Idazleen tripei buruz

images-12.jpg
Batzuetan ikonografia eta eszenifikazioa behar dira gauzak bere zentzu zuzenean ulertzeko. Esate baterako, aste honetan Madrilgo Kongresuan selekzio nazionalen elastikoekin gertatu dena, guztiz da adierazgarria. Ikusten dituzu euskal parlamentariak eta kataluniarrak euren herrietako elastikoa ateratzen denen bistara eta gainerako adierazpen guztiak soberan daude. Irudia ikuste hutsarekin ohartzen zara zer ari diren eskatzen, zein den hango diskurtsoa: euren herriek ukan dezatela eskubidea selekzio gisa jokatzeko eta ez dadila kirolaririk behartu Espainiako selekzioan jokatzera, alegia, objekzioak eta nongotasunak libre behar dutela.
Gero ikusten duzu Partidu Popularreko beste parlamentari bat Espainiako kamiseta erakusten, eta eszena zine mutukoa balitz ere ulertuko zenuke han esaten dena: elastiko honek batzen gaitu, hau da guztiona, hau da bakarra eta benetakoa, etc. Filma amaitzeko, botoen markagailuari behatu eta the end batean ohartzen zara gauzak betiko lekuan daudela, eta aldaketa eta demokrazia gehiagoren ametsa, ke hutsa dela. PSOEk eta PPk bat egiten dutela halako gauzetan eta aldaketa niniñoenak ere ez daukala batere etorkizunik.
Baina ikonoez gain, hitzak ere oso argiak dakite izaten aho dotore batetik irteten direnean. Edo ez hainbeste, ez nago segur. Esate baterako, aste honetan bertan,  César Antonio Molina jaunak, Espainiako Kultura Ministroak, zera adierazi: Los escritores catalanes son tan españoles como los escritores gallegos o vascos.
Halako lorea entzunda, gogoa ematen du azterketa semantiko eta semiotikoetan sartzeko. Izan ere, esaldi horren zehaztasunaren arabera, idazle kataluniar bat zein espainola den jakiteko, lehenik eta behin, idazle galego eta euskaldunak zenbateraino diren espainol neurtu behar litzateke eta nago, hori ezinezkoa izateaz gain —zein neurgailu behar da nongotasuna bezalako gertaera intimo batentzat?—,  ez lukeela sekula emango emaitza borobil bat. Zuritik beltzerainoko gradu guztiak emango lituzkeela, alegia. Izan ere, idazle galego eta euskaldun oso espainolak ezagutzen ditugu, Cesar Antonio Molina jauna bera, esaterako, baina ezagutzen ditugu, halaber, batere espainolak ez diren idazleak ere. Beraz, esaldi horren zentzu zuzenaren arabera, ez dago jakiterik zein espainolak diren idazle kataluniarrak. Baina semantikaren ajeen gainetik, semiotika gailentzen da sarri eta denok ulertu dugu ederki asko Molina jaunak adierazi nahi izan duena, alegia, idazle periferiko guztiak ere, espainolak direla, edo garela.
Beti egin izan dit grazia batzuen abildade horrek, la maté porque era mía baitakarkit gogora. Eurek bai dakitela ni eta gu zer garen. Neuk eta geuk baino ere hobeto. Demokrata aurreratuak dira, errealitatearen egia ezagutzen duten bakar horietakoak. Bestela uste dugunok, ostera, ezjakin eta atzeratu batzuk. Eurek agintzen dute gure tripetan ere.
Hasier Etxeberria, El Mundo 070922

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Idazleen tripei buruz”-ri buruz

  • Egunon:

    Niri, ordea, patetikoa iruditu zait politikari katalan, euskaldun, etab. ikustea “gure” selekzioen aldeko kamisetekin.

    Eszenifikazioa aipatu duzu, Konatxe, kaskarra izan da. Eta elastiko horiek nork diseinatu ditu?

    Iturri, lagunak egiten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude