Kapitalismoa eta aisialdia

Kapitalismoa eta aisialdia –

Azken aste honetan, Zuiako Gaztetxean, pare bat eztabaida mamitsu izan dira. Bata drogen erabilerari buruzkoa, bestea joko aretoen eta apustuen ingurukoa. Biak ala biak, aisialdi ereduari dagozkionak, biak ala biak, gazteok eta herritarrok ditugun problematiken inguruan.

Kapitalismoa eta aisialdia

Nahiz eta oso jende anitza bertaratu zen bi horietara, adostasun zabaletara heltzeko gaitasuna izan genuen. Bai bata eta bai bestea, kapitalismoak inposatzen digun aisialdi eredu kontsumistaren adibide garbiak dira. Biak gozamen eta asetze azkarrerako bide, mundu gero eta azkarragoan.

Bizitzea tokatu zaigun garai hau depresioen, bakardadearen, eta etsipenaren garaia da. Gero eta bakarrago sentitzen gara. Sistemaren gaitz horiek pandemia bezala zabaldu dira, birusa bailiran, baina nola ulertu depresioa bezalako gaixotasun batek pandemia gisa zabaltzea? Buruko gaitzak ez dira kutsakorrak, ez dira birusak eta ordea denok dugu horrelako bat.

Sistemak ordea ez dio gaitz hauen oinarrietan dagoen arazoari eusten. Oinarri horiek klase ezberdintasuna, prekarietatea, sistema neoliberala bera direlako. Horren ordez ondorioei erreparatze die. Horretarako medikamentuen, droga legalen, bitartez negozio paregabea eginez.

Gizarte logaletua behar eta nahi dute, horretan ematen dute euren indarren gehiena. Jendarte bat nahi dute non jendea bere egunerokoan preso sentitzen den, preso dagoela ulertu gabe. 80. hamarkadan heroinarekin bilatu zutena, gaur porroekin edota alkoholarekin lortzen ari dira.

Puntu inkonformista eman diote droga hauei eta bere kontsumitzaileak bihurtu kapitalismoaren erreproduktore perfektuak. Konturatzen ez garen birsortzaileak, egun osoa logaleturik eta sistemaren erraminten defendatzaile sutsu.

Kapitalismoak herritar pasiboak nahi ditu, zapalkuntzen aurrean ahotsa altxatuko ez duten herritarrak, alternatibarik ez dagoela sinisten duten herritarrak eta bitartean pilulatxoa hartu eta aurrera egingo dutenak.

Arazoa ordea ez da norbanakoarena, arazo kolektiboa da bizi duguna. Eta arazo kolektibo gisara, konponbidea ere kolektiboa behar du izan. Ez du ezertarako balio etxean sartu eta gure penetan itotzea.

Irtenbidea antolakuntzan eta borrokan dugu, herri langilearen batasunean inposatzen diguten norbanakoen mundu horren aurrean. Alternatibak eraikitzen eta indartzen hasi behar gara, kultur alternatiboa, aisialdi eredu alternatiboa, baina bereziki sistema alternatiboa. Sistema kolektibo bat behar dugulako, ez duena inor bidean utziko.

Behar duguna ez delako psikologo bat, bakoitzak berea, behar duguna mugimendu indartsu bat da. Norbanakotik atera eta kolektibora jo. Indar askatzailea izan gaitezen, mundu askatzailea eraiki dezagun.

Kapitalismoa eta aisialdia
Oier Azkarraga

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

2 pentsamendu “Kapitalismoa eta aisialdia”-ri buruz

  • Nolakoa litzateke aisialdia sistema marxista batean? Jakin nahi dugu.

    “Kapitalismoak herritar pasiboak nahi ditu”. Xelebrea esaldia. Kapitalismoa indibiduoaren ekimenean dago oinarritua, ekimen indibidualean.

    Gainerakoa (“… zapalkuntzen aurrean ahotsa altxatuko ez duten herritarrak, alternatibarik ez dagoela sinisten duten herritarrak eta bitartean pilulatxoa hartu eta aurrera egingo dutenak”) panfleto-propaganda hutsa da, dagoeneko erosle gutxi dituena, behin aurreneko zirrara hura pasatuta.

  • Laburbilduz: zure arazo guztiak konpontzeko etorri gurekin, deabrurengandik askatuko zaitugu eta. Bide bakarra omen dago, eta inutilak garenez bide hori ezin dugu bakarrik egin, soilik zuek bezala pentsatzen duzuen bezalakoekin elkartuz egin dezakegu.

    Sektak eta sektarismoa. Eta Oier bibliak saltzen atez ate, gaztetxez gaztetxe…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude