Jeltzaleei aholku

Jeltzaleei aholku

Entzuten da nacionalista kendu eta nacional jarri nahi diotela izena Partido Nacionalista Vascoari. Ez zait gaizki iruditzen. Ez eta ondo ere. Horrelako gauza bat, azken finean, partiduko militanteek erabaki behar dute, herriko jaietarako koadrilek eurek jazteko nolako kamiseta egingo duten erabakitzen duten bezala.

Ez zaidana oso ondo iruditzen, ordea, entzuten den beste gauza bat da: gaztelaniaz Nacional hori ezarri arren, euskaraz Alderdi Jeltzalea izena gordetzea.

Jeltzaleei aholku
CC-By-Sa: LaMiMi

Gogoan dauzkat gaztetan ezagututako ETAko partaide baten sermoi marxistak. Oso praktikoa izan da beti gizona eta, halako batean, ETA pm hartara pasatu zen. Handik urte batzuetara EIAra, gero Euskadiko Ezkerrera eta, azkenean, EAJtan amaitu du. Karguak ere eduki ditu gizonak, eta ez edonolakoak. Izenik emango ez dudan arren, denok ezagutzen duzue eta orain ere, bere izaerak beti agindu dion bezala jarraitzen du: besteoi zer egin behar dugun esaten. Izan ere, badira pertsonak beti arrazoia izateko jaiotakoak. Bera da horietako bat, Joseba Arregiren antzera: kontrakoak esan arren, beti arrazoi dutenak.

Kontua da, kafea hartzen ari nintzen batean, kasu egin niola politikari horri. Euskadiko Ezkerra apurtu berria zen eta EAJn karguren bat hartua zuen garai hartan. Gaizto xamarra nengoen, kopatxoren bat hartuta ere bai, seguru asko,  eta galdegin nion nola ote zitekeen bera bezalako marxista batek  alderdi kristaudemokrata eta tradizionalista batean amaitzea.

Irainduta sentitu zen galderarekin. Iruditzen zitzaion zitalkerian nenbilela eta bera okerreko bidetik xaxatzea baizik ez nuela nahi. Erantzun nion neuk bezain ondo edo hobeto zekiela Alderdi JELtzalearen izenak daroan JEL horrek zer esan nahi duen : Jaungoikoa eta Lege Zaharra. Ezin genuela axalkeriatan eta hipokrisian hasi eta biok, bai berak eta bai nik, ederki ezagutzen ditugula Sabinoz honantzako ibilerak.

Benetan haserretu zitzaidan eta purrust batekin egin zuen alde nire ondotik. Alabaina, harrez gero, hor ikusi izan dut gero eta kargu handiagoan eta, gutxi bailitzan, orain sermoilari ere badabil gizona bazterretan.

Kontua da, ezin dudala ulertu zergatik eman zion min JELtzale bihurturik zebila esan izanak. Berak jakingo du zein arbolaren geriza duen maite, baina ezin ukatuko dit, EAJ espiritu kristaudun alderdia denik (edo izan denik, bederen). Nire izeba katoliko guztiak EAJkoak izan dira tradizionalki. Nire osaba katolikoak, ostera, Athletic eta, batez ere Errealekoak.

Egia esatera, oso gogoko ditut EAJn betidanik eta eroso ikusten ditudan lagun eta ezagun horiek guztiak: Olano, Agirretxea, Erkoreka, Bildarratz, Ortuzar, Egibar… Bejondeiela! Ederki baino hobeto dakite eurek eta nik politika kontutan ez ditugula gustu berdinak, baina, behintzat, harro daude iraganaz eta pozik etorkizunaz. Zer arraio!

(Joxerramon Beloki edo Amatiñoren antzekoek aztoratzen nautela egia da, baina hori beste baterako kontua da).

Orain, esaterako, Erkorekaren izena azaldu da Lehendakaritarako hautagai izango dela esanez. Ni asko poztuko nintzateke hala balitz. Areago, Ibarretxe joan zen egunetik, nire kandidatoa izan da bera, nire lagunek ederki entzuna didatenez. Esango nuke, bere kontra daukan gauzarik larriena hauxe dela, hain zuzen ere: nire faboritoa izatea. Ez baitut sekula santan asmatzen.

Baina noan nindoanera. Partido Nacional Vasco- Eusko Alderdi Jeltzalea bihurtuko omen da peneuvea denbora berriei eta, batez ere, ezkerreragoko abertzaleen metaketari aurre egiteko.

Min egiten dit horrek, ez estrategiak, izen desberdinarenak, esan nahi dut. Zergatik ez da euskaraz ere Eusko Alderdi Nazionala izaten ahal? Edota, bestela, zergatik ez da gaztelaniaz ere Partido de Dios y Tradición Vasca deitzen? Zergatik uzten da euskaldunontzat bakarrik memoriaren testigantzaren pisua?

Niri neuri  euskaltasunaren zama handienetakoak egiten zaizkit erdaldunekin bereizten gaituzten gauza txiki eta oharkabe horiek guztiak, guretzat balio dutenak eta haientzat ez: Euskadi Irratiko meza eta herri-kirolak, Arrate Irratiko errosarioa, bertsolaritzaren globo puztuegia, Arantzazuko Amaren esklusibitatea, etc. Zergatik balio dute euskaldunontzat bakarrik? Hain gauza onak badira, zergatik ez dizkiete haiei ere eskaintzen/ematen?

Badakit ez dela nire kontua, jeltzaleek eurek erabaki behar dutela izenarena, baina alderdia euskaraz eta erdaraz ez bada berdin deitzen, pentsatzen hasiko naiz Alderdi Jeltzalearen baitan ere badirela maila desberdineko kategoriak eta nola-halako espiritu kolonialista ia ikustezinezko bat dutela erreserbaturik aborigenontzat.

Jeltzaleei aholku

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

19 pentsamendu “Jeltzaleei aholku”-ri buruz

  • Azken aldi honetan, bereziki Kukutzatik Alderdi Egunera joan den astean, oso tematuta ibili naiz jeltzaleen aurka han eta hemen sarean. Batzuek erabili dute “Nacional” hori ere bere zentzu espainolean. Eta ziurrenik marketingean ere bada ideia ona, azken finean zuk (eta nik) zure nazioa aldarrikatzen duzu besteenarekin kontrajarrita. Gogoan dut HBren “Mahai Nazionala” izendatzen zutenean espainiar medioek nola ez zuten ondo ulertzen zergatik zen “Nazionala” eta ez “Erregionala”.

    Baina honek ere badu buelta. PSEk ere erabiltzen du “Congreso Nacional” euren kongresu “erregionaletarako”. Eta Ezker Abertzaleak ere esaten du “Dinamika nazional” edo “Mani nazional”, ideia hori bera identifikatzeko. Hau da, euskaldun = nazional, eta ez “nazionalista”.

    Baina bestean duzu arrazoi, eta aspaldi ez nuen horrelako kritika entzuten. JELtzaileak bazarete… zergatik ez aldarrikatu abertzaletasun hori zuzenean gazteleraz ere: “Partido Jeltzale Vasco”, edo oraindik hobe, euskaraz bakarrik: “Euzko Alderdi Jeltzalea”… eta punto.

    Beno, ideia solte batzuk, koherentzia handirik gabe, baina zure artikulua txalotzeko nire modua.

  • Hasier Etxeberria 2011-09-26 16:01

    Mertzi, mesié.

  • Mikel Elorza 2011-09-26 16:05

    Gai honetaz lehengoan hizketan, gu bion lagun batek ondo asko esaten zuen burla egiten diotela euskarari. Gatelaniazkoa aldatu beharra dago munduan ibiltzeko, baina euskarazkoa ez (gainera jel hori mantenduz…).
    Beraiek erabakiko dute, baina akaso medio batzuek erabaki beharko lukete EAJ ez deitzea, PNV baizik, euskarazko testuetan ere. Euskarazko izendapena ez bazaie axola, inporta duena PNV baldin bada, halaxe deitu.
    Ondo ibili haiz, Hasier.

  • Bada, niri ez zait joaten zalantza hau. Izan leike “nacional” historikoki erabakigune, aliantza, dinamika eta abar “nacional” guzti-guztiei (Lizarra-G kenduta) uko eta muzin egiten dion alderdi bat?

    Artikulua interesgarria da berez, baina beste zalantza hori argitu bitartean kosta egiten zait beste kontu horietan pentsazen hastea.

    Azkenik, uste dut apustuari bide eman diozula, hortaz, horra neurea: Bildarratz. Bi urte daramatzat berdina defendatzen, eta guztiek erantzuten didate Izaskun B. edo Erkoreka izango dela lehendakarigai.

    Izan ongi!

  • Arerioen joko-zelaian dabil beti EAJ. Konplexuz bete diete burua eta horregatik dituzte orain arazoak bere burua nazionalistatzat izendatzeko. N-a Negociorena izan zitekeela ere askotan izan da proposatua.

    Euskararenarekin arrazoi osoa duzu. Hizkuntza eta euskal kultura ulertzeko modu folkloristaren beste adibide bat. Honetan ez nieke errurik botako; intentzio txarrik gabe egin dutela eta maite dituzten hizkuntza eta kultura direla uste dut. Ez dira ohartzen, ordea, zelako kaltea egiten duen barne-barneraino sartuta duten ikuspegiak.

  • Baina, PNVri izena aldatu dakioke Nacionalista-tik Nacional-era, PNV izateari utzi gabe. Inizialak berdinak dira.

    Euskaraz, aldiz, hasi zaite Jz hasten den beste zerbaiten bila… 😉

    Izena aldatu daiteke, baina marka.

  • partido nazionalista espainol izendatuz hobeto ulertzeko ,zeren beren egintza polilitikoak espainiari begira egiten dute, eta 30 urtetan eztute ezta estatutua ere lortu, eta berdin zaie ppsoe kriminalekin negoziatzea ardurarik eskatu gabe; hemen gudu zikinean 867 erail dituzten,eta hauek joaten dira horiekin negoziatzera, ardura kriminalik eskatu gabe

  • Bada, ni gehien harritzen nauena ez da haien (edo beste askoren) irizpide kontraesankorra, hau da, gaztelaniazko siglei lehentasuna ematea eta euskarazkoa gutxiestea bi siglen artean erabateko desberdintasuna dagoenean, baizik eta publikoki adierazi izana gaztelaniazko izenaren aldaketa, jakinda jendea berehala oldartuko zitzaiola euskarazkoagatik galdezka. Jakin behar zuten komeni ez zaien polemika piztuko zela. Hor konpon, beraiek nahi izan dute horrela, ea nola moldatzen diren euskaldunon aurrean hori justifikatzen Jaunkoikoa Eta Legezarraz galdetzen zaienean. Ez dut uste gainera espainia aldean EAJrekiko duten iritzia askorik aldatuko denik (hori da bestea, sarritan bai baitirudi gehiago kezkatzen direla Espainian ematen duten irudiaz Euskal Herrian ematen dutenaz baino. Ez dakit ba, nik dakidala behitzat Euskal herrian lortzen dituzte botuak eta ez Badajozen.

    Beste aukera bat da, inuzenteok uste izan dezakegunaren kontra, PNVkoak diruditena baino koerenteagoak izatea, hots, euskarazko izenari ematea benetako garrantzia eta erdarazkoa kanpora begira espainolitoentzako soineko korrekto bat baizik ez izatea, barren barrenean euskarazkoarekin identifikatuz.

    Bigarren aukera honek beldur handiagoa ematen dit.

  • Lehenbizi eskerrik asko, Hasier. Lasaigarria da inork inon, norberak pentsatzen duena pentsatzen duela irakurtzea.
    Espainiako komiko batek, monologo batean behin batean esan zuenez, bakoitzak bere egunkaria du eta egunero gosarian huraxe irakurtzen du esanez… “Voy a leer el periódico, a ver cómo pienso” (itzuli gabe utzi dut, EAJ bezala).
    Hor aipatu dituzun jeltzaleren bat edo beste txikitatiko laguntzat daukat eta zer pentsa eman dit askotan euskaldunon izateari buruzko hausnarketa egitean, gauzak nola aldatu diren ikusteak. Zelako erraza zen, txikitan, euskalduna izatea! Eta zein zaila den, orain, helduarora iritsita (mundua ulertzeko ezinbestekoa zela zioten heldutasunera iritsita) eta “zimelarora” iristeko zorian, esfortzurik gabe euskaldun izatea eta, are gehiago, euskaldunak garen ala ez garen jakitea.
    Izena (eta izana) aldatu al digute denoi? Alienazioa ote?
    Hala ere, paradoxa hutsa iruditzen zait, jelkideak ere nazionalak izatea. Nork esango zion hori gure osaba Mamerto zenari,1939an.

    Bejondeizula, Hasier.

  • Gaiza da JELtzaleek jakin badakitela “Partido Vasco de Dios y la Ley Vieja” edota “Parti Basque de Dieu et de l’Ancienne Loi” ezin diotela paratu 2011. urtean emaitza serioak eskuratzea helburu duen alderdi bati. Apika, bazekiten hura 1895. urtean ere bai!

    Halakotz, zergatik üskaraz onargarri erdaraz ez den hura? Ene idurikotz, zunbait aspektu uken behar kontuan:

    -“Tradizioari eustea”, erran nahi baita, fundatzailearen hautua mantentzea eta 116 urteko bidea bere hartan mantendu. Mudatu ezkero, horrek erran nahi du zer edo zer etzela untsa!

    -‘Marka’, ingelesek ‘Corporate Brand’ dioten hura ez mudatzea.

    -Eta hondarrekotz, tamalez bainan argikiro, PNBk garrantzi haboro ematen diola erdaldunengan proiektatzen duen irudiari, euskaldunengan proiektatzen duenari baino.

    Ortzik zaint zaitzala, Hasier!

  • pnv gaur euskal estadua sortzeko oztopo handiena eztalako ausartzen espainarekin kateak apurtzen eta gure bide politiko independentea lortzen saiatzen baizik menpeko izaten erakusten ari da herriari

  • […] bestela, zergatik ez da gaztelaniaz ere Partido de Dios y Tradición Vasca deitzen?” ikus: Jeltzaleei aholku, eta Bingen Zubiria: Euskal Aberriaren Jarraitzaileak (EAJ) Pello Urzelai: Nazioartearen eskua […]

  • Nire ustez, kontua da siglarik aldatu gabe egin nahi izan dutela aldaketa, eta besterik ez. Hau da, ezer aldatu gabeko aldaketatxoa, marketini begirakoa. Nazio-alderdia direla, Europan “National Party”-ren baten enpopada hartu nahian, eta ez “bakarrik” “nazionalista” edo “abertzalea”.

    Siglak gordeta EAJ “jeltzale” izatetik “jaizale” (esaterako) izatera pasatzeak onura balekarkie, seguraski aldatuko lukete, baina “J” horren aldaera posibleak soinu txarra daukate eta, finean, Hasierrek dioen moduan, euskarazko “gordailua” leku gotorra da lurinen potoak gordetzeko, Sabinoren idazki kritikagarrienak, Vatikanoarekiko konkordatoa eta abar horiek guztiak, inor gutxik antzemango dituen Santimamiñe sakona. “Jel” gora eta “Jel” behera? Mesedez, “euzzzzzkadi”-ren aldeko eta hatxearen kontrako borrokan noiz eman zuten amore? Atzo goizean!

    Honelako kontuetan “A”-z bukatzen diren batzokien iritziak baino ez ditut kontuan hartzen. “BatzokiA” bai, “vachoki”rik ez.

  • Proposatzen 2011-09-29 15:32

    Zer moduz, azken aldian boterea galtzen ari direnez, “Eusko Alderdi Jeloskorra”? Edota, Errekalde-Bilborako, “Eusko Alderdi Jebia”? Pentsatzen jarrita, “Erdal Alderdi Jeltzalea” ere ez legoke hain gaizki.

    PartidoNiVasconiespañol-eko kideok, erabili izenok lasai, nik ez dut copyrightik kobratzen eta.

  • Juan Inazio Hartsuaga. 2011-09-30 09:32

    Nire ustez aldaketa proposamen honek bikain erretratatzen du PNV. Gizartearen joerari men egiten dio, “nacionalista” terminoak komunikabideen eraginez hartu duen ukitu gaitzesgarritik aldendu nahiean. PNVk beti jakin du gizartearen joerak interpretatzen eta haietara garaiz egokitzen. Aldi berean erakusten digu zer den gizartea PNVrentzat: Gizarte erdalduna. Euskaltzaleok ez gara ezer. Errealista izanik, mundua erdaraz dabil (Euskadi ere bai) eta errealitatean bizi behar gara. Bere modernizazio bidean akonfesionala bihurtu den Alderdiak kezka handiagoa izan behar luke bere euskal izenetik Jaungoikoarena kentzeko, esate baterako. Edota egoera soziolinguistikoa aldatu den honetan, izena euskara hutsean jartzea pentsatu beharko lukete agian. Baina ez. Oharkabean erakutsi dute benetako sena. Zoritxarreko eskizofrenia. Gizartea eta errealitatea hain ongi ulertu eta euskal izana eta nortasuna hain eskas. Eskizofreniaz ari garela, zeinen adibide ederra ematen digun Alderdiaren izen bikoitzak. Hortxe dabiltza tematuta Espainia osoan Lurralde Historikoen izenak euskal grafiaz idatzi daitezen soilik. Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba idatzi behar da. Baita Badajozen ere, horrela idaztera behartu nahi dituzte. Baina Alderdiaren izena euskara hutsean jartzea ezta burutikan pasa ere!

    • Deigarria egin zait Hartsuagaren esaldi hau: “PNVk beti jakin du gizartearen joerak interpretatzen eta haietara garaiz egokitzen”.

      Halako esaldi kategorikoekin, “beti” erabilita, hanka sartzeko zuloa haundiagoa izan ohi da / bihur daiteke. Hortaz, Hartsuagaren idurikotz, PNVk jakin izan zuen herritarren joera interpretatzen Lemoizko zentral nuklearraren auzian, edota orain Abiadura Handiko Trenaren aferan. Hara, hara…

  • Ez nuen txoko hau,bloga, ezagutzen eta berria.infon sartu ostean ezagutu dut. artikulua irakurrita, jeltzaleei ahoku, gozatu dudala onartu behar dut.

  • […] apur batek, etsituta-edo, gaia ez jorratzera eraman naute. Harik eta Hasier Etxeberriaren “Jeltzaleei aholku” idatzia leidu dudan arte. Ez da gurea -alderdi zentsuan diñot- Hasier, eta halaxe aitortzen […]

  • Arabatik blogean artikulu honi buruzko eztabaida interesgarria piztu da: http://arabatik.wordpress.com/2011/10/02/nacional-jeltzale/#comments