Mamorroaren aurka

Mamorroaren aurka –

Kotoiaren proba dira bizi dugun muturreko osasun larrialdia bezalako krisiak. Eredugarritzat dugun geure lehen munduko jendarte garaikidearen lohiak azalera irtetzen dira, limoiari lizuna hazten zaion era bertsuan. Ekonomiaren makinaria martxan mantentzea hobestean, langileen eta berauen familien bizitzen ordez. Orduan, profil argazkiko paradisua erkatu dezakegu bapatean, geure aiten eta amen, amonen eta aitonen bizitza erlatibizatu duen zohikatzarekin. Eta emotikono irribarretsu bat jarri diezaiekegu balkoietako poliziei, hurkoari oihuka, plakadun agenteek egurtu bitartean. Eta milaka dira hildakoak egunero -koronabirusaren aurretik ere baziren-, aitzitik berdin dio, ez badira ni, ez bada orain eta ez bada hemen.

Mamorroaren aurka
CC: Silvision (Flickr)

Sobera irabazita dugula uste dugun normaltasuna oztopatzen ez duten arazoak maite ditugu. Ez digutenak beste alde batera begiratzera behartzen. Funtsean, besteren arazoak edo arazo abstraktuak, balizkoak, berehalakotasunean eragiten ez dutenak. Dena da ni, dena da orain eta dena da hemen. Egia ankerra da, eta sare sozialetan kontrakoa tuiteatzen badugu ere, ez zaigu batere axola geure seme-alabei, bilobei, utziko diegun munduaren nolakotasuna. Ez zaizkigu gure aiton amonak eta berauen ongizatea deus inporta. Futitzen gaitu jada bertan dugun katastrofe klimatikoak, edo mediterraneoko etorkinen sarraskiak. Garrantzitsuagoa da ni, orain eta hemen. Gainontzekoa erlatiboa da. Edo sobera erraz erlatibizatzen dugu. Besteen mina, mina baino gehiago besteena da, txiokatu zuen behin batek.

Azkenean, garaitu behar duguna ez baita koronabirusa, hark agerian utzi duen geure erraietako mamorroa baino. Amazonen erosten duena. Mugikorrari lotuta orduak igarotzen dituena, besteren zorigaiztoetan kontsolatuz. Darwinianoa, mesfidatia eta berekoia. Bakarrik nahi gaituena, munduaren kontra. Garai uherrok erabili ditzagun komunitatearen balioa eta beharra; komunitarioa, norbanakoaren unitatearen gainetik jartzeko. Publikoa pribatuaren gainetik. Berrabiaratze soziala egin dezagun, mamorroari kontra egin eta elkarrekin ekiteko, munduaren alde. Lohiak hondoratzen direnean ere.

Mamorroaren aurka

Ekaitza bainuontzi batean