Kazetariek ahots propioa izateak komunikabidea lagunduko balu…

Asteazkenean Deustuko Unibertsitatean izandako “kazetaritza, internet eta etorkizuna” mahainguruan izan nintzen. Bertan Zuzeu.com-eko Hasier Etxeberria, Sustatu.com-eko Luistxo Fernandez eta Berriketan.info-ko Jon Ordoñez aritu ziren solasean. Norberak bere proiektuaren berri eman zuen, helburua, funtzionamendua, sorrera, irizpideak, etab.

Publikoan, gehien-gehienak ikasleak ziren, kazetaritza edo giza zientziak ikasten ari direnak. Prentsa krisian dela, kazetaritza ez dela lehenago zena, komunikazio arloan inoiz baino aukera gehiago daudela aritu eta gero, ideia bat nabarmendu zen. Hiru hizlariak ados ziren lan merkatura jauzi egiteko ezinbestekoa zela ahots propioa izatea, alegia, eta ongi ulertu badut, bere burua ezagutaraztea Twitterren bidez edo blog baten bidez. Luistxok, ezaguna zaion estiloan (Marketing estrategia, haren erranetan), argi utzi zuen Facebook-ek ez duela ezertarako balio horretarako. Guztiz ados nago, Facebook-ek ahots propioa ematen duelako lagunen artean, baina ez munduari begira. Horretarako askoz egokiagoak dira blogak, Twitter eta oraindik hori errateko goiz bada ere, Berriketan, izaeraz irekiak baitira. Nire ustez, ez dago curriculum hobeagorik egiten dakizuna erakustea baino.

Baina gogoeta hori haratago eman behar dela iruditzen zait. Nire ustez, kazetari orok izan beharko luke bere ahots propioa bai aipatutako sare sozialetan, baita blog batean ere. Gizartearen ezaugarriak direla eta, komunikazioan gero eta gehiago bilatzen dugu harreman pertsonala, alegia, erakunde batean kexatzen naizenean erantzuna pertsonala izatea, izen eta abizenekin, eta ez makina batek egindakoa automatikoki. Gustatzen zaigu jakitea norekin ari garen hizketan, zeinek entzuten edo aholkatzen gaituen. Gero eta nekezagoak egiten zaizkigu enpresa edo erakunde batekin izandako harreman hotzak. Funtsean, normala da, harremanak pertsonen artean izaten direlako, eta ez enpresa edo erakundeen artean.

Nire esperientzia baizik ez da honako hau, baina ez naiz inoiz Argia.com-en orain bezainbat sartu @larbelaitz eta @boligorria Twitterren jarraitzen ditudanaz geroztik ez bada, eta ez dut inoiz Nick dut nik saioa orain bezain bat begiratu haren jarraitzaile naizenez geroztik ez bada. Bigarren kasu horretan erranen nauzue perfila ez dagoela Arantza Garcés aurkezlearen izenean, baina bere argazkiarekin dago, eta kontu horren atzean dagoen pertsona, bera izan edo bertze bat, hain modu pertsonalean eta hurbilean hitz egiten du nun eta saioa begiratzeko gogoa ematen dit.

Hala ere kontuz, ez duelako balio Twitter bezalako tresna bat soilik bere burua edo programa iragartzeko, alegia, bakarrik publizitatea egiteko. Nik ez daukat daturik baina sare sozialetan esperientzia handia duten guztiek bat egiten dute parte hartu behar dela, alegia, norberak bere idatzia hor zintzilikatzeaz gain, besteen edukiak retuiteatzeko beldurrik ez dela izan behar, iruzkinak egin behar direla eta galderei ahal den neurrian erantzun. Hartara askotan aditu dut, “baina horrek lan gehiago emanen dio kazetariari”. Nik uste dut lan horretan inbertitzen den denbora beste nonbait aurrezten dela. Kazetari bezala informazio iturri oso aberatsa da Twitter, eta gaur egungo teknologia berriekin lan horiek ahalik eta azkarren egiteko tresnak badaude. Horren harira  begiratu Nagore Vegak eta Iban Izak daukaten bloga. Oso baliagarria da: www.zentik.info . Ohartuko zareten moduan haiek ere badaukate ahots propioa edo kazetariaren nortasunari buruzko post bat.

Azkenik eta post luze honekin bukatzeko, norberaren marka egiten laguntzeaz gain, blog batek askatasuna ematen du. Erredakzio batean linea editorialak, denborak eta lekuak kazetariaren jarduera mugatzen badute, blog batean egilea da nagusi, eta bere burua baizik ez du konprometitzen. Lehen pertsonan idatzi, hirugarrenean, bideo bat jarri, esteka bat, hamar argazki, lerro bateko testua, honako hau bezalako txapa bat, berak erabakitzen du.

Errentagarritasuna? Ba, nik argi dut ogibide bezala, denontzako lekurik ez dagoela, eta agian komunikazioan jardun beharko dugula eta kazetaritzan aisialdian aritu.

Xan Harriague

GAUZA AGERIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude