Informatika, erabiltzaile mailan

Informatika, erabiltzaile mailan –

Egunkariek diotenez, bankuek plan berezia aurkeztu dute adineko bezeroei ematen dieten arreta hobetzeko. Edo agian, ematen ez dieten arreta hobetzeko erran beharko genuke. Kontua da bankuek bihotza badutela erakutsi digutela. Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroak gure arbasoen omenezko diskurtsoari errautsa kentzeko aprobetxatu du: edadekoak ez ditugu gibelean uzten ahal, haiei esker ailegatu gara ailegatu garen tokiraino, eta abar, eta abar.

Informatika, erabiltzaile mailan
Arg: Joxemiel (wikimedia)

Bankuek, jakina, ez digute bihotza badutela erakutsi. Baina itxura hori egiteko aukera paregabea eman diete. Problema nola planteatu den, iduri luke adineko jendeak ez dakiela jakin beharko lukeen zerbait; iduri luke banku bateko bezeroa izateko informatika –erabiltzaile mailan– ezagutu beharko genukeela guziok; iduri luke bezeroa moldatu behar dela bankuek ezartzen dizkioten baldintza eta beharretara, eta ez alderantziz; iduri luke banka online erabiltzen ez dakiena izaki arraroa dela, deus merezi izatekotan, bankuen errukia eta bihotz onekoa merezi dituela; merezi izatekotan, salbuespen gisa tratatua izatea merezi duela.

Agian problema ez da adineko jendea. Agian problema da pandemiaren eta informatizazioaren aitzakian bankuak kaskarragotzen ari direla berez kaskarra zen arreta. Agian problema da bankuei dena onartzen zaiela. Adibide xume bat: pandemia honetan, denda eta zinema eta bulego eta gimnasio eta irratietan hidrogel alkoholikoa paratu behar izan duten pandemia honetan, non ez dut nik sekulan hidrogelik ikusi, nahiz eta han egunero behatz anitz ibili? Ba, bai, bankuen kutxazainetan.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko otsailaren 28koa]

Informatika, erabiltzaile mailan

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.