Ihesaldia Luzaidetik

Ihesaldia Luzaidetik –

Espainiako espetxe batetik atera eta gero ere, jazarria, mugaz beste aldera ihes egitea erabaki zuen gure protagonistak. Zumarragatik Altsasura trenez joan zen, eta Altsasura helduta, bi goardia zibilekin topatu zen; bizarra tarteka moztua zuen goardi zibilek ezagutu ez zezaten, eta, zorionez, ez zuten ezagutu, bere argazkia Espainiako egunkari gehienetan argitaratua izanagatik. Iruñera heldu eta bizarra osoa egin zuen, badazpada ere; Iruñean txapela beltz bat erosi eta Oiartzun ezizena zuen kontaktu bati esker  mugarako bidea hartu zuten Tilbury motako gurdi batean.

Ihesaldia Luzaidetik

Tilbury hori bi gurpileko zalgurdi txiki bat zen, ez zen karroza handia, eta bi eserleku baino ez zeuzkan, gurpil handi bat alde banatan eta bidaiariak erdiko kaxan sartuta; ez zen sobera egonkorra, eta erraz iraultzen zen. Oiartzun ezizenezko kontaktuak lortutako Tilbury horrek estalkirik zuenentz ez dakigu, baina normalean ez baitzuten kapotarik. Dadakiguna da Auritz eta Orreaga euripean zeharkatu eta azkenean heldu zirela Luzaidera, txapela guztiz blai eta pott eginda heldu ere, ostalesaren harridurako. Diotenez, gero Luzaidetik muga aise pasatu zuen gure protagonistak. Beste garaiak ziren, Tilbury motako gurdiaren detaileak agerian utzi duenez, eta gure protagonista, nor eta Sabino Arana Goiri.

Iragan den igandean Luzaiden izan nintzen, bertako produktuen azokaren karietarat. Gainera, bolantak ez dira egunero ikusten ahal, eta plazan izan nintzen, bertakoen dantza xarmangarria ikusten. Dantzari gazteek inguraturik, plazaren erdian bazen Ameriketatik itzulitako luzaidetar bat, makila artoski ibiltzen zuena, eta haren ondoan mutiko txiki bat, amerikanoari begira eta makila dantzatzen ikasi nahian. Amerikanoak makila trebezia handiz goiti jaurtiki zuelarik, ikusleen artean ikusi nuen itzal beltz bat, gizon baten itzal iheskor bat, txapela beltza buruan eta dotore jantzita, baina antzinakoen moldera, beste garai batekoa balitz bezala. Amerikanoak goiti jaurtiriko makila beheti etorri eta artoski jasotzean, jendearen esku-zartak hasi ziren eta, nire harridurako, beltzez jantzitako itzal txapelduna joana zen ordurako.

Batek daki, baina segurki ez zen Sabino Arana Goiri egonen bolantak ikusten. Izan ere, Tilbury motako gurdirik ez nuen inguruan ikusi igandean, Luzaiden.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saiorako ‘Minutu bateko manifestua’, 2018ko apirilaren 24koa]

Ihesaldia Luzaidetik
Arana, bolant, bolanta dantza, erbestea, ihesaldia, Ihesaldia Luzaidetik, iheslariak, Luzaide, sabino arana
Josu Jimenez Maia

Iruñean sortua, 1967an, baina aspaldi Berriozarkotua. Idazlea. Narratiban, hainbat ipuin ditu sarituak eta argitaratuak, besteak beste, Tene Mujika lehiaketa, Orixe saria, Iparragirre saria, Atarrabiako Petri saria eta beste hainbat. Haur eta Gazte literaturan, Johanes, Bargotako Aztia liburua, (Txalaparta) eta Hiru Miru album ilustratua (Denonartean). Olerkigintzan, bi haiku-bilduma, Gerezi garaiko haikuak liburua (Maiatz) eta Orbel Azpiko Haikuak (Denonartean), baita olerki solteak ere Muxugorri antologian, Luces y sombras eta El Coloquio de los perros-en. Ohiko kolaboratzailea Nafar Ateneoaren "Constantes Vitales" aldizkarian, "Maiatz" aldizkarian eta "Hatsa" olerki bilduman ere. Artikuluak ere, ehun ta berrogeita hamar baino gehiago ditu argitaratuak han-hemenka. Itzultzaile gisa, Noriko Matsui-ren "How to perform kamishibai" eta "Ryookanen 101 haikuak" liburuen itzultzailea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude