Hildakoak paperetan (I.)

Prentsan, hildako jendearen argazkiak azaltzen direnean berehala zabaltzen da kezka, ea beharrezkoa ote zen erakustea, ea ez diren errespetu falta… Zuek ere ikusi dituzuenez hilda zegoen jendeari nik ateratako argazkiak, nire burutazioak bertan idaztea otu zait.

Hilda dagoen norbaiten aurrean egotea suertatzen bazait, kamera eskuetan, lehenengo eta behin galdera batzuk egiten dizkiot nire buruari: Zer gertatu da? Gertakari huts edo anekdota izaera gainditzen du? Gertatu da ala gertatu dut/dugu/du/dute? Kontatzeak merezi du? Argazki batek zer gehituko lioke? Nolako argazkia?

Arazoa, garai batean El Caso bezalako berripaperek kontatzen zizkiguten gertakari hutsal asko eta asko gaur egun kazeta arruntek kontatzen dizkigutelako sortu da.

Azkena ikustea tokatu zaidan hildakoa orain 2 aste izan zen. Ikusi, pentsatu, eztabaidatu (3 argazkilari ginen) eta bakoitzak ahal/nahi zuena egin zuen. Nik Argazkia atera nuen.

Igande goiza zen, Aberri eguna, alderdi desberdinek ekintza desberdinak antolatu zituzten eta niri Hamaikabat! alderdiak Urgul mendian egin behar zuen ekitaldira joatea suertatu zitzaidan. Bada, prentsan irakurria izango duzuenez, ekitaldira joateko prest zegoen Jose Manuel Uribarri, alderdiko exekutibako kideari bihotzekoak eman zion. Guk ez genuen ikusi, alderdiko prentsa arduradunarekin ginen eta Urgulen gora oinez hasi ginen arte ez zuten deus esan. Ekitaldia egin eta berriro alde zaharrera jaitsi ginelarik, bertan ikusi genituen anbulantzia pare bat, Ertzaintzako kide batzuk eta jendea inguruan; Hiru argazkilariak elkarri begiratu eta betiko kezka sortu zen: egin behar da, egin daiteke, ezin da egin, ez genuke egin beharko…

Nik nire ustea argitu nien beste bi kideei: Gertakari soil bat da (hurbilekoentzat deus ez da gertakari soila, badakit) , norbaiti bihotzekoak eman diolako, baina norbait hori, norbait ezaguna da (Politikoa, kargu publiko izandakoa…) eta ekitaldi konkretu batera zihoala gertatu zaio. Nik argazkia aterako dut, baina gertatu dela kontatzeko balio duen argazki bat bakarrik  behar dut, hildakoaren aurpegiak ez didalako deus berezirik eskaintzen, izena badaukagu eta badakit argazkiak ez duela garrantzia izan dezakeen ezer gehituko, beraz  nik anbulantziak ikusten diren argazki soil bat egingo dut.

Eta hau egin nuen:

Oraindik sorosleak Uribarri jauna erreanimatzeko saiakerak egiten zebiltzan, baina ez zirudien irtengo zenik.

Nik ikusi duzuen argazkia atera nuen. Badakit gutako batek beste zerbait ateratzeko ahalegina egin zuela, aurretik hirurok argi esan arren ez ziola hildakoa erakusteak argazkiari edo berriari ezer gehitzen. Baina bakoitzak jakingo du ze motatako presioak dituen lanean hori atera behar izateko eta zer nolako ahaleginak egiten dituen bere ustez etikoa ez dena ez egiteko. Egia da argazkiak ez zirela argitaratu, baina nik atera eta entregatu egin nuen. Neure erabakiz.

Kasu hau azkena izan da, aurrez esan bezala, baina hildako gehiago ikusi ditut. Trafiko istripuz hildakoak ikusi ditut, atentatuz eraildakoak, lan istripuak, eritasun edo gaixotasunez hildakoek ere tokatu zaizkit eta behin balkoi batetik erorita zendu zen mutiko gazte bat ere bai. Batzuk parean tokatu zaizkit, kasualitatez edo, baina beste batzuetara espresuki bidali izan naute argazkiak ateratzera. Aurreko egunean zendu eta hil kaperan, kutxaren tapa kenduta zuen gorpu bat ikustera zetozen jende esanguratsuari argazkiak ateratzera ere bidali ninduten behin, aukeran hildakoa ere erretratatzeko  “enkargoarekin”.

Denetan eman dizkiot bueltak buruari. Ez dut denetan atera argazkia, baina denetan hausnartu dut bai edo ez, zergatik, ateratzekotan zeri, nola, nondik eta antzekoak. Baina ez da erreza izaten.

(Jarraituko du)

hildakoak

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

3 pentsamendu “Hildakoak paperetan (I.)”-ri buruz

  • Lander Garro
    landergarro 2011-05-09 13:06

    Eztabaida interesgarria, Gari. Niri ere tokatu izan zaizkit hildakoak, eta ez da erabaki sinplea. Hildakoa maindireaz estalia agertzea da irtenbideetako bat, baina senideei horrek ere min eragiten omen die. Hitza egunkarian halako bat zentsuratu zidaten behin, eta ulertu gabe jarraitzen dut. Euskal prentsan, sarritan, arrazoi abstraktuak gailentzen dira (akaso familia minduko dugu), eta tangibleak baztertzen dira: gertatutakoa erakusten du, albistea osatzen du. Beste behin, adibidez, bere buruaz beste egiten saiatutako gizon bat aurkitu nuen ibaian, bizirik, eta hari argazkiak egin nizkion (imaginatu inguruko zalaparta, ertzain, kurioso, erizain…), baina erredakzioan esan zidaten ezin zela argitaratu, horrek beste norbait bultza zezakeelako bere buruaz beste egitera! (Euskal prentsaren ‘arrazoiak’; kazetariak psikoanalista!). AEBen kasuan, bestetik, hildakoak agertzea gerra propaganda hutsa da; ez dira, ez, hildakoen familiengatik kezkatzen hasiko…! Osamarena, azkenik, ez dute erakutsi. Eta, egon zaitezte segur, hori hala gertatu bada, hildakorik ez dagoelako seinale: dena asmakizun!

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-05-11 10:10

    Ez da, ez, sinplea, baina niri, konplexua baino gehiago zaila iruditzen zait hori erabakitzea. Prentsako argazkilari batek galdera hori egoera askotan egingo duela pentsatzen dut (beno, batzuk ez), eta nago heriotzen kasuetan ez ote zaion duena baino traszendentzia gehiago ematen. Mindu daitekena familia eta gertukoak dira, ez? Beno, hori heriotzen kasuan eta beste askotan ere gertatzen da, ez? Nik uste erantzunak, zuk egin bezala, norberaren baitan izan behar duela. Norberak ikusi behar duela egoera baten argazkia egin eta argitaratzeko egokitasun maila, eta horrekin batera zein argazki mota, zenbateraino esplizito, etab.

  • […] Joan zen maiatzean Gari Garaialde argazkilariak bere blogean gaiari heldu zion: "Hildakoak paperetan". […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude