Lorik ez

Lorik ez –

Aritz Galarragak ARGIAn.


Daitort, inoiz desio izan dut insomnioa. Ea, ondo lo egin dut orain arte, asko-asko ere ez, zortzi ordurekin aski, zazpirekin astea aurrera joan ahala hasten naiz nabaritzen nekea. Baina ez dut problemarik edozein ordutan esnatzeko, zerbait berezia egin behar bada, norabait joan –ikasturte batez goizeko 5:30ean esnatzen nintzen, eta ez nuen ezer berezirik sentitu, kaleko baretasun zerutiarraz aparte–. Egunak ematen ez didan sentsazioa gainetik ezin kendu nabil, ordea, ordu gehiagoz aktibo, ordu gehiagoz produktibo izateko nahia. Ezen, pentsa, lau ordu aurreztuz gauero, seigarren egunerako 24 ordu pilatuko nituzke, egun oso bat. Izan ere, izaki gorena da lorik egiten ez duena. Soilik lo egiten dute tentelek. Begira Cioranen sententzia hau –agian lorik egin gabe egun asko zeramatzan egun batean idatzia–: “Tragedia hau beren larruan bizi izan ez dutenek ezin dute ezer ulertu. Insomnioa, bizitzan izan dezakegun esperientziarik handiena da”.

Lorik ez

“Behinola, lo egiten nuen”. Hala hasten da Marie Darrieussecqen liburu berria, Pas dormir, insomnioaren autobiografia moduko bat. Lorik egin gabeko hogei urteren emaitza. “Zer moduz zaude?” galdetu ordez, “zer moduz egiten duzu lo?” galdetzen duen pertsona batena. Mundua banatzen baita lo egin dezaketenen eta lo egin ezin dezaketenen artean. Loa da gure itzala, gure erdia, babesten gaituen erdia, sostengatzen gaituena. Loa gu da, gure absentzian. Gal dezakegu, aitzitik. Insomnioak, aldiz, ez gaitu uzten, egunean zehar ere hor da, egunez ere jarraitzen du bere lan suntsitzailea. Kezka guztiak kezka bakar bilakatzeraino: nola egin lo egiteko. Hori besterik ez. Lo egin. Daitort, inoiz desio izan dut insomnioa. Ondo lo egin baitut orain arte. Orain hasi naiz okerxeago egiten, ohera sartu, nahiko azkar lokartu, eta handik ordu erdira, burua bueltaka, ezin berriz begiak bildu. Tira. Zutabea bukatzeko ordua. Erlojuan 4:44.

Lorik ez

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.