Jantzi ala erantzi?

Erantzi cc by-nc 2.0 - Marcos Fernandez Diaz

“Udazkenean jantzi iritzia sailarekin”, irakurri nuen Berria egunkarian irailaren hasieran. Zapata baten lokarriak biltzen zituen ondorengo hilabeteetan iritzia sailean parte hartuko genuenon izenak. Lokarriaren irudia lotuta (halabeharrez) geratu zitzaidan, baita esaldia ere. Batez ere, janztearen esanahia izan zen gogoetara eraman ninduena. Janztea al da xedea?

Aurrekoan, Bertsolari filma ikusi nuen. Ipuin kontalari batek, sortzen hasteko, aurretik ikasitako bertso guztiak ahantzi, desikasi, egin behar zirela adierazi zigun. Eta, hara hemen berriz, gogoan neraman gaia. Pilatu ala hustu? Jantzi ala erantzi?

Edukitzea lehenesten duen gizarte honetan, jakintzak metatzea ere bilakatu da helburu. Oinarrizko ikasketak bukatzean, goi mailakoak behar dira eta horien ostean, graduak, graduondoak eta era guztietako osagarriak. Gutxik ihes egiten dio joera horri. Horrela gabiltza ere, erdi erotuta, nire belaunaldikoak, lanaldia bukatu eta atzerriko hizkuntzak ikasten, ingelesa ez dakiena bat-batean analfabeto balitz bezala. Eta oporraldiak kontatzen ditugu ibilitako kilometroen edo eta ezagututako tokien eta bizi izandako esperientzien arabera. Eta… pilatu beharraren mukurua! Desikastea ere beste ikasketa bihurtuta, jakintasunera eramango gaituzten ikastaroetan sartzen gara eta autolaguntzako liburuak irakurtzen ditugu, haietatik jasotzen ditugunak biluzte bidean erabili beharrean, gure diskurtsoetan erantsi ditugun sendakuntza, konexioa, energia eta dolua bezalako hitzen bilduma egiteko.

Jakin badakit metaketa guztiak ez direla maila berekoak, baina, filmako ipuin kontalariak zioen bezala, nago jakinduriak joan-etorriko bidea duela eta iritsi beharko zaigula janztearen grina alde batera utzita, eranzten hasteko garaia.

Zer esango dizuet nik… arropa geruza mordo bat jantzita nabilena beti!

Gizakia
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Jantzi ala erantzi?”-ri buruz

  • Egia galanta. Duela gutxi, mendian, tontorrean denak txoko berean, elkarrizketa bat kuxkuxeatzen aritu nintzen derrigorrez. Hura zan lehia, zeinek erreferentzia literario gehiago, zeinek esaldi ponposoagoa bota… Ez ziren bakoitzak azaldu nahi zuen ideiaren lagungarri, baizik eta nork bere jakituria erakusteko, pilaketa hutsa. Ez nituen, egia esan, oso jantzita ikusi, eta aldiz, gauza asko erantzi beharrean bai.

    Neu ere, geruza mordo bat erantzi beharrean. Alaba zaharrena eredu hartu ez det ba! Eta 15 urte baino ez dauzka.

    Bereiziki gustatu zait zutabe honetan, bukaeran aipatu dituzun hitzak. Neuk “energia”rekin, sekulako fijazioa daukat. Belen Esteban baino gehiago azaltzen zait, ixkin guztietan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude