Los ezaugarris

Los ezaugarris

Kalean goazela, ezagun, ezezagun edo lagunen batekin gurutzatzerakoan hamaika burutazio iritsi ohi zaizkigu maiz: “aspaldi ikusi gabe”, “zein txamarra polita”, “aurpegi hori ezaguna egiten zait eta ez dakit zergatik”, etab. Aurrekoan (denek dakigu “aurrekoan” hitza erabiltzean duela hilabete batez edo duela 5 urtez hitz egin dezakegula), ezagun batekin gurutzatu nintzen. Ezagun horrekin gurutzatzean burura etorri zitzaizkidan burutazioak oroitzapenak izan ziren. Musukoa dela eta begirada soilik zuen agerian, baina nahikoa izan zen.

Los ezaugarris

Badakit oroitzapen horiek onak ala txarrak diren jakin nahi duzula, egia esan ez dut oso argi. Baina kontatuko dizuet. Ezagun horrek nirekin ikasi zuen unibertsitatean. Zenbait irakasgai gazteleraz genituen. Irakasgai horietan aurkezpenak, eztabaidak eta hausnarketak egin ohi genituen ozen denen artean. Eztabaida, hausnarketa eta aurkezpen horiek euskaraz erosoago egiten nituen? Bai. Hobeto espresatzen nintzen eta gaiak sakonago lantzera animatzen nintzen, beraz? Bai. Guztioi gertatzen zaigu hori hizkuntzekin? Bai. Nik euskaraz gauzak hobeto adierazten ditudan moduan beste batzuk gazteleraz, alemanez edo frantsesez, oso ondo. Gaztelerazko aurkezpenetan ohikoa zen noizbehinka hitzen bat ez atera eta “los ezaugarris” bat botatzea. Ordurarte ikasketa guztiak euskaraz egindako ikasle asko geunden klasean eta ordurarte aurkezpenetan mekanizatuta genituen betiko ohiko atal asko inkontzienteki euskaraz eskematizatzen genituen. Beharbada identifikatuta sentituko zara.

Horrelakoetan ez zen ezer gertatzen, irribarre urduri lotsati bat, ikaskideren baten begirada konplize bat, irakaslearen aurrera jarraitzeko keinua eta denak pozik. Denak edo ia denak.

Beti baitzegoen zirikatu behar zuen norbait “20 urte eta oraindik gaztelera ondo ez menperatzea ere…”. Hori entzun nuen momentuan haserrea eta amorrua sentitu nuen. Bere jokoan sartzeko gogoa sentitzen nuen “nik behintzat euskaraz dakit” bezalakoak botatzea pasatzen zitzaidan burutik. Ondoren arnastu eta bere jokoan ez sartzea hobeto zela hausnartzen nuen, ez zela nire estiloa. Singularrean ari naiz baina egoera bera bizitzen genuen “los ezaugarris” kolektiboko denek. Konplizitate polit eta xelebre bat sortzen zen une horretan, ez dakit. Horregatik ez naiz gai aurrekoan kaletik ezagun horrekin gurutzatzean etorri zitzaizkidan oroitzapenak onak ala txarrak diren baloratzeko. Apaldu nahi horrek gehiago batu gintuen eta. Eta hori edozein dimentsiotara eraman daiteke.

Nik “agur” esan nion, berak “adios” erantzun.


Los ezaugarris

 

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude