Identitate digitala, lagun edo etsai?

 

Hizkuntza eta identitatea 2Noizbait bilatu al duzu zure izena Google-en?

Bilaketaren emaitzak erakusten dituen zure izen-abizenei lotutako sare sozial, iruzkin, argazki.. guztiek zure identitate digitala osatzen dute.

Nortasun digitala era askotara konfiguratu daiteke, eta pertsona batek identitate desberdinak izan ditzake herraminta ezberdinak erabiliz; blogak, mikroblogak, albiste eta web lekuak, sare sozialak, argazkiak edo bideoak argitaratzeko tokiak, korreo elektronikoa…Identitate digital osotu eta bateratu bat sortzeko, izen edo ezizen berbera erabiltzea plataforma guztietan da onena.

Aurretik planifikatutako irudikapen birtual bat osatzea ezinbestekoa da gaur egun. Nola egiten den hori?  Identitate digitala zainduz, mundu fisikoan gure itxura edo joakera zaintzen dugun bezala. Argi izan behar da interneten argitaratzen den guztia etorkizunerako bertan gelditzen dela, eta kontuz ibili ezean, ondorio latzak ekar ditzake norberaren irudi eta izenean.

Tamalez, ezin dugu gure nortasun digitalaren aspektu guztiak kontrolatu. Gero eta informazio gehiago dago Interneten, alde batetik, guk eratzen duguna sare sozialetan edo foroetan parte hartzeagatik, blogak edukitzeagatik.. eta bestetik, gure esku ez dagoen informazioa ere ageri da; Estatuko Buletin Ofizialeko datuak edo Probintziako Buletin Ofizialeko datuak, salaketak, gartzelaratua izan zaren edo ez, egunkari bateko berri batean zure izena agertzea.. Edonola ere, informazio hori kaltegarria suertatuz gero, hura ezabatzeko prozesuak badaude (prozesu luzeak, esan beharra dago).

Baina, hain garrantzitsua al da identitate digitala? Galdetuko duzue.

“Google-ek zutaz dioena da gaur egun zure benetako curriculuma”, baieztatzen du Enrique Dans-ek, sarean eta teknologian aditua.

The Wall Street Journaleko “no more resumes, say more firms” artikuluak dioenari jarraiki, gainera, lanpostu bat ematerako orduan, geroz eta enpresa gehiagok erabiltzen dute Interneteko informazioa langileak kontratatzerako orduan, curriculum-ean agertuko ez diren datu osagarriak bilatu nahiean: zer egiten duzun denbora librean (sare sozialak arakatzen dituzte, argazkiak..), zer nolako foroetan zauden sartuta, lanpostu ohiari buruzko kontrako iruzkinak idazten dituzun ala ez…

Lana bilatzerako orduan Curriculuma bidaltzea antzinako gauza bilakatzen ari den honetan, ez zaitez izan axolagabea eta zaindu ezazu zure nortasun digitala, badaude internetetik jasotako informazioari esker lanpostua lortu dutenak ere!

curriculum, etorkizuna, Google, identitate digitala, izena, nortasun digitala
Leire Regadas

Kazetaria. Mugimendu sozialak eta gatazkak.