Kandelario

Kandelario –

Kandelario

Zilegi bekit gaur lizentzia hartu eta argazkian neroni agertzea, kandela mordo bati putz egiten. 67 kandela, hain zuzen. Bai, beste urte bat bete nuen atzo. Osasunez ondo harrapatu nau, gauza batzutatik erretiratuta, derrigortasunetik libreago, eta herrigintzan aktibo.

Frankismo beteko Iruñean nerabezaroa pasa ondoren, Madrilen hasi nintzen, duela 50 urte, euskal komunitatearen ekimenetan murgiltzen. Gaur arte. Berezkoa dut joera, mugimendua dagoen tokira hurbildu egiten naiz eta, halabeharrez, zurrunbiloak harrapatu egiten nau. Beti.

Seguruenik ‘vintage’ geratuko da, baina oso Itaka zalea naiz. Kavafisen poema aspaldi ezagutu nuen Lluis Llach-en bertsioan eta harrezkero nire bizitzaren ardatz bihurtu dut. “Izan amets argi bat eta abiatu haren bila. Bidea izan dakizula luzea eta gertakariz betea. Adinduta Itakara iristen zarenean, ikusiko duzu ametsak berak baino bideak egin zaituela aberats eta jakintsu”.

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko ligukeen Euskal Herri independentea amesten dut, eta amets horrek bultzatzen nau etengabe herrigintzara. Seguruenik honezkero ez dut Itaka hori ezagutuko, baina bidea aberasgarria izaten ari da, eta bizitzari zentzu osoa ematen dio eraldaketaren lekukoa hartutako tokitik ahalik eta gehien aurreratzeko ahaleginak.

Hori guztia pasatu zitzaidan burutik atzo, 67 kandela itzaltzen ari nintzen bitartean.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko otsailaren 11koa]

Kandelario

Euskalgilea eta herrigilea, jubilatua baina ez erretiratua.