Aberri eguna: badago arantzarik larrosarik gabe

Aberri eguna: badago arantzarik larrosarik gabe

Letrak dio ez dagoela larrosarik arantzarik gabe. Irudi oso ederra da hori pentsatu ahal izateko edertasuna, zoriona, maitasuna edo dena delakorik ez dagoela sofrimendurik gabe. Areago, edertasuna, zoriona, maitasuna, eta bestelako guztiak baliosagoak direla baldin eta sofrimendu apur bat bada bidean: mendizalearen aldapa, borrokalariaren bataila, arrantzalearen itxaronaldia, poetaren musamina…

Baina gauzak daudenean, eta aspalditik honako Aberri Egun guztietan bezala, ezin kendu dut burutik irudi baten presentzia: larrosarik gabeko arantzak ere badira. Batere lorerik gabeko penak. Nekea bakarrik, zorionik deusik gabe. Kaktusak belazeetan. Gatza zaurian. Ozpina egarrian. Ez besterik.

Aberri eguna: badago arantzarik larrosarik gabe
CC-by-sa: rprthp

Umetzen ari naiz zahartuz batera, eta oroitzen naiz umetan ezinezko Aberri Egunetan bizi izandako izuekin esnatzen naizela oraindik ere ameskaiztotan sarri, Urbian, Bermion… Beti ihesean. Autobusak. Kontrolak. Metrailetak. Euria. Txapelokerrak. Aita non da, ama? Nor da arreba txikia eraman duena bizkarrean? Non gordeko ditut ikurrin txiki hauek, galtzerdietan? Ez ote didate begietan nabarituko euskalduna naizela?

Nola esaten zaio ume txintxoa naizela oldarturik eta erdaraz datozkigun goardia zibil horiei? Joko naute? Preso eramango naute, aita bezala? Txikia naiz oraindik, ume mokoa baino ez… Zergatik ekarri nauzue hona egun honetan, aita, ama? Beti pasatzen da zerbait. Zuek ere ez zarete lasai egoten autobusean kantuan etorri arren: Mendizaleak aurrera, Aitorren izkuntz zarra

Badakizue beldurtzen naizela. Ez zaidala hau guztia gustatzen. Esan nizuen iaz ez nuela ume bakarra neuk izan nahi autobusean… Bai, Euzko Gudariak gara, bai, ez dut nik ezetzik esango, zeuon ezpalekoa naiz ni, baina goizegi nakarzue lokazti honetara…

Geroagokoak dira otarrainak plantxan egiten nituenekoak, legatza saltsa berdetan eta ardorik hoberenak mahai gainean zeuontzat. Aberri Egunean Hondarribira edo Hendaiara etortzen zinetenean lagunekin, Xabin eta Izaskunekin batez ere. (Badakizu, Xabini hotza gustatzen zaio, ardau beltza. Esan beharrik ere ez zeneukan, ama: beti oroitzen naiz halako gauzez). Amerikano batzuk ere izan ziren behin etxean, akordatzen? Haien begi harrituak ditut gogoan: ezer uste ez zuten lekuan, mundu bat baitzuten aurkitu.

Ospakizun ederrak, zinez, baina beti galdetzen zenidaten (batez ere, zeuk, ama), zergatik ez nuen ikurrinik jartzen balkoian. Lehenago jartzen nuela. Aurreko garaietan.

Eta erantzuten nizuen edozein gauza, karta jokuetako joker edo tximino baten baliokide bailitzan: ez zaizkit banderak gustatzen. Erdipurdiko egia: niri gustatu egiten baitzait geure bandera eta baita geure bandera eramaten duzuenok ere. (Zuzen jarri duzu aurten ere balkoian, ama? Sukaldeko leihoan ere bai?). Neuk ezin dudan arren, eraman, zintzilikatu, erakutsi. Banderadun gehiegi ezagutu nuen Gaztelan, estudiante tunante garaietan. Banderadun gehiegi dakust Frantzian gaurko egunean…

Beti nago, hala ere,  kontent eta baikor. Botila beti da erdi beteta. Pentsatzen dut bagarela eta hori bainoago, izango garela. Alabaina, errealitateak dit dena zapuzten.

Uste nuen eskarmentua bagenuela, ohartuak ginela atomizazioaren arriskuaz. Hondartzearen perilaz. Aurten joango ginela behingoagatik denok batera, kolore bateko eta besteko. Ardatz bakarrak bilduko gintuela elkarren ondora. Etorkizuna izango zela geure, etc. etc.

Mozoloa halakoa!

Ez Baigorririk, ez Gernikarik, ez besterik… deus ez dago niretzako modukorik. Aukeran. Hainbeste abertzale diferente, hainbeste ertz eta ezinikusi… Jon Benitok ere ederki dio dagoeneko ez dugula masa sozial kritikorik ere. Akitua naiz milaka ibili ginenetik bilaka…

Nago kajoitik ere kendu egingo dudala geratzen zaidan ikurriña bakarra, eta zartatuko dudala tarratadaka bihur dadin zapi, hautsa kentzeko aspaldiko argazkietatik, edo bizikletaren katearen koipe beltza garbitzeko bazterretatik, edo leihoen egietan pilatzen den hautsa kentzeko…

Baina zuek, bederen, aitxa, ama, ondo pasatu Aberri Eguna. Esana didazue primerakoa duzuela aparkalekua eta jatetxea. Ondo ibili, ni ez naiz gauza izango eta.

Aberri eguna: badago arantzarik larrosarik gabe

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Aberri eguna: badago arantzarik larrosarik gabe”-ri buruz

  • Egarriz utzi nauzu Hasier!! Lekitton diogun bezala: ITZALA TXO!

  • Joseba Barandiaran 2011-04-25 14:22

    Bilboko Areatzan EAJk ospatu zuen Aberri Egunaren hondarrean hurbildu nintzen haruntz, ustekabean, urrutitik Joselu Anayak entzutean. Kantuan ozen ari ziren arabarrak, jendea dantzan parean, hurbildu eta… zer izango?
    Ikurriñik ere ez zen ikusten. Jende apaina, makilajedun neska eta amonak. Gizon heldu gutxi, gazteak bai, zapi zuridunen bat edo beste lepoan. Gutxi.
    Euskarazkoak ziren noski kantak, jendearentzat ezagunak nabari zenez, eta gaztelera batua nagusi bazterretan; zer ote da hau? Alderdiaren logorik ere apenas! Goenkaleko Jaiak ziruditen!
    Lapitz, Muez eta beste zenbait aurpegi edo iritziemaile ezagun bai, baina erabateko zuzentasun politiko armoniko hartan, usainik gabeko eta lur garbiko Aste Nagusiko txoznagunea zirudien hark.
    Aberririk (eta Alderdirik) gabeko Aberri Eguna, txo !