Kaktusak bihotzean

azala.jpg

Koldo Izagirre kexu da bertsolariek eta euskal idazleek gaztelaniaz ikasi dutelako. Kataklismoa gainean da. Baina ez da bat-bateko gertaera, urrutitik zetorren eta aspalditik dago geure baitetan hazten jarrita. Begiratu bestela ARGIAren azken azalari. “Nola ikasi ingelesa, euskara eta gaztelania trabatu gabe”. Horrelaxe dio portadan. Zer pentsatu behar ote dute gure seme-alaba euskaldun Iparraldekoek?: “ARGIAk ere ahazten gaitu”. Kanpoan uso izan behar horrekin, denok bilakatu gara geurean geuretzat otso.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Kaktusak bihotzean”-ri buruz

  • Salba dezagun Izagirre (Boris ez, bestea)! 2007-12-16 12:27

    Halako esaldi, jarrera, joera eta zenbaiten ikuspegi murritzen bildumak kaktus zimiko egiten du ene bihotzean. Horrekin ados konatxe. Dunbarriei bizkiak deitzea ahoan jasotako ostikada da, Damiantxo. Bere burua erderaren amildegian bota duen Aintzane Bolinagaren “Aprovecharemos el puente para ir a Iparralde, que lo tenemos TAN CERCA), bezalako esaldiek sutu eginten naute, Hasier. Horretan, neu ere sobera hipersensiblea ote naizen pentsatua dut. Hala ere, Izagirreren testuan bederen ez dut halako zimikorik sentitu. Izan ere erdera terminoaren ordez bi aldiz baizik ez da erabiltzen gaztelania adiera murriztailea eta nik ulertzen dudan moduan testuinguru jakinean, alegia: gaztelera aintzat hartzen zuten libelogileak aipatutakoan (M.M. bizi al da?).
    Sakoneko hausnarketan (haserrean) bat heldu naiz zurekin, Koldoren adibidea epaitutakoan, ordea, ez.

    Walter Oskoz

  • Xabier Letona 2007-12-18 12:32

    Ahaztu ez, hautua izan da

    Hasier Etxeberria kexu da ARGIAren 2115. zenbakiko azalaz eta Iparraldea ahaztu dugula azpimarratzen du. Zenbaki honetako gai nagusiak honako gaia jorratzen du: ea zer eragina daukan ingelesa irakasteak A, B eta D ereduko haurrengan, hauek euskara eta gaztelaniarekin ere aritzen direnean, ama hizkuntza bata edo bestea izan. Horretarako Ikastolen Konfederazioak, EHIGEak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Atzerriko Hizkuntzen arduradunak kontatutako esperientziak bildu dira. Nahita ez dira Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako –honi buruz lerro batzuk aipatzen badira ere- egoerak jorratzen, datozen asteetan argitaratuko den beste erreportaje batean jorratuko direlako. Ez dugu Iparraldea ahaztu, hautu bat izan da; beste kontu bat da bereizteko hautu horrekin asmatzen dugun ala ez.

    Bestetik, eta gaien jorratzeari dagokionez, lurraldetasunaren ikuspegia ez datza gai bat jorratu eta horren gainean Euskal Herri osoan zer gertatzen den azaltzean, Euskal Herri osoko gaiak jorratzean baizik.

    Euskal Herria hiru lurralde administratibotan dago banatua eta horrek arazo ugari ekartzen digu banaketa hori gainditu gura dugun komunikabideoi. ARGIA oso aspaldi ari da erakusten Euskal Herriaren lurraldetasunarekiko duen konpromiso informatiboa. Eta hala ere, jakin badakigu pentsamendu hori praktikara eramatea ez dela samurra eta hainbatetan akats egiten dugula. Harrokeria eta gezurra litzateke hori ez aitortzea.

    Onartzen dut, halaber, azalak eman dezakeela ahanzturaren itxura hori, frantsesari ez baitzaio erreferentziarik egiten, ez ikurretan ez tituluan. Batzuetan besteetan baino hobeto asmatzen da eta horrek norbait mindu badu, sentitzen dugula adierazi nahi diogu ARGIAtik. Gainerakoan, ongi etorri molde eta izpiritu egokiz egindako kritikei, hauek barik ez baitago aurrera egiterik.

    Xabier Letona
    ARGIAko zuzendaria

  • Kexu bai, baina Letonak estuegi hartu du gauza, agian. Esan gabe zihoan aipamen horretan “Begira ARGIARi ere zer pasatzen zaion; pentsa hori ARGIAri gertatzen bazaio, beste guztiak nola biliko diren, noraino gauden etorrita” Etc. Esan beharrik ez baitago ARGIA eredugarria izan dela beti bere historia luzean lurraldetasunaren eta hizkuntzaren eremuak errespetatzeko orduan. Lapsus bat edonork dauka, baina lapsus hori ARGIAk ere baldin badu… Malo! Zerbaiten seinale jotzen dut nik. Horixe agertu nahi nuen zehazki, ARGIA mindu edo kaltetu baino, hemen ez baikara inor berari irakaspenak emateko, alde horretan ez, behintzat.
    (Bestalde, Letona jauna, txantxa onartzen badidazu, Konatxe zen hemen kexu zena. Ni askeago ibiltzen naiz Etxeberria baino. Beti egon dira klaseak. Akabo, ba).