[Erroztamendua] Langileriaren errogabetasuna XVI

Langileriaren errogabetasuna XVI –

Simone Weil filosofoaren testuaren itzulpen saioa

Laborari gazteentzat, kaserna[1] errogabetzearen faktore izigarria izan da. Faktu hau hain da egia nun heziketa militarrak beti nahi zuenaren kontrarioa lortu duen; gazteek gerla egiten ikasten zuten bai, baina, ondikotz gerla egiten ikasi ikasi ondoren, lehenago baino gutiago prest ziren borrokatzeko!

Izan ere kasernatik ateratzen ziren gazte guziak antimilitaristak bilakatu ziren.

Hau da froga esperimentala, ezin direla militarrak utzi -baita makina militarraren interesean ere- herritarren bizitzaren bi urte libreki arduratzen, ezta urte bat ere. Nola kapitalismoa  ez den  libre utzi behar gazteriaren lanbide-heziketaz arduratzen, berdin armada ez da libre utzi behar heziketa militarraz arduratzen. Botere zibilak berak heziketa militarrean parte hartu behar du, eta esku hartze horri esker heziketa militarra  egiazko heziketa izan dadin ez eta korrupzio hutsa.

Langileriaren errogabetasuna XVI

Zerbitzu militarrean, laborari gazteak eta langile gazteak nahastea ez da batere ideia ona. Izan ere langileek laborariak liluratu nahi dituzte, eta elkarri kalte egiten diete. Horrelako kontaktuek ez dituzte egiazko hurbilketak sortzen. Elgarrekiko akzioak ditu bakarrik hurbilduko, eta definizioz elkarrekiko akziorik ez dago kasernan, izan ere, han, bake garaian, gerlarako prestatzen direlako bakarrik.

Ez dago inolako arrazoirik kasernak hirietan jartzeko. Laborari gazteentzat kasernak hiri guzietarik urrun  jar litezke biziki ongi.

Egia da, horretan, prostituta-etxeetako nausiek gal lezaketela. Baina ez du balio edozein erreforma pentsatzea ez bagara erabat deliberatuak jende horien eta botere publikoaren arteko kolusioa hausteko, eta Frantziaren ahalge handieneetarik bat den prostituzioaren instituzio hori desagerrarazteko.

Artetik erraiteko, biziki kario ordaindu dugu gaitz ahalgegarri hori. Izan ere instituzio ofizial bezala ezarritako prostituzioak, Frantziako era propio bereziaren araberan eratuak, parte handia hartu du armadaren korrupzioan, eta polizia erabat usteldu du, eta horrek eragin zuen demokraziaren gainbehera. Izan ere demokraziak ezin du iraun, herritarren begietan legea ordezkatu behar lukeen polizia iritzi publikoaren mespretxuaren ageriko objektua bilakatzen denean. Konparantzaz, inglesek ezin dute imaginatu ere polizia errespetu samurrez inguratua ez litzatekeen demokraziarik. Baina haien poliziak prostituta artalderik ez dauka jostagailutzat, Frantzian bezala.

Zehazki aztertzen bagenitu gure desastre militarraren faktoreak, beharbada aurkituko genituzke gure gaitz ahalgegarri horiek guziek -hau bezala, eta gure apetitu koloniala ere, eta atzerritarrei inposatu tratamendu txarra ere- egiazko eragina izan dutela gure galerarako. Gauza asko erran dezakegu gure zorigaitzez baina ez, ordea, zorigaitz horiek merezitu ez genituenik.

Prostituzioa,  errogabetzeak daukan berretura biko hedapen-proprietatearen etsenplu tipikoa da. Prostituta ofizialaren kondizioa errogabetasunaren muturreko maila da, eta errogabetasunaren eritasunari dagokionez, prostituta ahurtara batek kutsatzeko ahalmen biziki handia dauka. Nabarmen da ez dugula laborari mundu osasuntsu bat edukiko estatuak berak laborari gazteen eta prostituten arteko hurbilketa antolatzen jarraituko dueno; Eta laborari mundua osasuntsu ez den bitartean, langile klasea ere  da osasuntsu izanen, ezta gainerako herria ere.

Gainera, laborarientzat deus ez litzateke herrikoiagoa, haien ongizate moralarengatik zerbitzu militarra erreformatzeko proiektua baino.

Ezpiritu kulturaren problema existitzen da laborarientzat langileentzat bezala. Haiek ere propio litzaiekeen itzulpena[2] behar dute; ez da langileena bezalakoa izan behar.

Ezpirituaren gai guziei dagokienez, mundu modernoak laborariak bortizki errogabetu ditu. Lehen, laborariek bazuten edozein gizakik behar duen guzia arte gisa edo gogoeta gisa, beraiena zen forma batean, eta kalitate onenean. Restif de la Bretonnek bere haurzaroaz idatzi duen guzia irakurtzen badugu, ondoriozta dezakegu orduko laborari dohakabeenak askoz hobeki bizi zirela gaurko laborari zoriontsuenak baino. Baina ezin dugu iragan hori berreskuratu oso hurbila den arren. Metodoak aurkitu behar dira laborariak ez daitezen arrotz senti eskaintzen zaien ezpiritu kulturan.

Laborariei eta langilei zientzia era oso desberdinetan eskaini behar diegu. Langileentzat izatezkoa da mekanikaren legeek dena agintzen dutela. Laborarientzat, denak iguzkiaren energiaren ibilaldi miresgarria izan behar luke erdigunean. Izan ere, iguzkiaren energia landeetara jausten da, klorofilak finkatzen du, bihietan eta fruituetan kontzentratzen da, sartzen da edaten eta jaten dituen gizonaren barnean, ginarrietara pasatzen da, eta erretzen da lurraren laboratzean. Zientziari dagokion guzia, ibilaldi edo zirkuitu horren itzulian jaso daiteke, energiaren nozioa ororen erdigunean baitago. Ibilaldi hori laborariaren gogoetan sartzen balitz, hari pentsatze sinpleak lana poesiaz inguratuko lioke.

Orokorki, herrisketan, edozein hezkuntzak munduaren edertasunaren alderako sendikortasuna garatzea izan behar luke helburutzat. Egia da turistak ohartu direla laborariei paisaiak ez zaizkiela interesatzen. Baina laborariekin batera lan akigarriko egunak pasatzen ditugularik, haiekin bihotzez bihotz mintzatzeko aukera bakarra dena, batzu entzuten ditugu pleinitzen beren lanak gogorregiak direla naturaren edertasunak goza ditzaten.

Bistakoa da edertasunaren alderako sentikortasuna ez dela ardiesten “So egin ezazu zoin eder den natura!” bakarrik aldarrikatuz.  Ez, zorigaitzez, kontua ez da hain erraza.

[1] Koartel militarra

[2] hemen izulpen hitzak (traduction SWen hiztegian) bertsio edo aldaera erran nahi du. Beraz hemen  laborariei propio izango litzatekeen ezpiritu kulturaz ari da.

11Langileriaren errogabetasuna XVI Langileriaren errogabetasuna XVI Langileriaren errogabetasuna XVI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude