La enfermedad

nh402.jpg LA ENFERMEDAD. Alberto Barrera Tiszka. Anagrama 2006.

Bai, badakit liburu hau ere Anagrama editorialarena dela, eta bat baino gehiago mosketauta zaudetela editorial batekin dudan afizio justifikaezin honekin, eta egia diozue: Anagramak, blog honetako iritzien arabera antolatzen ditu bere politika komertzialask eta gehigarri gozo bat jasotzen dut hilaren bukaeran milioi bat dolarretakoa, gure haurrek ikastola pagatzeko eta abar. Iparraldean garesti dago bizimodua.
Gauzak argitu eta gero, esan dezadan, Herralde eleberri saria irabazi zuela liburu honek 2006an. Orduanxetik neukan gordeta, noizbait, aldarteak uzten zidanean, irakurtzeko. Bai bainekien gaia heriotza eta gaisotasuna zituela eta, egia, batzuetan ez da pertsona egoten halako gauzetarako. Batez ere, neuk bezala, gaixotauna eta heriotzaren diosalaren gaia erabilitakoan (Eulien bazka, Mutuaren hitzak). Kontua da, etsipenez sartu nintzela irakurketan, hasi bezain azkar bazterrean uzteko asmotan, (alboratutako liburuek ere osatzen baitute hemen backgrounda edo dena delakoa). Baina bai zera, liburu bikaina aurkitu dut, nobela arras ongi eraikia, intriga eta guzti. Gaia heriotza eta gaixotasunaren bi aldetan banatzen da. Alde batetik Andres dago, medikua eta aita hil zorian duena. Bestetik Ernesto Duran izeneko gaixo hipokondriako bat, Andresen beharretan dagoena… Esango al dio Andresek bere aitari hilabete barru hil egingo dela? Egingo ote dio kasu bere behar nahitaezkoan den Ernestori? Horiek eta gehiago narratzaileak darabiltzan kontuak. Eta nola, gainera: prosa aratza, hornidura gehiegirik gabea, argumentu eta irakurlearen zerbitzura guztia… Ederra zinez. Benetan zer garen pentsatzeko balio diguna. Eta tarteka gogoeta apartak. Sexuari buruzkoak, esaterako: << A veces, al eyacular, la sensación es tan fuerte que llega a sentir que en vez de semen su sexo expulsa sangre. El éxtasis físico siempre está irremediablemente y maravillosamente unido a lo sucio, a la noción de la suciedad. Baudelaire pensaba que ésa era una condición del amor. “De hecho, no podemos hacer el amor más que con los órganos excrementicios”>>. Gaixotasunari eta heriotzari buruz konta ezinezkoak dira gogoeta bikainak. Esaterako, aitak, hil behar duela sinetsi duenean, zera esan dio semeari: ” Esta vaina no se ensaya (…). Nadie nos dijo que esto sería así”. Poz-pozik nago, irakurri izanaz.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)