Hendaian nago xoraturikan…

Hendaian nago xoraturikan…Iparraldeko ikastolan haurrak ditugun gurasooi, makina bat bider eskatzen zaigu —geure diru-kuota ordaintzeaz gain—, lan hau eta beste hura egiteko “euskararen kausaren izenean”. Eta hala ikusiko gaituzu kalean maiatzeko liliak saltzen, zozketetarako txartelak edota Herri Urratseko tabernan Ricardak zerbitzatzen. Horiez gain, beste hamaika halako ere bai. Baina egia, lan horietan hainbeste gurasok galtzen dugun indarra beste nolabait “benetan” dirua ateratzen emango bagenu, honez gero Seaskak ez leukake arazo ekonomikorik. Hori esaten baduzu, ordea —helburua dirua ateratzea bada lan emankorragoak badirela—, esango dizute ez dela diruagatik bakarrik, dirua ez dela ia batere ateratzen baina “euskal giroa” sortzeko ere egiten dela hori guztia. Eta halaxe ikusiko gaituzu “baserritar jantzita” noiznahi, ezinezko jatortasun baten bila, taloak Peio eta Pantxoaren musika gogaikarripean saltzen. Etorri, bestela, larunbat arratsalde honetan bertan hori egiaztatzera Portu Zaharrera. Eta hala, hemen euskara beti lotzen zaio joandako garaiari, arkadia ezinezko bati, folklore kitsch bati. Eta nik diot: horretarako behar al da hainbeste neke? Iritsiko ote da eguna euskara Iparraldean, txapelari, folklore zatarrari eta abarrari lotu ordez, surfari, berrikuntzari eta Nasako koheteei lotuko zaiena? Iritsiko ote da eguna erresistentziako gai baino, etorkizuneko tresna erakargarri egingo duguna? Zein funts du honek guzti honek? Zertarako segitu erosioa apur bat geldotzearen itxurak egiten?

Hendaian nago xoraturikan…
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude