Kutsaduraren hedaduraz

Kutsaduraren hedaduraz –

Kutsaduraren hedaduraz

Guk txakur bat daukagu etxean. Santa du izena eta zatar zatarra da. Gure amak ere asko maite du. Aldi berean, gure amak izena eman du herriko hautesgaien zerrendetan, aitak bezala, hain zuzen ere. Beraz, ez nik eta ez nire txakurrak, ezin dugu hautetsi izateko izenik eman, izan ere, harremanduta baikaude geure senitartekoekin. Kutsatuta, beraz. Hori ez dago norberaren aukeran: familia, familia da, ez esan niri ezetzik.

Gertatzen zaigun hau guztia normala ere bada, halako guraso badaezpadakoekin, eta, gainera, nire zakurra zakur denez lehenbizi, eta ni neu ez naizenez Espainiako Erreinuan bizi,  ez gaitu asuntoak gehiegi kezkatzen. Ezta, Santa? Ez gara, ba, hemen kexatzen hasiko.

Baina jar dezagun, nire lekuan neure arrebetako bat, Autonomia Elkarteko herri batean bizi denetako bat: seguru ez zaio burutik pasatu halakorik, baina hark ere ezingo luke bizi den lekuko hautetsia izan. Normala da, halako ama terroristaren alaba izanik. Gainera, gure amak uste du, berak ez daukala barkamena inori eskatzen zertan ibilirik. Areago, izatekotan, berari eskatu beharko lioke baten batek barkamena, aberri egun batez atxilotu eta kartzelan edukitzeagatik, edo bere senarra torturatzeagatik, edo Guardia Zibilak etxea hankaz gora jartzeagatik, edo lehengo eta oraingo faxistek beti beldurrez bizi izatera derrigortu dutelako… Ederra da, ba, gure ama, memoriaren kontu horietan. Batez ere faxistei dagokienean. Argi du munduaren banaketa: onak eta zintzoak, bere antzeko pertsonak dira, bestelakoak izaten dira beti gaiztoak.

Egia esan, gure familian politikaren gaia beti egon da present eta gure haserrerik handienak ere hortixe etorri dira: diskrepantzia eta eztabaidatik. Alabaina, horrek ez gaitu libratuko denok kutsatuak izatetik: ahuntzaren umea, antxumea, jakinekoa da hori. Beraz, galduta gaude, ez ni eta ez nire arrebak ez gara sekula izaten ahal alkate. Ez eta zinegotzi ere. Domaia da.

Eta gure seme-alabak? Horiek izanen al dute eskubiderik noizbait? Noraino iritsiko da Evaren marka zitala? Nork eta nola neurtzen du hori?

Gure amari eskatuko diot ahaztu dezala bere biografia, eta eska dezala publikoki barkamena, sekula egin ez dituen gaitzengatik, ezen ene ama terrorista izan daiteke, baina ez dio sekula inori zaplastako bat ere eman. Gogoa bai, eduki du, behin baino gehiagotan, baina ez zioten halakorik erakutsi. Bai, horixe eskatuko diot, sekula egin ez dituen bekatuengatik eska dezala barkamena herriko plazaren erdian. Baldin eta ez badu utzi nahi bere bilobenganaino, eta datozkeen belaunaldi guztietara hedatuko den marka negargarri bat. Mea culpa ikaragarri bat behar bada hau guztia konpontzeko, bedi.

Eta zutabea amaitu baino lehen, galdetzen diot nire buruari, ba ote du Kepa Aulestiak zakurrik? Eta Jon Juaristik? Eta Teo Uriartek? Eta Felipe Gonzálezek? Eta Txema Monterok? Eta Martin Villak? Eta Zapaterok eta bere enparau sozialistek…?

El Mundo. Hasier Etxeberria. 070428

(Pd: santaren argazkia ez zen zutabean agertu, jakina. Beste gauza bat ere bai: atzean ageri den bigarrena, Itsusi zena da).

Kutsaduraren hedaduraz

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Kutsaduraren hedaduraz”-ri buruz

  • Nahi duzuna esan, baina Santa izena eduki arren, gaizto itxura du zakurrak.
    Familiarekin bueltaka hasi garenez, beste arazo baten inguruan, nere anaiari “kanpotarra, hua hire herrira kaka nahastera!!” bota zioten behin. Anaiak (hura Asier sinatxe) “ni bertakoa nak” erantzutean “eta hire atta?” galdetu zioten, “Atta ere bertakua, del 35 d’Amute” esan eta segidan “eta amona, amona nungua duk?” galdetu zioten; beraz ahantzi zure seme alabak zinegotzi izatearen esperantza (edo desesperantza).

  • Gari bihotzekoa, Hatxekin edo Konatxe sinatzen duen honi, hire anaia Hatxegabearen hori bera gertatu zitzaioan hire herrian, duela mende bat edo. Aterrizatu berritan. Udaletxean izan huen, euskararen aldeko zerbaitetan. “Hi ez haiz hemengoa” esan zidaan zinegotzia zen atso jeltzale batek, eta arrazoia zian, ez bainauk Hondarribikoa. Nongoa ote nauk? Neuk ere ez zakiat xuxen, egia esan. Alferrik izan huen euskal herritarra nintzela esatea eta, izanak izan, neure herrian nengoela gaineratzea. Andre harentzat, bere etxekoak bakarrik hituen bertakoak, eta pentsamendu berekoak ez ginenok, etorkin lardaskatzaile hutsak. Pekatari adardun nazkagarriak. Eta pentsamendu estu horrekin, irabazi egiten zigutek, hala ere. Ala ez?
    Okerragoa duk, ordea, ibaiaren beste alde honetan. Lehengo batean farmazian zerbait eskatu nian euskaraz eta ihardetsi zidatean: “horixe bakarrik behar genian, aurki arabieraz eskatuko dizkigute gauzak”. Mon ami, nous sommes perdus dans ce coté frontalier.

  • Hala (edo Ala) gabiltza, mundu alu honetako herri puta huntan.
    Ibaiaren alde honetatik horrat bizitzera joandako lagun euskaldun ugari dauzkat nik, beraien burua frantsez ikastera behartu dutenak, farmazia horretan (edo besteren batetan) arro, arro lehen hitza frantsesez egiteko.
    Astelehenean Baionara bazkaltzeko asmotan joan ginen eta lekua bazenez galdetzera sartzean horietako batek esan zidan “hik eskatu, hobeto moldatzen haiz eta”. Nik “launtzako lekurik bai?” bota nuenean, koadrilako honen aurpegia ikustekoa izan zen.

  • Kutsadura bide askotatik zabaltzen dela argi dago. Aipagarria iruditzen zait Euskadi Irratiko arduradunen neurri profilaktikoa, Marian Beitialarrangoitia Faktoriako ahotsetatik kendu berri baitute, herri batean ANVko zerrendaburu dela ikusi dutenean.
    http://tinyurl.com/2cm9fg

    Ez inoren belarriak kutsatzeko, izango da.

    Iturrik dio hemen ( http://eibar.org/blogak/iturri/393 ) laster Euskadi Irratiko kazetariek blogak izango dituztela. Ea, ba, nolako higienea duten.