Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik

Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik –

Saharar gizartea txundigarria da. Duela 45 urte eskas asko eta asko nomadak ziren, ganaduarekin basamortuan zehar bueltaka, hodeiak iparrorratz eta izarrak GPS. Hamarkada gutxi batzuen barruan bizitako aldaketak muturrekoak izan dira (gerra, ekonomia, kultura…), eta horregatik, batzuetan, gauza moderno eta antigoalekoek tupust egiten dute. Talka horien artean zoragarrienetakoa iruditzen zait “majzera”.

Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik

Gizarte sahararra patriarkala da. Bai.

Familia buru ofizialak gizonezkoak dira. Ados.

Lan banaketak oso definituta daude sexuaren arabera. Egia da hori.

Testuinguru hori aintzat hartuta, emakumeek badauzkate haien trikimailuak, haien amarruak, begi bistan dirudiena baino askeagoak izan eta itxura hutsez ematen duena baino gehiago agintzeko; nahiz eta, esan bezala, gizartea patriarkala den, eta jarraian azaltzera noan azpijokoa horren ondorio zuzena.

Bizimodu nomadak gizonak etxetik urrun mantentzen zituen denbora luzaz, arrazoi ugari medio: gamelu karabanak osatzea azukrea edota tea garraiatzeko, besteen karabanak erasotu eta zeukatena ostea, gudak, erromesaldiak… Emakumeak geratzen ziren familia eta ondasunen kargu, eta hilabeteak, urteak, igarotzen ziren berriz ere senarra etxera etortzen zenerako. Jakin badakigu, bai emakume eta bai gizonontzat, bai han eta bai hemen, adiskide txarra dela bakardadea.

Demagun bi urte kanpoan igaro dituen gizona etxera itzuli eta urtebeteko haurrarekin topatzen duela emaztea. Ez dago Stephen Hawking izan beharrik gertatu dena ulertzeko. Gizona hortik aurrera ibili zen bitartean zer egin zuen ez daki inork, ez baitakartza frogak gorputzean; baina emakumeak bai, bistan dena, eta horren aurrean emakume saharrarek engainu bat baliatzen dute: majzera.

Zer da majzera? Senar-emazteek sexu harremanak izan zituzten duela bi urte. Larru saio hartan isuritako haziaren zati bat emakumearen baginako zoko ezkutu eta paraleloren batean gordeta geratu da; hibernatzen, esan dezagun. Bapatean, “x” denbora beranduago (emakumeari komeni zaiona), hazi hori bere gordelekutik atera eta artxila-mortxila, emakumea ernaltzen du. Teorema honen arabera, beraz, kanpoan bi urte igaro dituen gizonaren umea da urtebeteko haurra.

Horixe da majzera: emakumeen eskura dagoen tresna bat, nahi dutenarekin larrua jo eta, haurdun geratuz gero, baliatzeko. Kontu guzti honen alde onena da emakume denek dakitela guzti hau zientzia fikzio gordina dela, baina gizon askok, tradizioak eta lege zaharra errespetatu behar horrekin, itsu-itsuan sinesten dutela. Gainera, epaile batek ziurtagiri bat sinatzen du kasuan kasu esanez baietz, emakume hori majzera dagoela, eta ez dela hortik aurrera lizunkerietan ibili. Kuban ikasitako gazteak lehertu egiten dira kontu honekin.

Herri mugimenduko zenbait espresioa apalaldian omen daude. Egoera ezberdinekin lotuta, behin baino gehiagotan entzun dut: “aurreko urteetan egindako lan guztiak oinarria eskaintzen digu zerbait berria jaio dadin”. Baina zeure mugimenduak aspaldi honetan ez badu “larrurik jo”, hortik zerbait berria sor daitekeela pentsatzea “majzera”n sinestea bezala da.

Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik
Aktibismoa, ekintzailetasuna, emakume gezurra, Herri Mugimendua, Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik, Mendebaldeko Sahara, realpolitik, Sahara
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Majzera: emakume gezurrak eta realpolitik”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude