Igogailuko komunikazioa

Igogailuko komunikazioa –

Pasa berri dugun bero itogarria hizpide nagusia izan da auzokoekin elkartu garenean. Badakigu igogailuko estuasunean eguraldia izaten dela elkarrizketak elikatzeko baliabide nagusia. Ezertarako balio ez duten komunikazioak dira igogailuko elkarrizketa horiek, ez doaz inora, isiltasuna apurtzeko helburu dute, besterik ez.

Igogailuko komunikazioa

Eguraldia izatez aldakorra da eta beti dago zerbait aipatzekorik, egun hauetan beroa, besteetan euria, hotza, haizetea eta abar. Atmosferaren etengabeko dinamikak aldaketa ugari eragiten ditu eta horrek hizpidea errazten digu gauza handirik kontatzeko ez dugunean. Baina badira beste aldaketa batzuk, sakonak, batzuk erabatekoak; eguraldiak bezala, gure bizitza baldintzatzen dute eta baldintzatuko dute geroan: lan baldintzen eta bizimoduen okertze gero eta nabarmenagoa, nahiz eta teknologia berriei esker askoz lan-ordu gutxiagorekin askoz gehiago produzitu eta gestionatu daitekeen arren; klimaren aldaketa eta ondorioz datozen egoera larri berriak; hizkuntzen eta kulturen desagertze isila eta etengabea, gehienontzat oharkabean pasatzen dena; polarizazio sozialaren hazkundea, aberats gero eta aberatsagoekin eta pobrezia gero eta zabalagoarekin; mila aurpegi duen kutsaduraren mehatxua …

Aldaketa hauek aipatzen direnean kausen eta ondorioen analisi zehatz eta serio gutxi ikus daitezke komunikabide nagusietan. Egunerokoaren aparrak estaltzen ditu kontu hauek, denbora eta lekua elkarrizketa hutsalez betez. Igogailuko elkarrizketen antzera, “informazio” moduan  eskaintzen dizkiguten komunikazioak ez doaz inora, ez dute funtsik, isiltasuna apurtzen dute benetako informazio ganorazkorik eman gabe. Aldaketa sozialen inguruan, aldaketa klimatikoez, tantaz tanta erasotzen duen etengabeko eskubide sozial eta politikoen galeraz … non daude eztabaida serioak, elkarrizketa sakonak eta informazio landuak? Ez komunikabide nagusietan, noski. Propio bilatu beharko dituzu, eta batzuetan ez da erraza.

Aldiz, azken urteetan eguraldiari buruzko informazioak inoiz baino zehatzagoak dira, egunero meteorologia ikastarotxoa dugu albistegietan. Eguraldian badakigu zer datorkigun, nola eta zergatik … Beste kontuetarako, igogailuko elkarrizketak.

Igogailuko komunikazioa

Irakaslea ofizioz, mendizalea afizioz eta Baskoniazalea bizioz.