Iparraldearen atarramentuaz

Akordatzen ote da inor hitz honek esan nahi duenaz? Areago, Iparraldean egongo ote da inor atarramentu hitza ezagutzen duenik, erabiltzen duenik?

Ez nuke neurriz gain probokatzerik nahi, baina egia da etsiak jota nabilela aspaldion eta ez diodala Aberri Txiki eta Aberri Handiaren kontu horri itxura oso onik hartzen. Ulertzen dut Peio Etcheverry-Ainchartek bere hitzaldian dioena. Euskaltasunaren gainbeheraren kronika da bere hitzaldia, azken finean. Grandeurraren lilura erogarria! Frantziaren erakarmenaren handia! Agoniazko hilzori luze baten kontaketa da egiten duena, frantsestasunak euskaltasuna irenstearen kronika.

Aitor dezadan azkar: Iparraldekoak ditut semea eta alaba,  ez haiei esan ez direnik hala. Baina Kike Amonarrizek dioen bezala, Andorra txiki bat da Hendaia guretzat. Erran nahi baita, ez hango eta eta ez hemengo, bietako eta ez inongo. Horixe da gure seme-alaben Iparraldeko sorleku eta bizitokia: mestizaiaren nahasmena, mugako izate lohia, arroztasunaren paradisua, sasikoaren berezitasuna…

Eta hala, ere, mihi luzeek diotenez, Seaskako kolegioan hendaiarrak dira jolasorduan euskarari gehien lotzen zaizkienak. Mintzaira dute Sarako ikaskideen arras desberdina, baina mintzo dira egun osoz, erabili egiten dute eurek dakitena. Antza.

Atzo Itxasun izan nintzen, han eta hemen ibili nintzen euskaraz galdezka, baina ia denak agertu zitzaizkidan frantsesak. Bertako lagun bati esan nionean harrituta nengoela mundu guztia erdaraz ikustean, erantzun zidan halaxe daudela gauzak Iparraldean, eta ea egon nintzen joan zen igandean Nafarroako Egunaren ospakizunetan, Baigorriko herrian.

Ezetz,  nik. Eta berak arrapostu: %80 zirela Baigorriko festan Hegoaldekoak. Eta eurak, Iparraldekoak, denak lanean, antolakuntzan, tabernan, txotxongiloetan…

Ulertu nionez, Hegoaldekoentzat antolatutako parke tematiko jasanezin batez ari zitzaidan. Benetakotasunik gabe sustengatu ezin den zerbaitez. Eta halaxe zabaldu nuen twitterren lagunak esandakoa. Kontsolamendu bila nenbilen txioka, nolabait.

Baina bai zera, hemen ez da gozorik inorentzat. Jaso nituen lau erantzunetan, Ipar eta Hegoaldeko jendearenak, dena zen are gaitzago. Batek aipatzen zuen Itxasuko gerezien kontsumitzaileak Hegoaldekoak direla baina diruak Itxasukoek biltzen dituztela. Beste batek Urepelgo jendeak Front Nationali ematen diola bozka, etc., etc. Dena mingots edo, gutxienean, trakets gurean, eta hori ez dudala aipatzeko asmorik zein den Iparraldearen irudia Hegoaldekoentzat…

Frantziar eta Iparraldeko askorentzat Donibane Lohizunen eta Urruñan amaitzen da Iparraldea. Hortxe daude muga egiazkoak. Horrela bakarrik uler daiteke Herri Urrats Senpereko zuloan antolatzea urtez urte, iritsi ezinda, gelditu ezinda, irten ezinda… eta ez Hendaian, sarbide eta ibilbide handiagoak dituenean, jende gehiago etorriko litzatekeenean… Ene uste ezjakinaren arabera, prefosta.

Hendaia Espagne da, jakina. Gurinaren ordezko olio usainean ere antzematen zaio hori. Baina nago, desmartxa honetan,  ez ote diren sasikume hendaiarrak izango Euskal Herriari eutsiko dioten azkenak, Pays Basquean.

 

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

12 pentsamendu “Iparraldearen atarramentuaz”-ri buruz

  • Anje Duhaldek esan zidan behin afari baten bueltan: Iparraldeaz ahaztu hadi, Xiberutik hasita.

  • Eneko Bidegain 2012-05-03 11:00

    Badakizu Iparraldeko txistea, Hendaia Gipuzkoa dela? Erraiozu gipuzkoar bati Hendaia Gipuzkoa dela!… Umore kutsu hori aparte utzirik, gogoeta interesgarria piztu duzu. Panorama beltza da Iparraldean, baina ez hain beltza ere, ene ustez… Nafarroaren Egunari buruz hori erran dizunak karikatura bat egin duela uste dut. Urepelgo jendeak FNri bozka ematen diola… FNk espero baino anitzez boz gehiago lortu badu ere Urepelen, begira dezagun bestaldetik, %84ek ez du FNren alde bozkatu, beraz ez ditzagun urepeldarrak sar FNkoen lerroan. Iparraldearen problema da negar egitea gustatzen zaigula…

  • Ba ote iparrik, Iparraldean?

  • Martxa hontan Iparraldea zulora doa euskaldunentzat. Euskararen irakaspena ezta aski hizkuntza berau mantentzeko, orduan ezta euskal herritartasunaren zentzurik izango, herrien izen bitxi batzuk, besterik ez.

    Agian EAEk independentzia lortuko balu, zeozer salbatzekotan, gerora inguruko lurraldeak -Nafarroa, Iparraldea- gerturatuko lirake (ekonomia hobe bat izango litzatekelako bertan -hau de eztakit hola izango litzatekeen-). Ta hau EAE independizatuko balitz.

    Izan ere, geroz eta euskaldun gutxiago –> independentzia gogo gutxiago (hau Hegoaldean). Iparraldean honek eztu loturarik ia: Baigorri eta inguruak ez al dira euskaldun gehien dituen eremua (ehunekotan)?

  • Hendaia goraipatzen duzu?
    Enekok dionari juntatuko naiz: iparraldean dena hain beltza ez da. Ezberdintasuna ez da hain haundia, ez bada ezagupen, instituzio eta abarren aldetik iparraldea eta EAEren artean.
    Eta hortik Hendaiarena. Ez dakit egokia denez hainbeste eredutzat hartzea hainbeste nahasketa eta pertsonalitate hain gutxiko herri hori, zeinetan, ibiltzen naizenean, ez dudan euskaldun mikorik kausitzen, ez bada Hasier delako bat ikusten dudanean etxeruntz abian ondartzatik itzultzean.

    Iparraldean ez da dena beltz. eta baikorrak direnak gutxi ikusten dira. Emeki aldatzen dira gauzak, egoera ez da garatze aldekoa. Baina aitzinamenduak badira. Aski azpimarratzen ez direnak.

    Tira,hasia naiz ulertzen probolaziorako tendentzia hori eta, egia da, gogoetatzekoa atera duzu.Ez dakit aldiz nork emanen dion itzuli gehien, iparraldekoek ala hegoaldekoek?

  • Gauza da ez dela lehen aldia gauza bertsua aditzen dudala: hegoaldearen kolonia gisakoa dela iparraldea, eta antzekoak.

    Gustatuko litzaidake “egia” jakitea, edo Hasierren bertze putza izan ote den.

    Nafarroan (ere) badakigu zerbait horretaz. Hemen ere giputxak kolonizatu nahi omen gaituzte…Baina Nafarroa Garaian jakin badakigu nork maite duen diskurtso hori (adibidez, nork ematen dio su perretxikoen gaiari, edo Barcinak zer dion Gipuzkoako Diputazioak diru bat eskeini zuenean napar ikastola baten alde.
    Nafarroa Garaian euskaldunok aski gustura hartzen ditugu elkartasun keinurik ttikienakere. Aski gustura bai !!. Elkarren beharrean gaude-ta.

    Eta Iparraldekoek? Agian nahiago bakarrik? Jakin nahiko nuke, aizu, datorren igandea baino lehen, bortxan inor lagundu beharrez ez aritzeko.

    • Erabat ados erran duzun guziarekin, Antton. Hegoaldetik gauza aunitz egin izanen dira gaizki Iparralderekiko, gurasokeriaz jokatu izanen da hainbatetan, baina Ezpeletako piperra baino gehiago errepikatzen den diskurtso horrekin nekatu naiz, Hegoaldekoek beti sorbaldaren gainetik begiratzen ditugula Iparraldekoak. Ez baita egia. Soilik banatuta segi dezagun nahi dutenei egiten die horrek mesede

  • Nik jende gutxi ezagutzen dut Iparraldekoa. “Hango” batekin gustura hitz egingo nuke, bera “hango” eta ni “hemengo” izan ez gaitezen, hainbeste. Twitter izan daiteke bide bat. #kaixohegoalde etiketa erabili genezake.

  • Ziburuko karriketan, Kanbo, ItSasu edo Donaixtiko gaztetxe inguruetan, Mauleko Didier ostatuan azoka egunetan…
    Jende andana bat ari da aspalditik eskuararen aldeko mugimenduan, etzazula zure lagun baigorriarraren errana dogma bilaka, otoi.

  • Ez dakit euskaltasuna gainbehera doan “Iparraldean” (ere), baina herrigintzan jarduteko dinamikak bizi-bizirik daudela sumatu izan dut. Eta dinamika horietan, erakundeetatik kanpoko antolatze-modu horietan ez ote da “Hegoaldean” atzera egin, “Iparraldean” baino gehiago? Noski, erakunde ofizialen eraginkorren faltan, “Iparraldean” bestelako alternatibei esker eutsi diote…

  • Ez dut ulertzen diskurtso hori, iparraldean euskara galtzen dela eta hegoaldean ez? Dikotomia honek ez du balio. Garazi edo Baigorrin Bilbo, Gasteiz edo Iruñan baino gehiago egiten da euskaraz.
    Zuen logika segituz, geroan soilik Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko ipar partea egongo dira Euskaldunak. Ze pesimismoa!

  • Enekok dionari gehituko nuke bigarren arazo bat: hegoaldekoek iparraldea mundu exotiko gisa ikusi nahi izaitea, ulertzea entseatu gabe.
    Iparraldeko xoko ainitzetan egunez egun, belaunaldiz belaunaldi euskaraz aritu gira, baina hirigunetan bai egiazkiz galdu da. Hirigintzak Euskara eta euskal kulturari lotuak diren balore ainitz lehertzen ditu.
    Bestalde, ez dut sekula hegoaldean erabiltzen den erdara ikasi, medio batez hegoaldeko lagunak bortxatzeko euskaraz aritzen. Bai hegoaldean erreski lerratzen da erdarara ta iparraldeko bat hor delarik bakarrik iparraldeko horrek erdara ez badaki lerratze hori ez da gertatzen.
    Ber ildoan, Donostian bizi izan naiz trimestro oso batez, karrikan ezinezkoa zen euskaraz erantzuten duen baten aurkitzea bidea galdetzean edo holako… euskaraz galdetu, galdera ulertua izan eta erantzuna erdaraz biltzen!
    Denek badugu lan euskara bizi dadin, jakitea ez da nahikoa.
    Hirigintzak eta kapitalismoaren baloreen hedapenak gaitu itoko!