Homofobiatik homofiliara

Lehengoan jakin nuen Pepsi Colak grabatu duen anuntzio batean neska protagonistak horrelako zerbait esaten duela: “…nire lagun minaren neska-lagunarekin liatu naiz… Ez nintzen, bada, ohikoan geldituko betiko, ezta? Gauza berriak probatu behar dira!”. Eta une horretan Pepsi bat irekitzen du.

ikusgarri izateko? by arasanse

Eslogan ona da: “Ez zaitez gelditu betikoarekin (Coca Cola), ausartu zaitez Pepsi probatzen”. Eta hori transmititzeko, sexu-harreman homosexualaren ideia erabili, dena probatu behar da eta.

Baina zer pentsatu eman dit. Gaia ez delako erraza ezta arina ere. Duela gutxi arte emakumeen homosexualitatea ikusezina izan da. Gay mundua azaltzen zenean ere gizonezkoen mundua azaltzen zen, eta homosexuala esaterakoan, “bi mutil” esan eta irudikatzen zen. Oraindik horrela da, gehienetan. Oraindik geratzen dira ezkutuan emakume arteko bikote-harreman asko, gizarteak barneratuta duen ereduan, emakumeak gizonarengandik at ez duelako bizitza sexualik. Oraindik latza da askorentzat norbere orientazio sexuala ezagutzeko eta onartzeko bidea eta zaila normalizazio soziala.

Bat-batean, ostera, ikusezina ikusgarri egiten da, eta sentimendu konplexua eta nahasgarria den hori banalizatu egiten da: gauza berriak probatzea da kontua. Coca Cola beharrean Pepsi aukeratzea bezala. Eta poztu beharko ginateke akaso. Entzutearen poderioz eta banalizazioaren bidetik, orain arte onartu gaitza, normal (nahigarri, inkluso) bilakatzea lortuko delakoan.

Baina, ez dakit pozten naizen!

emakumea, homosexualitatea, publizitatea
Arantza San Sebastian

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

3 pentsamendu “Homofobiatik homofiliara”-ri buruz

  • Uler daiteke ere transgresioa (betikoarekin ez geratzea) bere lagunaren bikotearekin liatzea dela (bekatu sozial mortala gu bizi garen inguru hauetan), irekita uzten du, ta nahiago dut hori pentsatu. Monogamiaren aurkako bala moduan ikusita dotoreagoa da.

  • Zer uste zenuten ba? Horixe da ba normaltasuna: onerako, txarrerako, fribolorako, sakonerako, dena delakorako…

    • Arantza San Sebastian

      Egia da, Irala. Hala beharko du. Orain arte ezagutu dugun “fobia” (beldurra, gorroto, jazarpena, tolerantzia eza…) baino, normalizazioa hobe. Dena dela, lastima da dena objektu bilakatzea!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude