Kontrola kontrolatu

kontrola

kontrolaMaiz entzun ditut “umeekin lotara joaten dena pixa eginda esnatzen da”, edota “zerbait ongi egina nahi baduzu egizu zerorrek”. Horrek beharbada pertsona apur bat mesfidatia eta pittin bat kontrolatzailea bilakatu nau; amiñi bat baino gehiago, segurki. Ardurak nire bizkar hartzeko ohitura izan dut nerabezarotik, eta pertsona entregatua eta eskuzabala nintzela pentsatzen nuen nire baitarako; eta ez da plana nire burua lausengatzea, baina bai, zer demonio, uste dut aspektu horretan tipo ona naizela. Marroiak jateko prest dagoena lagun batek jan ez ditzan; behin edo birritan, bederen. Lagunak ez baditu bueltan egiten, popatik hatzera, gauza bat eskuzabala izatea baita, eta beste zerbait arras ezberdina artaburua izatea.

Baina nire jokaera onaren atzean gauzak kontrolatzeko nahia ere bazegoela iruditzen zait. Gauzak “ondo” irteteko nik neuk egitea; eta gezurra dirudien arren, hori behin barneratuta izanez gero zaila da gainetik uxatzea. Urteen poderioz egin dut, eta gauzak ondo doaz, ez nintzen hain ezinbestekoa, ez naiz ate guztiak zabaltzeko gakoa, ez naiz liderra. Borondate oneko pertsona bat naizela uste dut, bihotz oneko jendez inguratuta izateko aukera izan duena, zortea izan da nire gortea, eta arinduta nabil, arina naiz. Kontrola kontrolatu dut.

Motxila banaketa garrantzitsua da, ardurak taldean banatzea ezinbestekoa. Bestela, eraginkortasuna galtzeaz gain, buruko mina pairatu behar da… eta lepokoa.

Kontrola kontrolatu
kontrola, militantzia, motxilak, psikologia, talde lana

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude