Literatura, geologia eta interdependentzia

Literatura, geologia eta interdependentzia –

“Inor ez da irla, inor ez da bere baitan osoa” hasten da John Donne-ren poema ezaguna. 1624. urtean idatzi zuen, eta ia 400 urteren ondoren oraindik irlak garela pentsatzen jarraitzen dugu; pieza osoak geure baitan.

Literatura, geologia eta interdependentziaFikzio goxo, babesgarri, pragmatiko bat da norbanakoarena. Hori ondorioztatu dut irlak babesleku eta askatasunaren gotorleku bezala agertu zaizkidanean azken aldian eskuartean izan ditudan irakurketetan:

Sarah Orne Jewett-en The Country of the Pointed Firs (Izei zorrotzen lurraldea, 1896) eleberrian Joannaren borondatezko isolamendua agertzen da: amodio-desengainu baten ondorioz ibai-irla txiki batera bizitzera doa, bakar-bakarrik, bake santuan (ulertzen zaitugu, Joanna #DenokGaraJoanna).

Ursula K. Le Guin-ek Islands (Irlak, 1996ko abuztua) aldizkarian gorazarre egiten die toki isolatu eta berezi hauei. Irlak amesten jenio hutsa izateagatik du sona Le Guin-ek. Artikulua horrela bukatzen du: “Noiz arte iraun dezake irla batek urrun eta bakarti geroz eta sakonagoa den gizaki-itsasoan?”. Bestela esanda: utz ditzagun, Joanna bezala, bake santuan toki magiko hauek, arren.

Marian Engel-en Bear (Hartza, 1976) eleberri eder eta bitxia ere ibai-irla batean kokatzen da. Protagonistaren peskiza eta auto-aurkikuntza isolamenduaren askatasun horrek ahalbidetzen ditu. Propio sortutako arauak ezarri daitezke bertan, kontinenteko moral hertsiak gaindituz eta nahi adina kontraesan azalduz. Errepublika monarkiko independente bat, non bertako erregina izenda dezakezun zeure burua eta bertan bizi den hartz puska zeure [spoiler].

Irakurketa hauen arabera irlak askatasuna dira, kontinenteetako arauekiko haustura bat, kutsatu gabeko toki birjinak. Tamaina eta mugengatik, kontrolatzeko errazagoak diren eremuak. Norbanako ilustratuaren paradigma islatzen dute. Baina hor non datorren John Donne esatera et,et,et… ez garela irlak, gizadiari loturik gaudela, etabar etabar. Ilustrazio garai aldera hasi omen ginen hori ahazten, gaur egungo ehiztari/biltzaile gizarteak izan ezik. Hauek ez omen dute norbanakoaren kontzepturik. Artxipelago bat dira. Basoa dira, eta basoko izaki guztiak aldi berean.

Beraz agian Donnek arrazoi zuen: ez gara irlak, ez. Pentsatzen jarrita, ordea, irlak ere ez dira hain irla: ur sakon sakonean dagoen lurrak lotzen dituzte. Gizakiak ere, sakon sakonean, lotuta gaude. Lotura horretan gara nor. Ez al gaitu kontraesan horrek nahiko bere(i)zi egiten?

Literatura, geologia eta interdependentzia