Kazetari prestu horri, otoi

images4.jpg
Kazetari prestu hori, seguru asko gaztea zara eta ikerketa kazetaritzan nahiko zenuke aritu. Iruditzen zaizu horixe zenukeela egitekorik gustukoena, gizarteari dagokion eskandalu benetako bat aireratu eta erreportaje bikain bat argitaratzea. Eredugarri zaizkizu Italiako Camorrarenak, edo Errusiako mafiarenak, esaterako. Ordea, zure jefeak ez du bihotzik enborrean, ez argirik buruan, eta ez da konturatzen zein egokia zaren halako lan bat egiteko. Eta agintzen dizu eguraldiaz idazteko edota Diputazioko prentsaurreko geza bati buruz esateko zerbait lau lerrotan. Ez dago eskubiderik. Benetan. Askozaz gehiago balio duzu zuk. Ez zenuen honetarako karrera egin. Horregatik otu zait gaur, agian zeu zarela egokiena lan garratzizko bat abiatzeko. Nik hemen munstroaren belarriak baizik ez ditut aipatutako, zuri baitagokizu ikerketa lanaren egiaztapena. Batzuk zaharregi gaude halako lanetan hasteko, eta aski eta gehiegi dut egiten dudan honekin, benetan. Ez duzu jakingo, baina Idiazabal Gaztaren Jatorrizko Izendapenean arazoak daude. Antza, herritar batek bi gazta aurkitu zituen numerazio berberarekin eta salaketa jarri zuen Ertzaintzan, ezinezko gauza baita bi gaztak zenbaki bera izatea. Eta hala, Ertzaintza jatorrizko izendapenaren elkartera joan zen galdezka, eta hauek, harrigarriki, bat egin zuten ertzaintzarekin ikerketan. Ondorioz, Olaberriako Quesos Aldanondo gaztategia arakatu zuten ertzainek eta, antza, uste baino kakazahar gehiago aurkitu zuten bertan: eztakit nondik ekarritako esnea, eztakit nondik ateratako zigilu bikoitz eta hirukoitzak, eztakitzenbat milioiko iruzurra erakusten zuten fakturak… Hariari tiraka hasi eta mataza uste baino handiagoa, hara. Kontua da —betiere omenka, jakina, zeu baitzaude hau guztia egiaztatzeko—, enpresa berori dela Izendapenaren habeetako bat, eta arazoak daudela aurrera egiteko ikerketan. Gazta marka batzuk ezkutatu egin dira eta berri batzuk agertu, latxa ardiaren esne gordinaz egin gabekoak izan gabe, “euskal” itxura jator askoa dutenak etiketari esker. Finean zera omen da, Idiazabal gazta zintzoki egiten dutenen eta artzainen aurka datorren zerbait eta, nola ez ba, kontsumitzaile guztiok engainatzen gaituen kontu bat. Diru asko mugitzen omen da afera honetan. Zuk eta nik bizitza guztian bildu genezakeena milaka aldiz biderkaturik. Ezin dizut, oraingoz, gehiago esan. Konpreni ezazu, zaharregia naiz lan horietan hasteko, baina gazteegia, hala ere, bizitzako plazerei uko egiteko. Zeuk daukazu oldarra eta jakituria halako lan baterako. Bizitza aseguru batek ere ez lizuke kalterik eginen lan honetan sartzeko erabakia hartzen baduzu, perilosa baita bizimodua gaur egunean lanbidean aitzina egin nahi duen kazetari batentzat. Bokazioa baldin baduzu, eta gairik ez: badakizu.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Kazetari prestu horri, otoi”-ri buruz

  • Pedro Gómez Danboreneak ireki die bidea apur bat gainera kazetari horiei, EL Mundo-ko artikulu hauetan ikus daitekeenez.
    Artikulu hauen arabera gainera isunak ere ipini dizkiete Quesos Aldanondoren enpresa desberdinei baina uste baino txikiagoak ikerketetan eman diren akatsengatik:

    http://www.elpais.com/articulo/pais/vasco/fraude/Idiazabal/afecta/medio/millon/quesos/elpepuesppvs/20071023elpvas_1/Tes/

    http://www.elpais.com/articulo/pais/vasco/errores/inspeccion/frustran/investigacion/fraude/Idiazabal/elpepiesppvs/20080128elpvas_2/Tes/

  • a! eta ‘Idiazabal’ gaztaren ‘disidenteek’ sorturiko ‘Etxegarate’ gaztaren inguruko hau ere irakurri beharrekoa, nola ez!

    http://www.diariovasco.com/20080308/al-dia-local/disidentes-idiazabal-20080308.html

  • Hasier Etxeberria

    Idiazabal gaztari ere ustel usaina dario…

    Artzaiek ardiak mendian. Gazta bordan. Erosleak dirua patrikan, gazta dendan. Eta tartean, izendapenak, markak, etiketak, faltsukeria, iruzurra, ikerketak.
    Gehiago jakin nahi?
    Hasier Etxeberriaren blogean, Idiazabal gaztaren inguruan nabarmentzen ar…

  • Hau da blog batean parte hartzen dudan lehenbiziko aldia eta, egia esan, gaia arrunt interesgarria iduritzen zait. Ez naiz ni gazta ona bereizteko trebea: gazta puska bat hartu eta gustuko dut edo ez. Hori da nire jakinduri guztia gai honetan. Askotan aditu dut Idiazabaleko gaztak izugarrizko arrakasta duela eta urtero ekintzak badirela honen inguruan:gazta hoberenari premioak eman, ez dakit zenbat diru ordaindu gazta batengatik… Hau dela eta nik ere nahi nuke hainbesteko arrakasta duen zer edo zer sortu, aizue.

  • ETBko Sustrai programan azalduko al da honen berri? kar, kar, kar…

  • Hasier Etxeberria

    […]   Nork ez du ezagutu txakurra duen artzainik. Areago, nork ez du ezagutu bere zakurrari Txiki izena jarri dion artzainik. Gurean kontu batzuk oso geureak ditugu: Gaztelugatxe, Bardeetako abioiak, Guggenheim, Athletic, Modenako ozpinez eginiko pintxo jator askoak eta euren txakurrei Txiki izena jartzen dieten artzainak, batzuk bakarrik aipatze aldera. Neu ere txakur zalea nauzue. Argazkikoa, gure bi txakurretako bat da. Ez da Txiki deitzen, baina ia ia. Hemen eta hemen idatzi nuen berari buruz, eta sarrera gehiagotan ere agertzen da blog honetan, garrantzia baitu gure etxekoon  bizitzetan. Urtebete da ekarri genuela, eta pozik  gaude berarekin. Baina ez nik nahi nukeen beste: denbora honetan guztian saiatu naiz nola idatzi erakusten, ordenadorea eta teklatua nola erabili behar diren esplikatzen, berak egin ditzala nik egin beharreko lanak agintzen, horretarako behar baitu  izan  etxeko txakur onak: ugazabari laguntzeko. Baina, bai zera, Tximi gureak ezetz dio, nahikoa lan baduela bere odolak agindutakoari segitzen, eta nahiago dituela auzoko katuak nire lanmahaiari lotuta baino. Kapritxoso hutsa da, eta halaxe ari da hazten: nahi duena eginez beti. Horregatik harritu naiz hainbeste Txiki deitzen den arditxakur honek idatzi duen artikuluarekin. Zinez da interesgarri, baldin eta Idiazabalgo gaztaren aferaz idatzi genuena interesatu bazitzaizun. Cheesgate deitzen kontu bat ere argitaratu genuen atzerrirako. Gure Tximik badu nori ikasirik. Bikaina da artzainaren Txikik idatzitakoa, gezurra dirudi txakur batek hain garbi idatz dezakeenik. Hori bai, gurea andaluza den bezala, Txikik gaztelaua behar du, gaztelaniaz idazten baitaki berak. Eta elikadura eta geografia ere nahastu egiten ditu, bere artikuluak EN CONTRA DE ETXEGARATE baitu izenburu, gazta eta mendilepo baten  izenak nahastuz. zabaldubildudel.icio.us […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude