[Ipuina] Agerraldia

Agerraldia –

Goiz iritsi dira kazetariak. Aurre-aurrean eserita daude eta komunera joateko ere ez dira altxatuko. Garrantzitsuegia da gaurko eguna: Joseba Sarrionandia itzuli egin da Kubatik, eta komunikabideak gonbidatuta dauden ekitaldian agerraldia egingo du, besteak beste, bere azken lana lehenbiziz aurrez aurre aurkezteko.

Agerraldia

Lepo dago aretoa. Komunikabideak, idazleak, politikoak, denak eta edonor. Zirraraz jositako aurpegiak denak, batzuk Sarriren liburu gustukoena besazpian agertokira adi-adi so eginez, besteak elkarri agur eginez, “egun historikoa” esaera bi hitzetatik behin aipatuz. Ze itxura ote duen, eta ze testu irakurriko duen, eta nondik eta nora eta norekin ibili den kontatuko ote duen, eta politikaz arituko ote den, eta norbaitek arbuia eta barkamen eske bazterrak nahastu nahiko ote dituen, eta bafle baten barrutik aterako ote den, imajinatzen kar, kar, kar, eta galderak erantzungo ote dituen ze nik marinela metafora bezala erabiltzen duen galdera super-on bat daukat.

Emakume bat azaldu da agertokian eta mikrofonoa hartu du. Zurbil nabari da, dardarti, nora begiratu ere ez dakiela. Ahotsa ere hala mintzatu zaio.

Atsekabez jakinarazi nahi dizuet…

Eztarria lehortu zaio eta karkaxa garbitzen hasi da, seko urduri. Publikoan ere hala hasi dira batzuk, izerditan bustitako eskuak galtzetan lehortu dituzte besteek.

… barkatu. Jakinarazi na…

Berriz ere karkaxa indarrez garbitu du, hitzak eztarritik ateratzeko bidean izututa barrura itzuliko balira bezala. Dedio, bota dezala behingoz.

Barkatu.

Arnas sakona hartu du eta publikoan  norbaiti finkatu dio begirada. Orain bai, botatzear dago bota beharrekoa.

Lagunok, Joseba Sarrionandiak ihes egin du.

Isilune guztiz nahasgarri baten ondoren, isekaren hipotesia erosi eta barrezka hasi dira batzuk. Aise zabaldu da algara areto guztira, txalo artean. Emakumeak izu aurpegia du, ezetz dio buruarekin.

Entzun mesedez, entzun. Orain dela ordu batzuk egin du ihes. Ez dakigu non dagoen. Ohar bat utzi du…

Hasperen harrituak entzun dira publikoan. “Zer?!”. Denak elkarri begira. “Baina baina… zer?!” Ezdaposibleka, nolalitekeka, hautxantxadaka. Bertaratutakoen zurrumurruak eta marmarrak emakumearen hitz totelak gailendu dituzte. Emakumea negar batean hasi eta alde egin du. Kazetariak mugikorrekin kateatu dira, jendea altxatu eta noraezean mugitzen hasi da.

Zurrunbiloak hilabeteak iraungo ditu. Kazetariek tinta tonak erabiliko dituzte berri zaharraren harira, fikzio ariketa guztiz magistrala eginez. Zutabeak, #NiBanoaBerriz traola, erreportajeak, bat-bateko adituen ezinbesteko iritziak, bertsoak. “Ihes egin duenaren gogoa erbestera itzultzen da beti” esaldia nonahi agertuko da, egiletza norena den oso argi geratu ez arren. Modan dagoen abeslariak sortutako “Ulisesen mentura deserria da” kantak 800.000 bisita lortuko ditu YouTuben. Bafleak, itsasontziak, sustraiak eta naufragoak nahastuko dituen ikuskizun poetiko-artistikoa, musikari kubatarren konposizioekin lagunduta, dozenaka oholtzetan aurkeztuko da.

Horratx, Sarriren azkena.

(2014ean idatzi eta 2018an eguneratutako ipuina)

Agerraldia
Agerraldia
agerraldia, IHESA, ipuina, itzulera, joseba sarrionandia, sarri, Sarrionandia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude