Kontuz Fermin!

Kontuz Fermin!-

Inork eskatu ez arren auzi sakon eta konplikatu batean sartuko naiz. Gai honekiko dudan iritzia plazaratu ostean, lagun batzuk galduko ditut ziurrenik eta beste berri batzuk egin. Prest nago kudeaketa emozionala egiteko. 

Beste behin, donostiazentrismotik idatzitako lerroak datoz, sentitzen dut, hurrengoan zin dagizut Hernani edo Orio ere aipatuko ditudala gutxienez. 

Zentra gaitezen, auzi, eztabaida, gatazka, liskar asko sortzen dituen gai batekin natorkizu oraingoan. Kosziente naiz, zertaz ari naizen jakin nahi duzula behingoz. Pausa tentso bat egingo dugu, asuntoa interesgarri jartzeko. Pixka bat gehio, pixka bat gehio, badator… hor doa: oinezko eta txirrindularien arteko harremanaz ari naiz!

Kontuz Fermin!Eztabaida eta areriotasun hau ez da berria. Guztiok egon gara alde batean edo bestean. Hemen dator nire posizionamendua: txirrindularien aldekoa naiz. 

“Baina zer diozu!”, “Basati batzuk dira/zarete”, “Ero moduan dabiltza/zabiltzate beti!”, diote bidegorri erdian 20 minutuz geldirik geratzen diren horiek. “¡Alaaaa benga lo que faltaba! bat jaso dut gaur. 

“Nola joango zinen Maialen…” esango didazu, ba kontatuko dizut nola nindoan. Goizeko 8.30ak, Tolosa hiribideko bidegorritik, NH Aranzazu hotel paretik, lasai lasai. Hortxe iritsi da “¡Alaaaa benga lo que faltaba! delakoa, oinez zijoan gizon heldu (65 urte inguru) baten ahotik. Ingurura begiratu dut, ea niregatik ari zen aztertzeko “si si, te digo a ti”, zalantza argitu dit. Momentuan soinean neramanari erreparatu diot, ez dakit, agian athleticeko kamiseta nuen, Espainiako selekzioarena zer dakit nik, ba ez, dena normal. 

Bai, badakit zer datorren orain “beno Maialen, hori behin gertatu zaizu, pertsona bakarra izango zen”, nire erantzuna “kar kar kar kar kar kar” izango dela abisatzen dizut. Ia beti errepikatzen den faktoretxo bat gehitzea ahaztu zait. Normalean (eta ez beti lasai, mesedez ez jan!), oinezko kexalariak bere urteak dauzka eta txirrindularia gaztea da. Betiko eskema, ohikoak ohikoez kexatzen, klasiko bat. 

Ni ere oinezkoen aldean nago maiz, eta zer nahi duzu esatea, askoz traba gehiago egiten didate beste kolektibo jakin batzuk, hiru botako ditut. 

Kontuz Fermin!

Bat: oinezko kontrolik gabea. Aurrean duzu beti, motel doa, inork espero ez duenean geldialdiak egiten ditu. Eta bat batean kurba forzatu eta aurreikusiezinak hartzen ditu. 

Bi: 20 metroko uhalarekin txakurra paseatzen duen oinezko hori. Kasu honetan, txakurrak paseatzen du oinezkoa, bera baita norabideen jaun eta jabe. Uhal honek kaleak mozten ditu, doai bat da aizu.

Hiru: Aterkia daraman berekoi hori. Hemen bi gauza gertatu daitezke. Alde batetik, espaloi erdia arkupean dagoen kalean aterki duna arkupetik joatea, zu aterki gabe zauden hori, arkupe gabeko zonan utzita. Eta bestetik, kale guztia oztopatzen duen pertsona multzoa. Pertsona bat baino gehiago doaz batera, bakoitza aterki banarekin. Motel, oso motel. Zu blai. Ezin zaie aurreratu, game over sorry. 

Lerro hauetan kaleko txirrindulari eta oinezkoen arteko eztabaidaz aritu naiz. Beste eztabaida mamitxu bat dago beste modalitate batean. Hernani eta Orion ere identifikatuta sentitu daitezke eztabaidan honekin: karreterako txirrindulariak eta auto gidari ziklatuak. 

Pendiente geratzen da. 

Kontuz Fermin! Kontuz Fermin!

ZUZEUko erredakzio kide

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude