Hondartzara nindoalarik

Hondartzara nindoalarik ikusi nuen, petalo horiz eta osto horlegiz jantzitako lorea, urte ugari dituen liburutegiaren alboan, magnolio baten ondoan. Begiratzen geratu nintzaion eta; dudarik gabe, alboan zuen adreiluzko eskultura baino are ederragoa zen. “Horregatik gustatzen zaie barraskiloei zure hostoak laztantzean, zure azala sentitzea.” Barraskiloek ez diote adreiluari musurik ematen.

“Karrask” bizikletan zebilen gizonak barraskilo errari bat akabatu zuen.

Bideari jarraitu eta laster batean iritsi nintzen hondartzara. Hondarrez beteta zegoen. Eguzkiaren xirriak begiak erretzen zizkidalarik, kuadrilaren lekura iritsi nintzen eta ez zegoen kuadrilarik, eta hankak dutxan garbitzen ari zen atsoari so geratu nintzen. “Zer da broma?”

Gure lekuan neskatxa bat zegoen. Neskatxa eta bere kuadrila. Aurpegira begiratu eta irrifarre bat oparitu zidan. Segundu erdi batez begiak itxi eta lorategiko barraskilo bat bezala sentitu nintzen miresten nuen loreari laztanduaz. Segundu erdi batez amestu nuen.

“Karrask”

Oier

Ekaitza bainuontzi batean