakunde sistema ezinhobe adierazten dute. Aldundia, Legebiltzarra, Jaurlaritza, Lehendakaria… euskal abertzale batentzat eraginkortasun politikoaz gainera poesiaz blaitu diren ideiak dira. Zuk noski “folklorea eta zikiña” deitzen diozu gure herriaren historia loriotsuaren parte diren gauza guzti horiei. Zerrren izenean? Existitzen ez den herri, aberri eta estatu baten izenean. Ezerezetik diarduzu gure errealitate propioa erasotzen.

    Burujabetza eta soberania bi gauza txit diferenteak dira eta euskal kultura politiko gehixeago eduki beharko zenduke. Soberania soberano-erregetik datorren hitza da eta botere bertikala, absolutoa, goitik behera doana, eta gune bakarrekoa adierazten du. Burujabetza behetik beherakoa da, etxetik herrira, herritik aranera eta aranetik eskualdera behetik gorako botere ez absolutoa eta anitza adierazten du, Euskal Herriak iraun duen bezala, estatu bakar bat gabe kondaira gehienean, baina eratua eta askea. Horregatik diot ezker abertzalea, bere egitura propioaz eta bere zuzendaritzaren bertikaltasun eternoaz, espainiar ala frantziar botere sistemaren errepika besterik ez dela.

    Nafar estatua erreinua zen formalki baina bere egitura ez zen frantsesa ez espainolen antzekoa: “Nafarroan ohitura legea da, beraz legea ohitura da”. Horrela dio nafar foruak. Beraz oinarriko auzo eta etxeak beren buruaren jabe ziren eta Nafarroako erregeak ez zuen eskubiderik horrelako eremuetan. Gezurra zuk diozu baina ezjakin larriz. Ikastazu zer den politikoki euskaldun izatea.

    Nazioarteko konzeptu juridiko politikoak gure laguntzaile izan behar dira eta gure nortasunaren eragile eta ez alderantziz, zuk proposatu bezala. Nik ez dut Espainia ala Frantzia txiki bat eraiki nahi. Dena den, subiranotasuna, lurraldetasuna, independentzia eta horrelako hitzak hizkuntza espainoletik hartu dituzte ezker abertzaleko ideologoek eta gainera mentalki marko espainola inportatu dute eta horregatik hainbeste urtez ezker abertzaleek muzin egin diote nafar herritarrek zuten nahiari. Hau da, espainolitate obligatorioaren bertsio euskaldun bat sortu nahi izan dute. Penagarria da hori.

  • Burujabetzaz diozuna zuretzat oso baliagarria da, baina soberania kontzeptua nazioarteko zuzenbidea aplikatzen eta erabiltzen dena da, ez goitik behera ez behetik gora. Soberanoa da, burujabea, beste inorren menpean ez dagoen estatua. Hor jarri gaitezke poesia egiten eta behetik gorakoak eta goitik beherakoak aipatzen.

    Subiranotasuna kategoria definitu bat da, bila ezazu interneten (gaztelaniaz, ingelesez edo errusieraz) eta esanahi berbera du: gainetik aginterik ez duen estatua. Subiranotasuna hitza beharrean burujabetza hitza erabili nahi duzula, ados, kontzeptua berbera da. Nafarroa estatu burujabea zen, behetik gora edo goitik behera eraikia egon. Pretenditzea subiranotasuna/lurraldetasuna eta kontzeptuak aipatuta espainia txiki bat sortu, edo marko mental espainoletan jokatzea dela, ezker abertzaleari diozun zure herratik soilik ulertzen den zerbait da.

    Jarri gaizteke EAJk atera duen legedia aztertzen, ikusteko ea zertan den zuk diozun euskalduntasun politikoa, espainiaren aldean. Ea gai zaren azaltzen non geratu den euskalduntasun politikoa Euskadiko Toki Erakundeen 2/2016 Legean, Espainiako 7/1985arekin konparatuta, adibidez. Ikusiko dugu hor ea nork eraiki duen (eta ez saiatu, zure ezker abertzaleak bezala, kasu honetan eraiki, boterea izan baitute EAJkoek) espainia txikia Euskal Herrian, espainiako lege oro bere hartan kalkatuz. Zuzenbide Zibila ere “espainiartu” dute 5/2015 Legearen bidez, propio hemengo hainbat figura juridiko baztertuz, kastillako zuzenbidan hobeto txertatzen direnak baliatuz. Funtzio Publikoaren 6/1989 legea, 2/2006 Hirigintza Legea (literalki, madrilekoaren kopia bat), ingurumenaren 3/1998 legea (madrilekoaren kopia hau ere), jendaurreko iksukizunen legea (espainiakoaren kopia merkea)… Hor duzu EAJk sortu duen Espainia txiki honen marko juridikoa. Ez juridikoa bakarrik, ikus dezakegu zein eredu jarraitu duen Confebask eta antzeko lobbyak eratzerakoan (espainiako eredua jarraitu da, beste batzuk, Alemania edo Asutriakoa adibidez, baztertuz), edota nola ari zaigun EITB Murtziako tratu txarren berri ematen, baina Baionakoez ahazten, zein marko kulturaletan finkatzen diren EITBko programatako galderak, nola dioten “los vascos que viven en Hendaia” Teleberrian, lotsarik batere gabe. Baina hori egoki da, ez baitu ezker abertzaleak egin, nahiz espainia txikia izan.

    Nik estatu bai nahi dut, ez espainia edo frantzia txiki bat. Estatu subirano bat. Ikusiko dugu espainia txikia edo AEBn kopia, zer ateratzen zaigun.

    Bidenabar, Sabino Aranarena da “Bizkaia por su Independencia” liburua. Ezagun du Sabino Arana ere, “independencia” kontzeptu espainol horrekin, marko mental espainolen bila zenbilela.

  • Barkatuko didazu, Ba Ote, baina soberania konzeptua frantzian sortu zen, teorizatua izan zen Jean Bodin filosofo absolutistarengatik XVII mendean, legearen “maiestas” delakoa adierazi nahi zuen, hau da, legeak eragin behar zuen derrigorrezkotasun eta izua herritar txatxuaren aurrean, errege-soberanoa zela horren ikur eta adierazle. Absolutista jakobinoek bereganatu zuten bere estatu eredu bertikal eta zentralizatuaren ardatz bezala. Ene Ba Ote, konzeptu guztiek dute jatorri finko bat eta soberaniarekin gauza berdina gertatzen da. Ulertzen dut, lotsagarria gertatzen da ustezko euskal abertzale batzuk konzeptu hori aldarrikatzea, soberanismoarena, “subiranotasuna”rena bere euskal mordollo mesprezagarrian.

    Eta ezin ukatuzkoa da soberano-errege deituratik eratorria dela, hau da, errege absolutoa duela bere lehen esanahaiaren ikur eta gero “estatu” absolutoarena. Konzeptu horiek Euskal Herritik eta euskal garunetatik herbesteratu behar direla uste dut nik.

    Ezker abertzaleak sortu ditu eta irauli ditu euskerara eta Euskal Herrira soberania, independentzia, lurraldetasuna eta horrelakoak. Bai noski Sabino Aranak gazteleraz “Bizkaya por su independencia”-z mintzo da, baina Bizkaia da subjektua, hau da, lur-laua eta hiribilduen konfederakuntza forala eta Bizkaiak ez du Nafarroa ala Gipuzkoa Bilbora derrigor uztartzen, baizik eta euskal eskualdeen konfederazioa ala batasuna proposatu egiten du. Behetik gorakako, oinarritik goi-erpinerako, batasuna proposatzen zuen Sabino Aranak burujabetza gisa.

    Eta Euskal Komunitate Autonomoa horrela eratua dago, Aldundi-Gobernuaren elkarketa konfederalarekin eta behetik gorakoarekin. Noski, legedia mota askotakoa da eta askotan ez dugu zertan ezer asmatu beharrik, legeak bere alderdi teknikoa eduki dezake, orduan hor asmatzen ibiltzea tonto xamarra da eta Espainian ala Euskal Herrian berdin balio dezake. Dena den, ahal den neurrian, espainiarren eredutik eskapo egin behar dugu eta gaizki, oso gaizki, iruditzen zait ETB Murtziako tratu txarrei buruz berri ematea hemengo gauza izango balitz bezala (baina hemen, noski, ezker abertzaleak demagogikoki ereindako “genero” obsesioa badago tartean eta denok dakigu ETBko kazetari gehienak ezker abertzaleko konsignak jarraitzen dituztela).

    Nik ez dut euskal “estatu soberano” bat nahi, nik nahi dut Euskal Herri bere buruaren jabea, eta burujabetza ez dut zeikusirik estatu baten formalitate hutsarekin, burujabetza orain bertan egin genezakeen ekintza da eta orain bertan ditugun baliapideetan txertatu daiteken indarra da, norbaitek estatu baten domina emango digun edota zerutik eroriko zaigun esperoan egon gabe. Burujabetza atzo eta gaurkoa da, eta ez bihar-inoizkoa.

  • Joxe martin 2020-12-07 19:25

    Hitz “potoloak” muturreko ideologiak oso gustukoak dituzte. Frentismorako oso egokiak izango dira, baina elkarlan bideragarrirako oso kaltegarriak.

    “Independentzia eta sozialismoa” helburu estrategikoaren inguruan taktika ezberdinak ezagutu ditugu, guztiak elkarlan bideragarriak hankaz gora jartzeko oso aproposak. Hori bai, atzo zuria zena gaur beltza izaki ere, zatiketaren erruduna beti partidu zahar epela.

    Jende asko asperturik dago (gehiengoa esango nuke nik) elkarlana, beti, “amets haundien” pean jartzeaz. Hauek behinere ez dira bideragarriak izan, erruak besteei botatzeko beste ezertarako ez dute balio izan.

    Gure Euskal Herria ez da “konkista eta gerla” haundiekin osatu; eten gabe, ekintza txikiak bideratuz egin du aurrera. Zergatik independentzia eta sozialismoa, “hilen berpizkundeaz” hainbeste denbora galdu?, ezin al ditugu lehenago gauz txikiak konpondu?.

    Gizartea, gure esku dauden gauzekin, elkarrekin indartu dezakegu, baliabide asko batu ditzakegu. Bideratu ditzagun aberastasuna sortzen duten enpresak gure herri izaera, gure identitatearen alde; jarri dezagun martxan bi parlamentuetan onartu duten enpresa-eredu berria, parte-hartzailea eta inklusiboa.

  • Bentazar,
    Legediarena, barkaidazu, baina ez da hala. Ez baita gauza bara Hirigintza sistema bat ala bestea. Ez dira berdin Amsterdam eta Marbella, bi araudi ezberdin baitituzte. Guk (EAJk) Marbella kopiatu dugu. Eta hori ez da ezker abertzalearen gauza, legea EAJk idatzi zuen osorik.
    Hezkuntzan, LOMCE kopiatu dugu (Herriberri deitura jarrita, jator-jator, berriro ere folklorea), ez Finlandia edo Portugalgo araudia, edo Alemaniakoa edo Txinakoa, berdin dit. Unibertsitateko hautaprobetan ikasleen %37an Foruak “erregek emandako pribilejiotzat” jo zituen duela bizpahiru urte. Hori ez da ezker abertzalearen errua, hori hezkuntza kurrikuluma diseinatu dutenena da.
    Telebistan, TVE eta Telecincora begira gaude, BBC edo CNN-ra beharrean, eta informazio fokoa eta erreferentzia informatiboa erabat Madrilen jarria. Eta hori ere ez da ezker abertzalearen gauza, EAJrena baizik, berak eraiki eta gidatu baitu EITB.
    Zuk ezker abertzaleari egozten diozu erru guztia. Hara, ez dira gauza berbera gobernua eta oposizia, oposizioa armatua egonagatik. EAJk EAEn 40 urtez agindu du. Emaitza ikusten dugu. ETA hor egon da, ezker abertzaleak ez ditu EAJren proiektu gehienak babestu, eta nahi duzun guztia, baina gaur egungo egoeraren ardura agintean egon den horrena da. EAEn gauza ikaragarri arraroa pasatzen da: 40 urtez alderdi berberak agindu du, eta meritu guzti-guztiak bereak dira, baina porrotak edo HB edo Madrilenak.

  • Bapatean hirigintza da zure oinarri puntua gure erakunde sistema eta gure filosofia politikoa epaitzeko. Betiko katramila konstruktorak eta horrelakoak madarikatzeko, espekulazioaren matraka, eta hainbat soinu, ezker abertzaleko zorriek egiten dituztenak beren existentzia politikoa justifikatzeko. Baina, Ba Ote, hori zuen buruari kontatzen diozuen ipuin bat da, Euskal Herria eta euskal hiriak Amsterdametik gertuago dira Marbellatik baino eta gure herriko kaleetatik pasiatu behar da hori ikusi al izateko. Gauza bat da legearen forma eta bestea bere aplikazioa eta ondorioak txit desberdinak direla argi eta garbi dago.
    Lege gehiegi dago eta legegile gehiegi dauden legeak kendu eta/edo berriak ezartzeko irrikiz dagoena. Legeak ez dira ezer herririk eta herritarrik ezbada.
    Bai, noski, gaineratu beharko diogu berriz ere ezker abertzaleari euskal historiaz dagoen ezjakintasuna, gazteei betiko dogma marxista ematen baitie bazkari ideologikotzat. Noski, euskal marxista batentzat foruak “pribilejioak” dira edota agidaneko antiguallak eta hori saldu diote bere parrokiari. Ea noiz jartzen zareten euskal nortasunaren benetako izaera ezagunaraztea, oraindik ez dut ikusi.
    ETBk ezker abertzalearekiko duen joera gauza lotsagarria eta deigarria da eta penagarria ere eta edozeinek ikusten du hor. EAJk badu horretan ardurarik baina ETBn saltzen dena ez da EAJren mezua baizik eta ezker abertzalearen kultura esterilizatua eta telebista piztea eta berta dokumentalak ikusi besterik ez dago horretarako.
    Noski, EAJren emaitza ikusten dugu, Espainiar eredutik oso bestela eta Europako maila altuenekin konpara daitekeen erakunde eta gizartea egiten laguntzea, nahiz zuek betiro esan Euskadi eta Marbella gauza berdina direla.
    Sentitzen dut baina ezker abertzaleak bere porrota onartu beharko du teorian, praktikan hori gertatu baita. 3 negoziazio prozesu izan ditu eta bertan gatazka amaitzeko aukera, azkeneraino luza-arazia izan dena eta gainera emaitza hor dago, ehunka preso gartzeletan eta 850 erahildako. Saldo hori da zuen kontabilitatea emaitza mailan. ETAk bere burua urkatu behar izan du euskal herritarren aurrean lotsagarriki ez agertu arren. 35 urte sofrikario, sufritua eta sufriarazia, eta esaten didazu gauzak oso gaizki daudela eta PNV eta Jesús Gil gauza berdina eta bera direla. Mesedez, bromarik ez.
    Madrileri zer gertatzen zaio? Terrorismoa eta ustez nazionalism radikala derrotatuak izan direla eta halaere abertzaletasuna eta abertzaletasunak egiten lagundu duen erakunde eta gizarte eredua indartu egin direla, espainoltasun normalitoa anormala de Euskal Herrian. Eta nola beraientzat arazoa Euskal Herria den, eta ez terrorismoa, ba oso izorratuak daude.

  • Bittor Hidalgo 2020-12-08 09:38

    Badira elkarlanerako zubiak eraikitzen ahalegintzen direnak, eraiki nahi dituztenak, eraikitzen dituztenak, eta zubi guztiak dinamitatzen ahalegintzen direnak, dinamitatu nahi dituztenak eta dinamitatzen dituztenak…
    Non kokatzen zarete zuek, Bentazar, Ba Ote? Nik badakit, de facto, gure elkarlana gehien oztopatu nahi duen estatu espainolaren aldean, hori bai, munduko arrazoi guztiak zeuen babes dituzuela, baina mesede flakoa eginez gure herriari… Hori gura dozue? Hori egiten dozue… Barkatu, baina hala sentitzen dut…

  • Bittor Hidalgo 2020-12-08 09:53

    P.S. Pentsatzen jarrita…, agian hori da zuen btebeharra…

  • Bittor, zubiak eraikitzeko gauzak argitu behar dira eta estrategiak aztertu.

    Nik dakusadana da hori une honetan oso hastapenezko prozesuan dagoela. Ezker abertzaleak ez du iraganari buruzko gogoetarik egin nahi. Nire ustez bi gauza ametitu beharko lituzke, bata, erahiltzea gaizki egon zela (etikoki gaizki, esan nahi dut) eta horren alde jarritako alegin ideologiko guztia perbertsio huts bat izan zela; eta borroka politiko-militarrak porrota izan zuela, ez zuela gauza onik ekarri. Ikusten duzunez, txanpon bereko bi aurpegiak dira hauek.

    Ulertzen dut gogorra dela hori egitea, baina ideologia eta izpirituari dagozkion alegina da. Hitzez esan izatez antzaldatzeko eta behin hori gertatuta, benetako abertzaleen arteko kohesioa eta elkarlana jorratzea.

    Eskerrik asko zuk egindako aleginarengati.

  • Joxe martin 2020-12-09 15:33

    Zubiak toki jakin batera iristeko eraikitzen dira. Eraikitzeko laguntza eskatzen bada, helmuga partekatua dela suposatzen da. Hori ez da gertatzen elkarlana modu taktikoan eskaintzen denean, mamia ezkutatuz azala erakusten  denean. “Independentzia eta sozialismoa”ren pean jartzen den autodeterminazio – ogiaren azala gustukoa izan daiteke baina mamia guztiz txarra ba deritzogu,  zergatik erosi behar dugu ogi hori?
    Elkarlana modu estrategikoan hartzen bada eta ez taktikoan, helburu (azalez eta mamiz) amankomunak plazaratu beharko ditugu; bakoitzarentzat utziaz beren “hilen  berpizkundea”, besteei laguntza eskatu gabe.