Klima-negazionismoa autoz dabil

Klima-negazionismoa autoz dabil –

Kutsadurak ez duela han inor hil, horixe zioen berriki Madrilgo Erkidegoko presidente Isabel Díaz Ayusok (PP), eta lasai geratu da. Díaz Ayusok jakin beharko luke European Heart Journal-en azken ikerketaren arabera Europar Batasunean 659.000 lagun hiltzen direla urtero kutsaduraren ondorioz; baita Europako Ingurumen Agentziaren arabera, Estatu espainolean 30.000 gizaki hiltzen direla urtero arazo berberagatik. Díaz Ayusoren eremura joanda, Madrilgo Erkidegora alegia, 3.000 hildako dira urtean. Herritarren bizi-kalitateak, eta horren barne osasunak, zeharo kezkatu behar lukete agintari politiko oro.

Klima-negazionismoa autoz dabil

Norbaiti entzun diot egunotan  konparaketak beti desegokiak izaten diren arren, 7 emakume hil zituztela bortizkeria matxistaz 2019an Madrilgo Erkidego Auntonomikoan, 55 Estatu Espainolean. Eta 93 pertsona hil zituela ETAk urterik latzenean, 1980an. Premiazkoa da gizon orok barneratzea bortizkeria ez dela bikote barruko gatazkei amaiera emateko bidea. Premiazkoa da gatazka politikoei bide poltiko hutsen bidez ematea irtenbidea, indarkeria alboratuz. Premiazkoa da kutsadora atmosferikoak eragiten duen heriotza kopurua murriztea, baita CO2 isurketak gutxitzea ere. Ostruka bailitzan burua lurpean ezkutatzea, Díaz Ayusok egiten duen lez, konponbidea ukatzea da.

Madrilen Martínez-Almeida alkatea (PP) atzera egiten ari da Manuela Carmenak hartutako neurri ausartekin, Madrid Central delako gunea desitxuratuz. Baina Europan hainbat hiritan frogatu dute kutsadura jaisteko ezinbestekoa dela neurriak hartzea auto pribatu gutxiago ibil daitezen. Londonen eta Stockholm-en bidesariak dituzte aspalditik, eta diru sarrerak garraio publikoa hobetzeko erabiltzen dituzte.  Alemanian 70 Emisio Baxuko Gune baino gehiago dituzte, non ingurumen-ikur zehatzen bidez ibilgailu kutsakorrenei sartzea eragozten zaien. Europan 300 hiritik gora dira ikur horien bidezko neurriak ezarri dituztenak. Italian zenbait Trafiko Mugatuko Gune dituzte; bertan soilik sar daitezke bizilagunen eta banatzaileen ibilgailuak. Horrela oinezkoak seguru eta eroso ibil daitezke.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenok (PSE) ohartarazi zuen Erkidegoko hiru hiriburuek mugatu beharko dutela ibilgailuak sartzea 2025erako. Alderdi bereko Bilboko alkateorde Alfonso Gilek lehenago egiteko asmoa zuen, baina Juan Mari Aburto alkateak (EAJ) ez zion utzi, eta udal gobernuan krisia izan zen. Ez dugu ahaztu behar Bilbon ibilgailuen trafikoa dela kutsaduraren eragile nagusia, eta hainbat urtetan Munduko Osasun Erakundeak ezarritako emisioen muga baloreak gainditu izan direla, baita batzuetan legeriak ezarritakoak ere.

Marsellan eginiko ikerketa bati esker dakigu nitrogeno dioxido isurketen ia herena banaketarako ibilgailuek eragiten dutela. Hain zuzen ere, nitrogeno dioxidoarekin izaten dira Bilbon arazo larrienak araudiak ezarritakoa ez gainditzeko. Gauzak horrela, premiazkoa da adibidez taxiak eta furgonetak elektrikoak edo hibridoak izatea.

Hirietan kutsadura murrizteko neurriak hartzea ezinbestekoa da gizakion osasuna mesedetzeko eta heriotzak murrizteko. Horrez gain, zenbaitek iragarritako emaitza txarrak ukatuz, ondorio onak beste arlo batzuetan ere eragiten dira: hiri barruko saltokien etekinak handitu egiten dira, Oslon eta Madrilen frogatu den moduan.

Bukatzeko, ohar gaitezen hiriak gizakiontzako aldarrikatzea osasuntsua ezezik, bidezkoa ere badela. Hamarkada askoan autoarentzat planifikatu dira hiriak, ez gizakiontzat, akats larria eginez. Horri buelta emateko demagogiaren, ezjakintasunaren eta aurreiritzi atzerakoien aurka egin beharko zaio. Hurrengo erronka lurzoru gaineko aparkalekuak nabarmen murriztea izango da; horrela, hiriko gune itzelak bideratuko dira oinezkoen guneetara, patinete eta txirrindiluntzako bidegorrietara, zamalanetara, eta abar.

Mugak ezartzea ez da neurririk herrikoiena izaten; halere, gure bizi-kalitatea hobetzeko eta klima larrialdiari aurre egiteko ezinbestekoa izango da sarritan, eta agintarien beldurrek eta herritar batzuen aurre egiteek gero eta indar txikiagoa izango dute. Etorkizunak esango digu gure hiririk kutsatuenetako agintariek osasunaren eta ingurumenaren alde egiten duten, ala klima-negazionismoaren autora igotzen diren.

Klima-negazionismoa autoz dabil

2 pentsamendu “Klima-negazionismoa autoz dabil”-ri buruz

  • “Klima-negazionismoa autoz dabil”

    Negazionistak ez direnak, astoz ala?

    Asmo on guztien aldean, dena ez da horren txuri edo beltz.

  • Jon Artetxe
    Jon Artetxe 2020-01-24 14:02

    Hooligan-ek garagardoa edaten dutela esateak ez du esan nahi garagardoa edaten duten guztiak hooliganak direnik, ezta soilik hooliganek edaten dutenik garagardoa. Administrazio publikoen arduren artean alkohol gehiegi edatea ez sustatzea dela esan nahi dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude