Jertsea, kandela, guraize!

Jertsea, kandela, guraize!-

Jertsea, kandela, guraize!Behin Samantha Hudsonek egin zuen hausnarketa batekin hasi nahi dut gaur. Hausnarketa hau birala egin zen bideo batean ikusi nuen. Bertan zera zion: egun, aste, hilabete oso txar bat eduki dezakegu, kezkatzeko 9 arrazoi eta konpontzeko 6 arazo eduki ditzakegu. Hemen nire ñabardura pertsonala gehituko dut, horrelakoetan normalean kezka eta arazo horiek laboralak izan ohi dira “hau entregatu behar dut”, “dei hau egin behar dut”, “egun honetan honetara iritsi behar naiz” klasikoak…

Harira. Kezka eta arazo horiez gain, zeregin xume bat eduki dezakegu: etxerako guraize berriak erostea edo kandela bat. Edozer. Zeregin oso xumea da beste 9 kezka eta 6 arazorekin konparatuta. Baina erosten dituzunean, unean egin beharreko kontu potolo eta zailenean bilakatzen da zeregin hori. Lortu duzu. Eskerrak. Kriston pisua kendu duzu gainetik.

richardsalon.es Historia-de-las-tijeras-de-barberia - Jertsea, kandela, guraize!Hausnarketa horrekin erabat identifikatuta sentitu nintzen. Unibertsitate garaian, komunikazio graduko 3 azterketa eta zuzenbide graduko 4 azterketa ikasi/prestatu behar nituenean, koaderno bat erosteak uneko egoera urduri eta iluna erabat aldatzen zuen. Mundu laboralera salto egitean, berdin. Beti koadernoak. 

Jendeak, triste dagoenean, arropa erosteko joera duela esan ohi da. Ez zait inoiz gertatu hori. Bai, ordea, aurreko pasartetan azaldutakoa. Eta azken finean eskema bera da. Denok dakigu honen atzean kapitalismoa deituriko animalia bat dagoela. Ez da asko ikertu behar hori jakiteko.

Erosteak zoriontasuna ematen duela saldu digute. Triste zaude? Irtenbidea erraza da, erosi. Agobiatuta? Kezkaz josita? Ba arnasa hartu nahi baduzu, erosi. Jertse bat, kandela bat edo guraizeak. Berdin du zer. Arnastera mendira? Bai zera! Kirola egitera? Horrek ez du zentzurik, mesedez. Lagunekin potetxo bat? Beno, aukera hori ez dago hain gaizki, kaña bat eta hiru erosteak ere balio du joku honetan. Denok oso entzunda genuen hausnarketa hau berriro lapikoan sartuta, alde egin beharra dut. Orain gogoratu naiz 9 kezka eta 6 arazo ditudala kudeatzeko.

 

Jertsea, kandela, guraize!

 

ZUZEUko erredakzio kide

Zer duzu buruan “Jertsea, kandela, guraize!”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude