Lau intxaur, lau kanuto eta lau behatz

 lau behatz

Koadrila berekoak ziren, berez, baina nerabezarotik aitzin taldea bi korrontetan banandu zenez ez ziren ezagutu ere egiten; urtean denak pare bat aldiz biltzen ziren arren, bi taldekoek ez zeukaten harreman handirik haien artean, eta zehazki haiek ez zituzten inoiz bi esaldi elkartrukatu.  Alta, egun hartan Olaiak eta Alaiak kasik arratsalde osoa igaro zuten elkarrekin. Bezperan topatu zuten elkar, eta inoiz ez bezala, berriketan hasi ziren; Alaiaren iniziatibaz, garbi. Hitz aspertuan zebiltzala ohartu ziren zetorkien astelehen hura ohikoa baino buruzuriagoa izanen zela, koadrilako sei lanean zeudelako, beste bost ikasten, bat gaixo, hiru mendian, lau Erasmusen eta bi Game of Thrones ditxosozko horretan parte hartzeko hautaketa ilaran. Batek daki nola, kafe bat hartzeko geratu ziren.

lau behatz
“Bi emakume taberna batean eserita”. Pablo Picasso, 1902.

Alaia furfuriatsu sentitzen zen, barruan hilabeteetan zehar egosten zeramana nola kanporatu ez zekielako arranguratua. Amultsuki hitz egiten zion Olaiari, balakan, barruak nahasten zizkiona kanporatzeko une egokia zein zen haztatu nahian. Zeren eta Alaiak gustuko zuen Olaia; bistaz bai, behintzat. Herritik korrika pasatzen zenean, herriko batukadan bere mugimenduei adi, taberna zoko batean barrezka aditzean… erlea loreari gisan sentitzen zen erakarria. Zitara bidean etxetik irten, eta igogailua “jaitsigailu” bihurtzen zuelarik, ispiluari begira jarri eta bere golkoari gogorarazi zion emakume fierra zela, ze demonio. Baina tabernara iritsi bezain pronto eskalapoi hutsa sentitu zen, ile nabarreko emakume haren aurrean herbaldua, bere begiradari itzuri. Ataka ez zen nolanahikoa: Alaia lotsatia zen oso, eta Olaia, aldiz, harrabotsaren sehia.

Jatorra zela esan zioten, jatorra zela uste zuen, baina gertukoenekin akaso, berarekin bederen alderantzizkoa gertatu baitzen. Elkarrizketari behaztopa egiten zion etengabe, erdeinuz mintzatu, histaka, saingaka, iseka tramankulu, malezia iparrorratz. Alaiak bigarren kafea itxaropenez eskatu zuen, egoera hobetu zitekeelakoan; baina ez zuen hirugarrena ere ozpindu nahi, eta neska ezkibel hartatik ihes egin zuen, ihes. Hamalau intxaur bazirela iruditu zitzaion, baina gerturatzerakoan lau besterik ez zituen bildu, barrutik belztutakoak, gainera.

Etxera bidean zela animaleko gosea piztu zitzaion. Olaia jasatea eramangarriagoa bihurtuko zelakoan, lau marihuana kanuto erre zituen, tabakoz urri eta belarrez naro. Sabelean tximeletak zeuzkala abiatu zen zitara, zitak sabela husteko gogoa eman zion, eta bueltakoan, inboluzio harrigarrian, lehengo tximeletak har bilakatu ziren, bere apetitua inarrosiz. Gustuko tokian aldaparik ez, eta lau porrok guztia laua bihurtzen dutenez, begiak ñir-ñir eta sabela bor-bor zerbait jatera abiatu zen, aurpegia histuta. Lagunek jatetxe thailandiar bat gomendatu zioten, eta bere itsuan horretaz oroitu eta lurralde exotiko hartako jakiak dastatu gabea zela ohartu zen.

Siamais jatetxeak inpresio ona eman zion Alaiari. Usaina zoragarria zen, eta argazkietan azaltzen ziren platerak zuzenean irensteko modukoak. Barazki-jale amorratua da Alaia, eta gustuko dituen berdurez osatutako platera eskatu zuen eramateko. Tamalez, etxean zabaldu zuenean, ia bertan kalitu zen. Platerekoak ez zeukan argazkiaren antz handirik, plantxan egindako lau barazkik ezin diote buelta eman lau kanutori, eta jabetu zen zuri guztiak ez direla irin.

Alaiak deskonektatu nahi du, haizea hartzeko beharra dauka. Beñati deitzea deliberatu du:

  • Goazemak bihar Aralarrera, bizpahiru egun igaro ditzakegu bertako txabola batean, bazkidea nauk.
  • Ados! Baina han inguruko mendiak ez ditun oso gogorrak izango, ezta?
  • Baita zera ere! Huskeri bat, lasai-lasai egingo diagu.

Kasik horma bezala definitu daitekeen aldapa batean gora dihoazela, Alaia bizi-bizi ari da bai oinez eta bai berriketan. Lau intxaurren eta lau kanutoen istorioa ari zaio kontatzen Beñati; honek, hauspoari ezin buelta emanda entzun besterik ezin dezake egin. Baina pentsatzeak ez duenez oxigeno estrarik eskatzen, hausnarketa eta madarikazioen artean sahararren aspaldiko esaera zahar batez oroitu da.

Gezurra eta egiaren artean lau behatzeko distantzia dago. Lau behatz.

lau behatz

 

Hots, entzuten duzuna eta ikusten duzunaren artekoa. Gailurrera iritsi eta hatsa berreskuratzean kontatuko dio Alaiari.

lau behatz Lau behatz lau behatz lau behatz

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.