Horoskopoa

images3.jpg

Bai, hemendik aurrera, horoskopoa egitera dedikatuko naiz blog honetan, eta zure eguneroko etorkizuna asmatzera. Tabakalerari buruz egin ditudan galderek sortu duten interes eskasa ikusirik, hobe dut beste zeregin batean indar egitea, zinez. Edo herriz aldatzea, baina berandutxo da horretarako. Hemen milatik oso gora lagun ibiltzen zarete, baina, antza, nahasturik nabil, interesatzen ez zaizkizuen gaiak plazaratzen. Horoskopoa, beraz. Gainera, ez da ohiko horoskopoa izanen: dado baten laguntzaz egin beharrekoa izango da. Dadoa behin bakarrik bota behar duzu. Hori bai: egurrezko mahai baten gainean beharko du izan (nahitaezkoa da egurrezkoa izatea), tartean ez oihal, ez mantel eta ez bestelakorik. Dadoak eta egurrak, zuzeneko kontaktu materikoa beharko dute izan. Horren arabera jakingo duzu zer gertatuko zaizun. Ez du axola noiz edo non jaiotakoa zaren, azken finean, mahaiaren egurrak eta dadoak bai baitakite noizkoa-nongoa zaren, zodiakoari batere behatu beharrik gabe. Sinets iezadazu, gauza batzuek, anima dute, berez. Sekulakoa. Egia esan, zuk baino konexio kosmiko hobea lortzen dute eurek izar eta planetekin. Seinaleak ulertzen jakitea da kontua. Eta, total, behinola horoskopoa egiteko eskatu zidaten aldizkari batean, bertsotan egin beharreko lana zen, gainera, errima eta guzti, eta nola ezetz esan nien, eta nola beti haren akorduan geratu naizen, ba orain egingo dut, errimarik gabe izan arren, baina aberria eta kultura salbatzeko, kar, kar, oraino egin dudan guztia baino eragingorragoa izango delakoan. Ez dago zaila, egia esan. Presta zaitez, bihartik, etzitik edo etzidamutik aurrera ikusiko duzu zertaz ari naizen, hementxe bertan, alua baita mundua, izatez.

(Oharra: Bost atal bakarrik aipatuko dira: 1-Osasuna; 2-Harreman, sexu eta amodio kontuak; 3-Dirua; 4-Lana eta 5-Bizitza Jeneralean. Hortik aurrera, gehiago ere aipa nitzake, baina segur egon nahi dut nire pronostikoa zurekin bete egingo dela. Menu motza hobea izaten da, goitik behera asmatu nahi bada. Bai, izarretan irakurtzea, kiromantzixa eta kartomantzixa izango dira nire etorkizuneko zeregin. Orain arte bezala, garesti ordaintzen ditudan alferrikako lanik ez hartzen ibiltzeko, diot. Eta horoskopoarena ere ez badabil, eskela eta kiroletara pasatuko naiz. Komo hay Dios).

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

7 pentsamendu “Horoskopoa”-ri buruz

  • Bai, eta zergatik ez haiz ETBko kirolak presentatzen hasten Sautrela utzita, esaterako, larunbat arratsaldetan? Alferrikako lanik har ez dezaan esaten diat… Tabakaleraren inguruko galderak egin dituk (nahikoa erretorikoak portzierto) eta nik zer erantzunik ez diat topatu, baina bai zer hausnartua. Batez ere Tabakaleraz esan zituztenak lehen eta orain zenbat aldatu diren ikusita, eta jakinda kultura ere tratu politikoak prostituitzen duela edonoiz. Esaterako berdina pasatzen duk zarautzen egin nahi duten eraikin “polikultural” pinpirinarekin: Zarautz 2018. Nola uztartuko ditek hori gipuzkoa osoko ekitaldi kultural eta artistikoekin? Inkluso Tabakalerarekin? Edo San Telmorekin? Edo urrutiegi joan gabe herriko beste dozena erdi museorekin? Nik ere badizkiat galderak, eta egiten dizkiat, hemen eta nere blogean, 1000 lagunen bisitarik jaso gabe, eta erantzun kopuruan 3tik inoiz pasa gabe, baina norbaiti buru azkuraren bat sortzeko esperantzarekin beti ere. Nik pronostikatuko diat hire etorkizunaren zati bat, dadorik bota gabe: hire blogak irakurle bat gutxiago izango dik horoskopeatzen hasten bahaiz.

  • Zer diñok gixona! Sautrela kendu ezkero kirolak aurkeztuteko nik joko joat hire burua 27 zapatagaz!

  • 27zapata baldin badituzue, niri ez zaidak hire kontu bera ateratzen: egiazki 14 lagun zarete ( euretako bat hankabarra), baldin eta baten batek ez badizkik hiru zango (hala balitz, 13 zinatekete). Hire mehatxua pentsatu egin behar, beraz, jakinekoa baita lehenengo legea zein den gaur: audientzia. Eta izan 13 edo izan 14, ez gaude irakurleak galtzera botatzen hasteko moduan. Hala ere, dadoarekin edo dado gabe, uste diat hik eta nik antzeko patua daukagula, “buruan azkurea” sortzeko hartu dugun lan horrekin. “Patxikontra”z eta beste hamaikaz gain, aurki jarriko zigutek beste izen bat ere: “zorriak”. Kasu honetan, arrazoiarekin, gainera. Salutte.

  • Konká 1 – Konatxe 0?

  • Ba, ez dago gaizki pentsatua Horoskopoarena, asuntoa ez baita -nire ustez- zer kontatzen den, baizik eta zertarako. Horoskopoa, testu mota bezala hartuta, baliagarria izan daiteke nahi duguna esateko; beste edozein testu mota bezain; baina apur bat zailago, dudarik ez.

    Badaezpada, kaprikornio naiz eta gehien interesatzen zaidana sexu eta amodio kontuak dira diru, lan eta osasun kontu prosaikoek ez baitute aspaldi gogobetetzen nire izpiritua.

    Ba hori, Konatxe jauna, segi idazten, horroroskopoak eguRRaldiaren iragarpenak edo nahi duzuna. Eta guk irakur ditzagula.

  • Zuk zeuk esan zenuen:

    “Gure instituzioek ez dituzte erabiltzen eurenak diren bideak kulturarekiko egarririk pizteko (telebista, eskolak…). Ereiten ez bada, nola jaso uztarik?”

    Tabakaleraren kontu honetan, aintzindariaren sindromeak jota zaudelakoan nago; nire kasuan behintzat: kulturaren ekoizpen, antolakuntza eta sustapen publikoaz eztabaidatzea, gutxienezko hurbiltasun batetik proposatu didan lehenengoa zara eta… Tira, unibertsitatetik pasa ez naizelako izan liteke baina ez naiz bereziki gorra eztabaida publikoei dagokionez. Pentsa, honetatik hurbilen gogoratzen dudana HBk Guggenheim proiektuaren aurrean kaleratutako kartel batzuk dira. Garan irakurri nuen elkarrizketa bat Tabakalerako zuzendari berriari, baina asmo oneko tipo jatorra iruditu zitzaidala baizik ez dut gogoan.

    Lotsa sentitu dut nire burua horren ezjakina ikusita kontu honetan eta aldi berean poza, ez bainekien ez nekiela ere. Zure ahalegina beraz, zu nahi baino atzerago baino baita sakonago ere jo du. Ezin taxuz parte hartu existitzen zenik ere ozta ozta nekien eztabaida batean.

    Lotsa sentitu dut ustez beti politika gora politika behera gabiltzan bitartean, “horrenbeste” dakigu horretaz, erabakiak beste plano hartu hartzen direlako, gu guztiona den patrimonio eta baliabideak edozein moduan erabiliz.

    Politika ez da “gatazka”, “gatazkaz” ari garen bitartean lasai asko egiten dutelako poltsitika.

    Hartu dut oharra.

  • Iñigo adiskidea, zera diozu: “Garan irakurri nuen elkarrizketa bat Tabakalerako zuzendari berriari, baina asmo oneko tipo jatorra iruditu zitzaidala baizik ez dut gogoan”. Ez ezazula izan dudarik Joxean Muñozi buruz: jatorra ez ezik, tipo bikaina da, egokia, zintzoa, azkarra, dotorea, umila, ona… eta nire laguna. Baina ez da hori hemengo kontua. Hemen isuri den kritiketako bakar bat ere ez da joan haren aurka. Gure jomuga, halakorik izan baldin bada, KULTURA POLITIKA IZAN DA, ETA HORREN ARDURA DAUKATEN POLITIKARIAK, gaur hau eta bihar hura esan arren, beti arrazoi dutenak. Joxean Muñozek aski lan du horien guztien gorabeherak kudeatu eta itxuratzen.