Lehenengo asteurrena

Ia ospakizunik gabe joan zitzaigun urriaren 20a. Batzuek etxekoekin egin genuen gurea, bakearen, justiziaren eta askatasunaren alde topa eginez. Malkoak isuri genituen bakardadean, beste batzuek ere, hunkituta, bakardadean negar egiten zuten bitartean. Maite ditugunak izan genituen gogoan: egun zoragarri hori ezagutu gabe joan zirenak; ume direnez gero, ETArik gabe gazte egingo direnak; ETAk hildakoak; haien senideak; Espainiako kartzeletan daudenak; haien familiak; orain kanpoan egon arren, bizitza erdia espetxean pasa dutenak; erbestean daudenak; gerra zibilean hil ziren aitonak eta amonak eta osabak eta izebak… denak pilatu zitzaizkigun egun horretan bihotzean. Baina ez ginen kalera atera etxafuegoak botatzera.

Ia ospakizunik gabe joan da aro berriaren lehenengo astea. Zamaren arintzea sumatu dugu berri ona jakin genuen unetik. Baina datorkigunak arduratzen gaitu. Gauza asko dago jokoan. Ze bake mota litzateke injustiziaz egindakoa? Ze bake mota gorrotoan itota bizitzea? Ze bake mota askatasunik gabekoa?

Ahalegin handia egin beharko dugu urratuta dauden harremanak konpontzeko. Memorian igeri egin beharko dugu egiazko kontakizuna eraikitzeko eta besteek zintzotasunez sortzen duten kontakizunean egiaren puska bat bilatzeko.

Energia handia beharko dugu beharrezko urratsak irmo egiteko. Lehengo eskemak bazterrean utziz eta jokatzeko moduak berrituz. Askatasunerantz joateko bideak aldatzen baditugu, ez diete orain arteko armek balioko aurkariei. Indar guztia jarri behar dugu xede horretan; asmatzaile bilakatu.

Urte asko egin ditugu «nire aitaren etxea» defenditzen, «otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreriaren kontra…».

Zer moduz, orain, «gure amaren etxea» berreraikitzen badugu? Lehengo harrizko zutabe sendoen gainean egingo dugu. Bertan denok izango dugu tokia. Eta iritsiko zaigu suziriekin ospatzeko eguna.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Lehenengo asteurrena”-ri buruz

  • Hasier Etxeberria 2011-10-29 00:33

    Ostras, uste nuen etxea aitarena zela, sua amarena zen bitartean. Eta sua zela, etxearen ordez, orain bilatu behar genuena. (Jon Sarasua dixit, in illo tempore).
    Zertan da kontua: amaren sua ala aitaren etxea da helburuetan lehenago? Ala biak batera? Izan be, Sarrionandiak ere badio esan: “Harriak ederragoak al dira/harresian?”. Jainko maitea, galdu naiz!
    (Baina eskertzen dizut artikulua, zinez, Arantza).

    • Aldatzeaz ari nintzen, bideak asmatzeaz… eta horrek eraman nau sinboloak berritzeko proposamenera. Baina, ez zaizu arrazoirik falta, Hasier, eta ez zara batere galdu, haria ederki jarraitzen duzu, etxea aitarena, amarena sua. Irudi ederra ekarri duzu hona eta eskertzen dizut.
      Agian, indarra jarri beharko dugu defendatzetik berreraiketzera pasatzeko ahalegin horretan. Zutabeak sendoak, eraikina bioklimatikoa 😉