Madonna baino hobea da Juaristi

Ez dakit norena den esaldia, baina nik Eider Rodriguez lagunari entzun nion estreinako: “Gaur euskararen alde gehien egin dezakeena, Madonna da”.

Esaldiak kalanbre handia eman zidan eta gogoeta egin behar izan nuen bere sakoneran ulertzeko. Eiderrek esan nahi zuen, gauzak eta mundua dauden eran egonda, modako kantu batek gehiago egin dezakeela euskaren izen onaren alde, hamaika Kontseiluk baino. Eta gauza bera zatekeen Michael Jackson edo Rolling Stonesekin ere.

Ordea, nire ustez, Patxi Lopez Lehendakariak Jon Juaristi Euskararen Aholku Batzordeko kide izendatu izanak, Madonnak egin dezakeena baino mesede handiago ekarri dio euskarari. Bai horixe. Eta, batez ere, Juaristi jaunak bazter guztietan zabaltzen duen euskararen aurkako lerde pozoitsu horrek. Baina gaizki diot, pozoitsua baino, oparoa baita egiazki Juaristik barreiatzen duen muki lirdingatsua.

Nik neuk pare bat liburu irakurri dizkiot Juaristi jaunari, eta bakoitzean indartu baizik ez naiz egin neure euskaltzaletasunean. Email bidezko harremana ere ukan nuen duela urte batzuk Sautrela saiora gonbidatu nahian, eta gizona apurtxo bat ezagutzen dudala iruditzen zait, harreman adeitsu hartaz geroztik.

Kontua da azterketa hotzago baten karietara, aitor ezinezko mesedea egiten digula zenbaitek judutzat hartzen duen Juaristik euskararen oraina eta geroarekin kezkatzen garenoi.

Alde batetik, Juaristi izendatze halamoduzko eta zalapartatsuarekin, agerian uzten da Patxi Lopez jaunak zorrak dituela eta handiak Partidu Popularrarekin, ez baita ahantzi behar, sozialista baino, Esperanza Aguirreren kortako zaldi dela Juaristi Madrilgo Komunitatean. Beraz, gure artean bederen, Lopez zorduna eta menpekoa dela erakusten digu horrek, askea eta burujabea behar lukeenaren lekuan. Lopezen irudiaren kaltean, jakina.

Bestalde, Juaristik esaten dituen gehiegikeria horietako ugari, nik neuk eskertu egiten ditut —jeltzaleen sexua eta ahuntzak aipatzen dituen hori tarteko—, oso komiko egiten baitzait estilo zakar hori.

Bernardo Atxagak esan zidan behin, arrazoiarekin, Juaristik ezin duela sekula bere borroka irabazi, Kixotek bezala, existitzen ez diren erroten kontra egiten baitu borroka bere zorabio unamuniarraren erdian oraindik.

Euskarari dion gorroto ero hori erakusten duen bakoitzean Juaristik, berehalako lau efektu on gutxienez gertatzen dira guretzat:

  1. Agerian geratzen da izendatu zutenen euskararekiko axolagabekeria edo/eta aurkakotasuna.
  2. Areago lotzen gaitu euskaldunok geure hizkuntza eta kulturaren borrokatxora. (Egia esan, Popeyeren ziazerbak baino elikagarriagoak zaizkigu Juaristiren hitzak.)
  3. Euskararekin jarrera epelekoak direnak ere ekartzen ditu euskararen aldeko zakura, bestenaz sekula ere bilduko ez litzaizkigukeenak.
  4. Euskara batere maite ez dutenak lotsarazi egiten ditu halako zoro-erakuskeriarekin eta euren jarreraz harro egotetik, lotsa sentitzera iragaiten dira sarri. Berdin pentsatzen jarraituko dute, baina lotsatxo moduko baten igurtziarekin.

Juaristik jotzen duen musika horrek guztiak, badu baina, bosgarren efektu bat ere: kokrodiloei dantzarako musika alaia dakarkie eta ufi eta afa egiten duten dantza, denek elkarrekin eskutik helduta. Espainiako Legioak ere pauso bakarra eramaten duen bezalaxe ahuntzaren atzetik. Arerioaren folklorea da hori eta hala behar badu, bedi. Partekatu ezin dugunez, ikus dezagun leihotik balitz bezala ihauteri.

Zergatik kezkatu, beraz?

Gainerakoak haserretu egingo zaizkit, baina Euskararen Aholku Batzorde berria antolatu dutenetik, ez dut uste hango inork egin duenik Juaristik haina euskararen alde. Ala ezagutzen duzu hoberik?

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)