“La Iglesia y el euskera”

Hagitz bitxia lagun batek helarazi didan liburuxka, hots, beharbada aski testu ezaguna izanen da adituendako, baina, zinez, ezin gauza bitxiagoa ni bezalako jende xumearendako.

Bera, ene laguna, lanean ari zen Nafarroa Garaiko Erriberako herri batean, eta, antza denez, hutsik zegoen etxe bat desegiterakoan, eroririko zur eta harri pusken artean ustekabe galanta gertatu zen. Zenbait liburu eta egunkari ziren. Materiala pixkat ikuskatu, eta lagunak berehala ulertu zuen aspaldiko jabearen ideologia zein zen: karlista.

Apurturiko gauzen artean, goian aipatu liburuxka : La iglesia y el euskera. Lagunak irakurtzeko utzi dit, eta nik, zintzo, irakurri eta gero itzuliko diot. Ahalik eta azkarren, berak kausitu baitzuen altxortxo hau.

Datuak

Testua 1926koa da. Pezeta bat balio zuen, amaierako orrialdean jarria. Egileaz, baina, ez dut deus ere erranen, nor zen ere jakin badakidan arren. Izan ere, laguna eta bion arteko ituna da.

100 bat orrialde zuen, eta hauek bere atalak, osorik kontserbatu diren ala ez: Dedicatoria izeneko sarrerattoa, Obligación de hablar al pueblo en su lengua nativa lehen atalaren gisa, Obligación de cultivar la lengua nativa del pueblo bigarrenez, eta hiru azpiatal amaitzekotz: Textos auténticos de algunas autoridades que se citan, Algunos euskerólogos y escritores contemporáneos eta Lecturas culturales recomendables para el clero vasco.

Esaldi erranguratsuak

Honatx nabarmendu nahi izan dudan pasarteren bat. Lehenak honela dio: «Aunque todos los navarros y, en general, todos los vascos seamos de la misma raza y origen, está patentísimo que un sacerdote, ignorando la lengua materna de los pueblos euskeldunes, no puede tener el mismo carácter, aficiones y sentimientos que los naturales, todo lo ignora».

Eta, are gehiago, «Queridos hermanos de Erribera, los de la tierra fértil, os debo una advertencia, es preciso que estudiéis, aprendáis y habléis también vosotros el euskera».

Jarraian, orrialde ikaragarri batzuetan, garai batean Nafarroa osoan euskara mintzo zela dio, eta kritikoa, zorrotza ageri da euskararen hiltzearen aztertzerakoan: «Nuestros antepasados poco o nada hicieron por restaurarla […] despreciada […] arrojada […] desterrada».

Konponbidea, baina, ukan baduela uste du: «Hay que recuperar esta injusticia, llevando al euskera triunfante al púlpito y a la cátedra, a la escuela y a la familia».

Etorkizunari begira, halaber, euskara berreskuratu ezean, bertze herri, nazio, estatuen artean merezi izanen genukeen izena hau ei litzateke: «Pueblo suicida, porque el pueblo que por no cultivar, abandona su lengua, él mismo se mata, suicida es, para mayor escarnio y desprecio de los demás pueblos».

Kultura eta politika bat ez datozenean…

Baina eta hemen, horrek guziak ez du erran nahi egile euskaltzale sutsu hori euskal abertzalea zenik, bai zera, espainiar abertzale kementsua baizik: «Si como navarros tenemos el deber de cultivar el euskera, porque es nuestra lengua, la lengua de nuestros padres, también como españoles debemos laborar por su vida y prosperidad y nos debe llamar la atención en su aspecto netamente español, por la dignificación, conservación y expansión de esta gloria española». Aitzakia ote? Ez.

Izan ere, hor dugu espainiar abertzale baina euskaltzale amorratuak ziren zenbait karlista, hainbat tradicionalista. Errate baterako, eta edozein herrialde edo hiritan, XX. mendeko lehen ikastolen sorreran aritu zirenak, horien artean bat baino gehiagok, beranduago, 36koa prestatzen lagundu zuten arren. Ai ene, Francoren aldekoa prestatzekotz armak eta guzi ekarri baitzituzten Europatik garai hartako ikastoletako sortzaile batzuek!

Nork daki, agian testua idatzi zuenak edo bere lagun batzuek bide hori hartu zuten. Begi bistan dagoena da, haatik, ez zutela Erriberako herri haietan ikastolarik sortu. Izan ere, liburua kausitu zen herrian egun ez da ez ikastola ez D eredurik. Hori bai, 36an garbiketa izugarria burutu zuten garai hartako euskaltzalegoaren zati handi baten correligionarios horiek.

XX. mendearen hasierako hausturaz ari natzaizu, irakurle laztana: karlistak euskal abertzale eta espainiar abertzale bilakatu ziren, iskanbila handian, orduko egunkarietan ederki irakurtzen ahal denez toki bateko edo bertze bateko eliteak, kazikeek, elizak, nagusiek, orokorrean dirudunek 1936an jende xumeak hartuko zuen norabidearen, patuaren erabakitzeko.

Nola ahantzi, aurrekoaren adibide ezin garbiagoan, 1908ko albiste hura, Azpeitia partean gertatu zena, non milaka gazte karlista euskaldun elkartu eta, amaieran, ia ostiaka amaitu baitzuten: bertakoak «Gora Euskadi» ari ziren oihuka, eta Nafarroako sakanarrak «Viva España» ezin ozenago. Alta, bai batzuek bai bertzeek egin zutena izan zen, bertzerik gabe, bakoitzari zegokion apaizaren erabakiari jarraitu. Gero, 36an, denok galtzaile, jakina.

Nola ez aipatu, ildo beretik, garai bertsuan karlisten nafar buruzagiek burutu zuten Daniel Irujo, Manuel Irujoren aitaren lapidazio publikoa egunkarietan?

Urrun ziren, denak urrun, Aitzol, Lizardi, Lauaxeta, Hirigarai…

Horregatik, apika, Oibarreko alkatea, Javier Iziz, edo Lizarrakoa, Fortunato Agirre, fusilatu zituzten. Kristau euskaltzaleak omen ziren biak, herri txikiak ez ziren eta erdaraz bizi ziren bi tokietakoak… Ziurrenik Ildefonso Gurrutxaga eta Anacleto Ortueta hurbil zituzten.

Ai amatxo maitea, UPN, PP zertan ari dira, zertan bereizi, eliza, euskara, Nafarroa, futbol selekzioarena, emakumeen duintasunaren aurkako eraso bortitza den egutegi patetikoaren telebista lehiaketa, zenbat aldatu den dena, ez, zer gutxi aldatu den… Zein beldur handia duten CDN alderdiko politikariek, goi mailakoek, Hezkuntza Sailan agintzen dutenek, hezkuntzaz eta hizkuntzez ari direnean, ez ote dira europarrak, ez ote dira nafarrak? Nolatan, CDNko buruek, duela 15 urte euskararen berreskurapena goraipatu baina orain euskara erail nahi izana? Bihar zer eginen? Eta nolatan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sasiabertzale sasieuskaltzale ezagunek B eredu bilakatu nahi izatea urteen poderioz eta lan ikaragarriaren ondorioz azkenean nagusitzen hasi den D eredu ahul gixajo jipoitua?

Hori bai, Ildefonso Gurrutxaga eta Jose Antonio Agirreren arteko gutunak, euskal kultura berpiztu eta bultzatzeaz ari zirenean… gaztelaniaz ziren! Beraz, ora pro nobis!

Erlantz Urtasun Antzano(Historialaria) (berria egunkarian 2009ko Urtarrilaren 21ean)

Ekaitza bainuontzi batean